Atzo, martxoak 16, argitaratu zutenaren arabera, Instagramek utziko dio orden kronologikoaren arabera edukia erakusteari. Eta horren ordez, guretzat nabarmenagoak diren edukiak ikusten hasiko gara plataforman sartzerakoan.
Bere sorkuntzatik, orain dela 5 urte, gaur egun arte, Instagramek orden kronologikoa erabili du argazkiak zein bideoak erakusteko modu bakarra bezala, publizitatearen salbuespenarekin, gure gustuen arabera agertzen zaiguna.
Aldaketa hau hurrengo hileetan apurka-apurka implementatzen joango da. Eta gure timeline Facebooken antzerakoa bihurtuko da, erabiltzaileari gehien interesatzen zaizkion edukiei lehentasuna ematen.
Egia esan, ez dago oso argi zer hartuko duten kontutan edukia erakusterakoan, beraien esanetan “faktore asko” hartuko dituztelako kontutan formula hori gauzatzeko, hala nola, erabiltzaileen arteko harremana, interesak eta abar. Aitortu dute ere, erabiliko duten feed hori denborarekin hobekuntzak jasotzen joango dela etengabe eta noski, argitaratzen diren argazki eta bideo guztiak ikusteko aukera ez dugula galduko.
Erabiltzaile gehienak edukiaren %70a galtzen ari direla gaur egungo sistemarekin ziurtatzen dute Instagrametik, sare soziala hazten joan da etengabe eta partekatzen den guztia ikustea ezinezkoa bihurtu dela adierazten dute, eta ondorioz, gehien interesatuko litzaigukeen edukia galtzen ari garela. Sistema berriarekin hau ez dela gertatuko uste dute. Eta zuk??