Hego Euskal Herriko ikastetxe askok gaur zabaltzen dituzte ateak berriro ikasturte berriari hasiera emateko. Gelak berriro ere beteta, motxilak eta oihuak nonahi, umeak arrapaladan… Ikastetxe guztietan gauza bera.
Askorentzat, bai heldu eta bai haur, gaur egun tristea da: oporrak bukatu dira eta berriro ikastera; beste askorentzat, betiko lagunak berriro ikusteko aukera eta hamaika esperientzia berrietarako unea.
Guk ere ikasturte berriari begira gogotsu hastea opatzen dizuegu eta horregatik bideo inspiratzaile hau gomendatu nahi dizuegu. Atsegina, dibertigarria eta motibatzailea. Irakasle eta ikasleek elkarrekin ikusteko aproposa.
Bideo honetan agertzen den haurra Kid President ezizenarekin ezaguna da; bere benetako izena Robbie da eta 9 urtekin ospetsu bihurtu da AEBetan horrelako bideoetan agertu delako. Obama txikia deitzen diote baita ere, presidentearen antzerako jantziak agertzen dituelako.
Baina benetan garrantzitsuena bideo honetan mezua da: atseginak, dibertigarriak eta batez ere baikor eta motibatzaileak dira guztiz.
Honetan azpimarratu beharreko mezu batzuk botatzen dizkigu:
– Historia ez errepikatzeko ikasi behar dugu. Historia egin behar dugu. Historia pertsona arruntek egiten dute. Egin dezagun historia elkarrekin! Elkarrekin zarata handiagoa sortuko dugu.
– Argitsuak izan gaitezke guztiok. Apartekoak izateko unea heldu da.
– Bizitza ikastetxe bat da.
– Guztiok gara irakasleak eta guztiok gara ikasleak.
– Irakasleek, etorkizunean izan gaitezkeen pertsona aurreikusten dute.
– Irakasle batek inspiratzen bazaitu, esaiozu!
– Galdera bat daukat zuretzako: Zuk zer irakasten diozu munduari?
Animatu egiten du horrelakoak entzuteak, ezta?
Bestalde, bideoa bera oso ondo eginda dago, teknikoki, gidoi aldetik, musika (Neurole taldeko Shadow of a Man kanta da)… Esaldi laburrak eta mezu handikoak, zuzenak eta ikusleari begira; haurraren jarrera eta mugimenduak, dantza, tonoa…
Azken finean, oso polita iruditzen zaigu eskolan partekatzeko eta ikasturtea ondo hasteko familia eta irakasle, ikasleek elkarrekin ikusteko.
Ondo hasi ikasturtea!