Euskal egitasmoak

IKERGAZTE kongresuaren bigarren aldia, maiatzaren 10etik 12ra, Iruñean

ikergazte

Udako Euskal Unibertsitateak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera antolatu du, eta hiru helburu ditu bigarren edizio honek: «Ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotu, haien arteko ezagutza sustatu, eta euskarazko zientzia produkzioa areagotu».

Zer da Ikergazte?

Lehen kongresuan bezala, ikertzaile gazteak bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea izango da bigarren kongresuaren xede nagusia. Bereziki kongresua ikerketa lan baten egile edota tesia bukatzen ari denari  zuzenduta dago kongresua.

Kongresuari hasiera emateko nazioartean izena duen hizlari bat izango dugu. Saio zientifikoetan, jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izango ditugu, bai ahoz aurkeztuta bai poster formatuan. Parte-hartzaileok Euskal Herrian egiten den goi-mailako ikerkuntzaren gaineko ikuspegia izango dugu. Kongresuan parte hartuko dituzten ikertzaileen arteko harremanak errazteko tailer (mintegi) interesgarriak eta saio osagarriak ere izango dira.

Bigarren kongresu honetan, izen handiak daude parte hartzaileen artean, Laurence Tresse, Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria, Jose Ramon Etxebarria, UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea, UEUkidea, Arkaitz Carracedo, Ikerbasque ikertzailea eta CIC bioGUNEn ikerketa taldeburua eta Elin Haf Gruffyd, Aberystwyth unibertsitateko irakasle eta ikertzailea, beste askoren artean.

Programa akademikoari dagokionez, egitarauan lau saio mota egongo dira:

  • Hitzaldi orokorrak: parte hartzaile guztien interesekoak, ikerketari orokorrean, edo euskarazko ikerketari, edo baliabide orokorrei lotutako hitzaldiak izango dira.
  • Ahozko aurkezpenak eta posterrak: Ikertzaileek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko egingo dira. Beraz, bertan, tesiak eta tesinak (bukatuak zein bidean daudenak), bukatutako proiektuak (emaitza zehatzak dituztenak), ondorengo ikerkuntzan landuko diren proiektuak (doktoregoa lortu osteko ikerkuntza). Bilkura ez-espezializatua izanik ez da (oso) testu edo aurkezpen espezializaturik eskatuko. Bost jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, paraleloan programatuko direnak. Ahozko eta posterretako programa arlokako batzordeek erabakiko dute.
  • Tailerrak: jakintza-arloen arteko harremanak lantzeko tresna, mahai-inguru, ekintza praktiko zein hitzaldi motakoak izango dira. Komunikazioa errazteko teknikak, Euskarazko aldizkari zientifikoen etorkizuna, Ingurune digitalaren inguruko ikerketak diziplina aniztasunaren ikuspegitik, e.a.
  • Saio Osagarriak: Ibilbidea Iruñean zehar, GURE SORLEKUAREN BILA dokumentalaren proiekzioa eta ikertzailea-zuzendariarekin solasteko aukera egongo da baita bertso afari ilustratua, beste ekimen askoren artean.

Beraz, euskarazko zientzia produkzioa eta ikertzaileekin biltzeko aukera paregabea!

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu