Uztailaren 22 eta 25 artean Bilbao Exhibition Centren egingo den ordenagailu-festak elkarren artean konektatutako ordenagailu-sare erraldoia izango du, 512 ordenagailu-postu gehiago eskainiz, 35.000 metro koadroko azalera batean. Lau egunetan zehar, etenik gabeko jarduera izango da, software librea, hardwarea, sormen digitala eta bideojokoak ardatz dituzten dozenaka ekintza eta lehiaketarekin.
Euskaltel Konekta Fundazioak antolatuta eta SPRIk babestutako hitzordua Estatuan egiten den informatika eta bideo-joko zaleen bilkura handi eta zaharrena da.
Urtero-urtero gora doa Encounterraren parte hartzaile kopurua. Hori dela eta, aurten ordenagailu postu gehiago (512) jarri dituzte eskura antolatzaileek. Hori horrela izanik ere, lau egunetarako sarrerak arin batean agortu dira, bost minutu eskasean. Iaz sei minututan amaitu ziren.
Euskal Encounter 24. edizio honetan konexio-abiadura segundoko 40 giga simetrikokoa izango da (datuen igoerarako 40 giga eta jaitsierarako beste 40). Abiadura horri esker, “munduko informatika-topaketa azkarrenetarikoa” bilakatu da Euskal Encounter, Euskalteleko iturriek nabarmendu dutenez.
Berrikuntza gisa, Opengunea, doakoa eta publikoari irekia den gunea, ordenagailuen eremuan bertan kokatuko da. Hala, elkarrekintza sustatuko da parte hartzaileen eta stand, hitzaldi zein tailerretara gerturatzen diren bisitarien artean. Opengunean 30 formakuntza-saio baino gehiago eskainiko dituzte, gai anitzen inguruan: programazioa, diseinu digitala, sare sozialak, robotika eta bideo-jokoak, besteak beste. Gainera, Euskal Encounter barrutik ezagutu eta parte-hartzaileei erreserbatutako lehiaketetan parte hartu nahi dutenek, topaketan bertan salgai jarriko diren eguneko sarrerak eskuratu ahal izango dituzte.
Encounterraren antolatzaileek azpimarratu dutenez, BECeko hitzorduak “hainbat sektoretako profesional eta zaleen arteko hartu-emana bultzatzeko apustua egiten du, talentu teknologikoak suspertu eta negozio ideia berriei bidea emateko”.