Teknologia edo ingurune digitala arrotz egiten zaizun horietakoa bazara, baina zure seme-alabak honetan segurtasunez eta modu egokian aritzeak arduratzen bazaizu, artikulu honetan oinarrizko ohar batzuk emango dizkizugu. Troll, profila, txio eta horrelako terminoak entzuterakoan bihotzekoa emango dizula sentitzen baduzu, ezjakintasunak jota, lasai egon. Segi irakurtzen eta jokatzeko gakoak ezagutuko dituzu.
Nola babestu haurrak ingurune digital ezezagunean? Eta interneten? Zer jakin behar dute gurasoek seme-alabak arlo honetan hezteko? Eta nola bermatu dezakete gurasoek segurtasun digitala seme-alabek arazorik gabe jarduteko? Horrelako galderak sarritan plazaratzen dira eta maiz saio eta ikastaroetan galdetu dizkigute. Guraso askori ingurune digitala arrotz egiten zaie eta eskarmentu faltak segurtasun ezaren sentsazioa sorrarazten die eta arriskuak ikusten dituzte nonahi.
Beste askok seme-alabak arlo honetako terminoak aipatzen entzutearekin batera bihotzekoak joko diela sentitzen dute; troll, horma, profila, txio, youtuberra, like… zorabioa. Horrelakoak sentitzen badituzu zuk ere eta zure seme-alaben segurtasun digitalaren mesedetan oinarrizko ohar batzuk jakin nahi badituzu, segi irakurtzen.
Haurrentzako interneteko segurtasunari buruzko aholkuak
Guraso bezala zure seme-alabak segurtasunez nabigatu eta ingurune digitalean dauden arriskuak ekidin nahi dituzu. Hasteko, jakizu internet edo ingurune digitala ez dela mamua. Arriskuak badaude, noski, baina horietaz kontzientzia hartu eta aurre egiteko neurri batzuk kontuan izanda, seme-alabei autonomoki jarduteko tresna eta baliabideak eskaini behar dizkiegu. Konponbidea ez da erabiltzea debekatzea edo eragoztea.
Heztean dago gakoa. Autonomoak izaten ikastea, jarduera egokia izatea eta dauden arriskuak ezagutzea. Sarean informazioa partekatzeak ondorioak dituela jakin behar dute haurrek, erabiltzaile bilakatzen direnetik.
Bide honetan, gurasoek informazioa helarazten laguntza eskaini diezaiekete, beraiekin egoten eta sortuko zaizkien egoera eta zalantzei beraiekin batera aurre egiten. Honetaz gain, gailuak doitu ditzakete, eduki batzuetara heltzea eragozteko eta haurren jardueren gaineko monitorizazioa egiteko.
Ingurune digitalean segurtasuna bermatzeko oinarrizko gomendio batzuk partekatzen ditugu:
Haurrekin interneteko segurtasunari buruz mintzatu
Teknologiaren erabileraren alorrean familian zein arau eta erantzukizuna itxaroten den ezarri eta argi azaldu. Teknologiaren erabilera kudeatzeko oinarrizko ezaugarriak eta baldintzak azaldu, arau batzuk ezarri eta erabilera desegokiak ekarriko lituzken ondorioak argi utzi. Mezu positiboak eman, baina beti arau eta ondorioak azpimarratuz. Eta kasu guztietan lasaitasunez gurasoekin mintzatzeko askatasuna izango dutela transmititu, gertatu zaiena kontatzeko eta arazoren bat izatekotan laguntza eskatzeko.
Helburua, segurtasunez aritzeko oinarria jartzea da, baina baita, egoera zailetan laguntza eskatzeko aukerak erraztea ere.
Teknologia elkarrekin erabili
Konfiantzazko giroa sustatuko da horrela eta familiako kide guztiek batzuk besteengandik ikasiko dute eta zalantzak argitzeko aukera izango dute gurasoek. Aldi berean, haurrek eskuratutako gaitasunak frogatuko dituzte.
Ingurune digitaleko baliabide, webgune, zerbitzu eta abarrei buruz hitz egin
Gurasoek haurrak gustuko dituzten baliabide eta guneek ezagutu behar dituzte eta baieztatu ia horiek beraien adin eta baldintzetarako egokiak diren.
Pasahitzen babesa bermatu
Pasahitzen kudeaketa egokiaren inguruan hezi. Bai sortzeko unean, bai sekretu pean mantentzeko beharraz, eta bai eguneroko kudeaketan. Webgune eta aplikazioen erabilera bukatzen dutenean saioak ixtearen garrantziaz ohartu. Eta etxetik kanpo izaten duten jardueren inguruan ohartarazi, ikastetxe edo beste leku batzuetako gailuak erabiltzerakoan, WiFi saretara konektatzen direnean…
Pribatutasunaren ezarpenak eta edukiak partekatzeko kontrolak doitu
Ingurune digitalean leku askotan argazki, bideo, edukiak, egoeraren eguneratzeak eta abar partekatu daitezke, sare sozialetatik hasita eta hainbat onlineko joko, aplikazio eta abarretan. Zerbitzu hauek gehienetan pribatutasun neurriak doitzeko aukerak eskaintzen dituzte, edukiak zeinek ikusiko dituen aldez aurretik zehazten laguntzen dutenak. Haurrekin mintzatu sarean zein eduki mota partekatu dezaketen zehazteko. Bai eurenak diren edukiak eta batez ere beste hirugarren batzuei buruzkoak, pribatutasuna bermatzeko.
Honi buruz duela gutxi mintzatu ginen hemen, artikulu honetan: Haurrek sarean partekatu behar ez dituztela ikasi behar duten 8 datu.
Adinaren alorreko baldintzak berrikusi eta baieztatu
Ingurune digitalean erabiltzen ditugun aplikazio eta zerbitzu askok hauek erabiltzeko gutxieneko adin bat zehazten dute. Adibidez, Googlen kontu bat zabaldu ahal izateko badago horrelako arau bat, gutxienez 14 urte izan behar direla zehazten duena; Googleko beste zerbitzu batzuk erabili hala izateko 18 urte izan behar da.
Beraz, haurrak horrelako aplikazioren bat, sare sozial, joko eta abar erabiltzen hasi baino lehen, gurasoen ardura da bakoitzean zehazten diren baldintza zehatzak ezagutzea eta haurrekin gai honi buruz mintzatzea. Oso ohikoa izan den kasu bat, adibide moduan: haurrek Call of Duty bideo-jokoa erabili nahi izatea, baina hau erabili hala izateko, jokoaren enpresa sortzaileak 18 urte izatea eskatzen du. Haurrak dendara joan jokoaren bila eta saltzaileek ez saltzea gertatu izan da, adingabekoei saltzea debekatzen zaielako; edo gurasoak erosten saiatzea eta saltzaileak egoeraz ohartaraztea.
Sare sozialek ere erabiltzen hasteko gutxieneko adina eskatzen dute. Adin hau zein den sare sozial bakoitzean ezagutu nahi baduzu, artikulu honetan landu genuen gaia: Zein adinekin has daitezke haurrak sare sozialak erabiltzen?
Haurrak komunikatzeko modu arduratsuan hezi
Gai honi buruz sentsibilizatzeko oso egokia izaten da oinarrizko arau hau: aurpegira esaten ausartzen ez zaren hori, ez idatzi inoiz berehalako mezularitzako aplikazio, Txat, SMS edo dena delakoan. Sarean komunikatzeko modu egokiaren arautegia adostu familiako kideekin eta haurrak ohartarazi interneten esaten diren gauzak ondorio kaltegarriak izan ditzaketela.
Beste heldu batzuekin hitz egin
Beste heldu eta haurrekin lan egiten duten profesionalekin iritziak, aholkuak eta abar partekatzeak lagunduko zaitu: zalantzak argitzeko, zein ohitura edo moda sortzen diren ezagutzeko, antzeko beste egoera batzuetan hartutako erabakiak eta egoera bideratzeko egin diren ekintzak ezagutzeko eta abar. Azkenean, zure seme-alabak ez dira isolatuak bizi eta etengabe beste haur batzuekin erlazionatzen dira. Harreman hauetatik kontsumorako joerak, zaletasunak, interesak eta abar pizten zaizkie eta denak daude antzeko egoeran.
Zure seme-alabekin harremanetan dauden profesionalek (irakasle, begirale, entrenatzaile, orientatzaileak…) egoera ezagutuko dute eta lagungarriak izango zaizkizu.
Zure ordenagailua eta nortasuna babestu
Antibirus programak erabili eta eguneratuta mantentzea oso garrantzitsua da zure segurtasunerako. Familiako kideekin hitz egin sarean partekatu ezin diren datu pribatu eta pertsonalez (banketxeko kontuei buruzko datuak, telefono zenbakia, helbideak…).
Haurrek sarean ezezagunek bidalitako mezu eta fitxategiak ez dituztela zabaldu behar ulertzea oso garrantzitsua da.
Erne ibili
Segurtasuna ez da garai batean guztion ahotan dabilen gaia; etengabe kontuan izatekoa da eta, gainera, teknologiaren bilakaera ematen den heinean, zure familiaren beharrak aldatu egingo dira baita ere. Elkarrizketa jarraitua izan behar duzu haurrekin: zertan dabiltzan ezagutu, zeintzuk dira euren kezkak eta abar. Agian adostutako arauak berregin beharko dituzue, egoera, erabilera eta gertatu diren gauzen arabera. Gaia modu jarraituan landu familian.