Euskal egitasmoak Euskara ingurune digitalean

Artizarra sarea euskal ikerlari eta profesionalak harremanetan jartzeko plataforma

Udako Euskal Unibertsitateak Artizarra sare soziala aurkeztu du, euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala.

 

Artizarra sare sozial berriaren helburu nagusia «ikertzaile eta profesionalen arteko harremanak» erraztea da, kontuan hartuta bide arina dela kontaktuak egiteko eta horiek «kudeatzeko tresna egokia». Izan ere, Linkedin, lan harremanen arloan, eta Google Scholar edo Research Gate, arlo akademikoan, izan dira Artizarraren «inspirazio, baina helburu berri batekin: euskal komunitate zientifiko-teknikoa trinkotzea», sustatzaileak nabarmendu zuenez.

Sare jaioberriaren abiapuntua Inguma.eus datu-basea da. Iñaki Alegriak, UEUko ordezkariak aipatu zuenez, «azken 40 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean idatziz eta ahoz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa» eskaintzen du datu baseak. Horren froga diren datuak ere eman zituen: «Bertan dokumentatuta daude 10.000 bat irakasle, ikerlari, teknikari, 2.500 liburu, 15.000 artikulu zientifiko eta ia 700 doktorego tesi, besteak beste».

Sustatzaileek nabarmendu dutenez, globalizazioa dela edota prekaritatea dela, komunitate zientifikoan mugimendu handia dago eta sarritan denboraren poderioz kontaktua galtzen da. «Sare berriak profesional eta ikertzaile horiek guztiak kontaktuan jarri eta mantendu nahi ditu eta, horrez gain, hainbat aukera eman: laguntza-eskeak eta galdera-erantzunentzako foroak, adituen bilaketak, lagunen jarraipena, norberaren ekoizpena eta curriculuma zabaltzea…».

Oso era grafikoan azaldu zuen Iñaki Alegriak Artizarraren balioa eta beharra Ikergazte kongresuan botatako hausnarketa bat gogora ekarrita, gertatu izan baita Danimarkan aditu baten laguntza bilatzea eta Interneten bidez ondoan zegoela jakitea.

Martxan jarrita, sarean izena emateko aukera dago jada Artizarra.eus gunean. Urtearen amaierarako 500 aditu bildu nahi dituzte sare sozialaren sustatzaileek.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu