Instagram sare sozial ospetsua bilakatu da azken hilabetetan batez ere. Egun, argazki eta bideo laburrak partekatzeko erabiltzen den sare sozial honek 300 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. Plataforma honetan egunerokotasunean gertatutakoak, aldarrikapenak, artea, sormena eta abar luze bat dela medio, gure bizitzaren zati bat partekatzen dugu baita ere.
Euskaldun asko dago Instagramen. Sare honetan guk ere gure hizkuntzan eta gure gauzak partekatzeko txokoa aurkitu dugu. Eta taldea apurka-apurka handituz doala esan behar dugu eta gero eta lagun gehiagok argazkiei lotutako testuak euskaraz zabaltzen dituzte.
Bestalde, plataforma hau erabiltzen ikasteko jakinmina dago eta hori aprobetxatuz guk 2014ko bukaeran Euskararen Etxean Instagram erabiltzen ikasteko ikastaroa antolatu genuen (hemen eskuliburua eskuragarri), euskaldunontzat modu atseginez gure izaera, bizimodu eta abarrak zabaltzeko tresna aproposa izan zitekelakoan eta gainera gure artean ere harremana eta lotura egiteko aukera ematen duelako. Deialdiak izugarrizko arrakasta eta interesa piztu zuen eta bat ezezik, hiru saio antolatu behar izan genituen.
2014ko azaroan ere Igerrak komunitatea sortu zen, Instagrameko erabiltzaile euskaldunen taldea. Sare honetan euskaldunok elkar ezagutzeko lekua eta aukera izan dugu, beste lagun batzuen bizimodua ezagutu eta elkarren arteko harremana sendotzeko ekimen ezberdinetan parte hartzeko aukera dugu. Horrela, taldearen arduradunek lehiaketak eta erronkak proposatzen dituzte.
Sei hilabete eskasetan Igerrakek 1400 jarraitzaile baino gehiago lortu ditu eta aurrera egiteko indartsu dabil.
Beraiekin batera lankidetzan aritu gara udaberri honetan eta Loraldia egitasmoarekin lotutako lehiaketa bat bideratu dugu Instagramen elkarrekin: bost astez erabiltzaileek erronka ezberdinei erantzun behar izan dizkiete eta gai ezberdinekin lotutako argazki lehiaketa egin dugu.
Esperientzia polita eta aberasgarria izan da: ia 1200 argazki partekatu izan dira eta astero hamar onenak aukeratzen genituen. Guztira 50 argazki izan dira hautatuak eta horiekin erakusketa bat antolatu dugu Euskararen Etxean. Jada ikusgai dago eta uda osoan zehar zabalik egongo da.
Izan ere, datorren larunbatean, ekainaren 13an, Igerrak komunitatearen lehenengo topaketa ospatuko dute Bilbon.
Egun horretan Bilbo Instagrameko erabiltzaile euskaldunen bilgunea bilakatu eta hainbat ekimen bideratuko dira egun osoan zehar: Euskararen Etxea bisita eta erakusketari hasiera emateko ekitalditxoa, lehiaketak, bisita gidatua itsasadarrean zehar, bazkaria, pintxo poteoa…
Helburuak: elkar ezagutzea, Euskal Herri osoko lagunak etorriko direla aprobetxatuz; asko partekatu eta ikasi; giro ezin hobean sarea osatu eta ondo pasatzea.
Hemen duzu egun horretarako prestatu izan dutena. Izena eman nahi baduzu, garaiz zaude oraindik.
Animatu!
[…] Instagram: 300 milioi erabiltzaile. Argazkietarako sare soziala. Azken urtetan nabarmen hazi den sare soziala da. Ba al dakizu euskaldunok Instagramen jarduera nabarmena dugula? […]
[…] noski, euskararentzat ere lekua dago, hori dela eta azkenaldian asko izaten ari dira sarean sortzen ari diren komunitateak eta lehiaketak. Gu oraintxe plazaratu berri dugu #Esaera_zaharrak lehiaketa sare honetan, euskal […]