Berrikuntza teknologikoak

Internet bidez erosketak egiten dituzu? Segurtasunez ibiltzeko gakoak

kreditu-txartela

Teknologiari esker internet erosketak egiteko beste baliabide bat bilakatu da. Asko dira internet bidezko sal-erosketak eskaintzen dituen onurak: edozein tokitan eta tokitako produktuak erosi ahal izatea, denboraren mugarik ez izatea, produktu edo zerbitzu gehiago ezagutzeko aukera… Baina bezero edo erabiltzailearekiko arriskuak ere baditu, segurtasun aldetik batez ere. Ondo dago baldintza eta gakoak ezagutzea.

erosteko-botoia

Ikus ditzagun internet bidez erosterakoan kontutan izan beharko genituzkeen oinarrizko ezaugarri batzuk:

Denda edo saltzailearen ospe edo erreputazioa

Produktu bat bila zabiltza interneten nabigatzen eta webgune ezberdinetan prezioak ikusi eta bat aukeratu duzu. Kontutan izan: ezagutzen duzu webgune edo plataforma hori? nolakoa da webgunea, txukun diseinatuta dago eta erabiltzeko erraza? zein eta zenbat aukera ematen ditu ordaintzeko? atzean dagoen enpresa argi ikusten da? izena sarean bilatu eta zer komentatzen dute beste erabiltzaileek?

Erosi baino lehen, galdera hauek erantzuteko tartea hartu eta argi ikusi ezean, ez erosi horretan. Iruzurrak ekiditzeko, hobeto ziurtasunez jokatzea.

Ordainketa egiteko aukerak

Ganorazko onlineko denda batek ordainketa egiteko aukera ezberdinak eskaini beharko lituzke. Ohiko eta oinarrizkoenak: orainketa egiteko baliabidea (beste aparteko plataforma batekin lotzea), kreditu-txartelak (3D Secure sistemarekin edo banketxeko aparteko baieztapen-kodigorik gabe) eta Paypal bidez.

Bestalde, kobrantza zein monetatan egingo den ziurtatu behar da. Nazioarteko salmenta plataformak direnean, gehienetan moneta aukeratzeko ematen dute, baina atzerriko webguneak direnean, agian dolar edo liberatan kobratzen dute.

kreditu-txartela2

Produktuen jasoketa

Eskaera behin-betiko burutzeko botoia sakatu aurretik, ondo begiratu produktuak bidaltzeko aurreikusten diren epeak eta honen inguruko baldintzak:

  • Bidalketak zein kostua dauka
  • Zein garraio-enpresaren bidez helduko da? Enpresa horren kontaktua eta honek kudeaketarako sortu duen kontrol-kodea emango dizute?
  • Jasoketa epea kudeatzeko baliabiderik eskaintzen dute? Agian ez zuzenean erosi duzun webgunean, baina bidalketa egingo duen garraio-enpresaren bitartez.

Produktuen itzultzea

e-commerce edo onlineko salmenta plataforma guztietan baldintzak ez dira berdinak izaten. Erosi baino lehen ondo baieztatu beharreko baldintzak dira:

  • Produktuen itzultzea egiteko aukera eskaintzen du?
  • Itzultzea ahalbidetzen da edo soilik aldaketa egitea?
  • Kosturik gabeko itzultzea da? Zein baldintzatan? Garraio-enpresa deitu eta beraiek arduratzen dira produktua jasotzeaz edo zuk zure kabuz egin behar duzu?

Bezeroarenganako laguntza

Webgune edo plataforman argi eta erraz topatu behar dira bezeroarenganako laguntza zerbitzuarekin lotzeko aukera: telefonorik al dago? posta elektronikoa edo inprimakia argi aurkitu daiteke? zalantzak argitu daitezke erosi baino lehen?

Hobeen prestatuta dauden webguneak egun zuzeneko txat-a eskaintzen dute, zalantzak argitu eta laguntza berehala eskaintzeko.

erosketa-elektronikoa

Adi egon beste baldintzekin…

Salmenta egiten duten webgune eta plataformek derrigorrez oinarri eta baldintza legalak azaltzen dituen atala izan behar dute. Inoiz ez diogu honi arreta handirik eskaintzen, baina derrigorrezkoa izan beharko litzateke aurretiaz irakurtzea.

Zer agertzen da atal honetan?

Salmenta eta produktuen inguruko informazio osoa bilduta: bidalketarako baldintzak; itzultzeko aukera eta baldintzak; garantia, berme eta saltzaile eta eroslearen eskubideak; zergak…

Zein den saltzailea, atzean dagoen nepresaren datuak eta informazio-fiskala.

Datuen babesa: eroslearen datuak jasotzen ditu honelako plataforma batek, gure datu pertsonal eta pribatu ugari: izen-abizenak, helbidea, ordainketa egiteko sistemaren arabera kontu-korronte, kreditu-txartelaren… datuak, etab. Beraz, datu hauei eskainiko duten babesa eta segurtasun neurriak argi agertu behar dira.

Interneten burututako erosketen kudeaketa

Salmenta-puntu fisikoetan egiten dugun bezala, erosketetako tiketak gordetzen ditugula, internet bidez egindako erosketen agiriak ere gorde behar ditugu.

Erosketaren laburpena biltzen duen posta elektronikoa izaten da jasotzen dugun lehenengo agiria. Horretan erosketa zenbakia edo kodea agertuko da eta suerta daitezkeen ondorengo eskakizun edo erreklamazioetan baliogarria izango zaigu.

Produktua jasotzen dugunean, bai paketean bertan edo bai posta elektronikoz, erosketa horren faktura heldu behar zaigu. Eta hau ohikoa den moduan gorde beharko dugu.

internet-bidez-erosi

Gezurrezko eskaintzak

Izena eman dugun salmenta-plataforma edo webguneen erregistroa eramatea gomendagarria da eta, ahal den neurrian, iruzur edo gezurrezkoak izan daitezkeen eskaintza eta mezuak jasotzea ekiditzea. Honetarako, ez onartu posta elektronikoz heltzen zaizkigun publizitate mezurik, zuretzako ezagunak eta erabiliak ez badira behintzat.

Bestalde, mezu horiek guk aurretik izena eman eta onespena eman gabe jasotzen baditugu, salaketa egiteko eskubidea daukagu, webgune, enpresa edo igorle horrek ez duelako gure datu pertsonalak behar bezala babestu. Horregatik hain garrantzitsua da lehenago aipatutako baldintzen atala ondo irakurtzea, gure datuak beste hirugarren bati ez dizkietela luzatuko bermatzeko.

Antibirus egokia izan

Iruzurrak ekiditzeko eta gailuetan birusak saihesteko beharrezkoa da antibirus egokia eta eguneratuta izatea. Interneteko nabigatzailearen bertsioa ere eguneratuta izatea komeni da.

Nabigazio pribatua

Erosketa partekatutako edo publikoki erabilgarri dauden gailuen bidez egiten denean, egokiena nabigazio pribatuko leihatila zabaltzea da eta ekintza burutu ondoren sesioa ixtea.

 

Orain badakizu internet bidez erosi nahi baduzu zer izan behar duzun kontutan. Orain arte saiakerarik egin ez baduzu beldur edo ez jakintasunagatik, gako hauei arreta jarriz ez duzu arazorik izango. Eskarmentudun eroslea bazara, ez dago gaizki ere arreta berezia jartzea, nahiz eta eman behar diren pausuak ezagutu.

Badakizu, segurtasunez erosi internet bidez!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu