2015a gogotsu hasi dugu eta Euskararen Etxean publiko eta arlo ezberdinetara zuzendutako jarduera nahikotxo prestatzen gabiltza.
Aurrekoan Sabeletik munduraren hitzaldiari buruz aritu ginen. Oraingoan hilaren azken egunetan ospatuko dugun Instagram sare sozialari buruzko ikastaro – lantegia izango da.
Instagram argazki eta bideoak partekatzeko sare soziala da, azken urtean oso famatua bilakatu dena. Sakelako telefonoarekin ateratako argazkia moldatu, filtro, marko, zein koloreen zenbait aldaketa eginez eta plataforma honetan zabaltzean datza Instagrameko muina.
2010eko bukaeran sortutako plataforma da Instagram, Kevin Systrom eta Mike Kriegeren eskutik eta hasieratik nahiko famatua bilakatu zen. 2014ko abenduan 300 milioi erabiltzailetik gorako marka gainditu zuen.
Egun argazkiak eta 15 segundutako bideoak partekatu daitezke Instagramen. Tresnak eskaintzen dituen baliabideei esker argazkiak modu errazean moldatu eta partekatu daitezke. Lortzen diren efektu ezberdinak direla eta, irudiek beste itxura bat hartzen dute eta horregatik askotan esaten da Instagramek argazkilari onak garelakoaren itxura ematen digula.
Baina Instagram guzti hau baino askoz gehiago da ere. Argazki eta bideo hauen bidez erabiltzaileek eguneroko bizimoduko egoera ezberdinak partekatzen dituzte eta hau kultura era berezia bilakatu da; horrela, jarduera edo zaletasunei buruzko korronte nabarmenak sortu dira. Egun, badago hainbat ekintza etengabe zabaltzen direnak Instagramen: janari eta sukaldaritzari buruzko argazkiak, moda, paisaia, arkitektura, argazkigintza, natura, sormena …
Eta guzti hauekin lotutako interakzio aukerak sortu dira ere: erabiltzaile taldeak, erronkak, lehiaketak, negozioentzako aukera berriak eta abar luze bat.
Guzti honetaz hitz egingo dugu antolatu dugun ikastaro lantegian. Ez da izango saio teorikoa eta helburua da lantzen den edukia zuzenean praktikan ipintzea eta bertaratuko diren lagun guztiak Instagram erabiltzen hastea egun horretan bertan. Beraz, gogoa eta sakelako telefonoa besterik ez dira behar honetara etortzeko.
Urtarrilaren 28an, asteazkenaz, arratsaldeko 6etatik aurrera bi ordutako saioa ospatuko dugu. Euskararen Etxean izango da eta plataforma honi beldurra kentzeko eta honetan partekatzen hasteko lehen pausuak emango ditugu.
Gainera, Instagramen euskal komunitate indartsua sortzen ari da eta horri buruz mintzatzeko aukera ezin hobea izango dugu.
Zer egin behar da ikastaro lantegi honetan parte hartu ahal izateko? Smartphonea ekarri (aplikazioa deskargatuta ahal izanez gero) eta izena eman hemen, besterik ez!
Emailea: Amaia Ocerin (Azkue Fundazioko teknikaria)