Nazioarteko Internet Egunerako, Puntu EUS fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak Euskarazko Internet Eguna antolatu dute
Hirugarren edizioa izango da eta Donostian ospatuko dute eta ekitaldia Miramon Parke Teknologikoan izango da maiatzaren 17an, osteguna, arratsaldeko 17:30etan. Ospakizuna UEU-k antolatutako Informatikari Euskaldunen Bilkuraren ostean izango da.
Aurten, mugikorretan jarri dute arreta antolatzaileek; izan ere, azterketa egiten ari dira euskaraz eskuratu daitezkeen mugikorren inguruan. Datuak bildu ahal izateko, Lehen Hitza aplikazioa deskargatzea proposatzen dute mugikorraren marka eta modeloa euskaraz jarri daitekeen jakiteko. Gainera, bi herri sarituko dituzte: bat, .eus domeinu gehien dituena, eta, beste bat, euskarazko webgune gehien dituena. Euskarazko Internet aldarrikatuko dute ekitaldian, eta, bertan, sareko komunitatearen egoera eta erronkak ezagutzera emango dira.
Bestalde, UEU-k IEB2018 Informatikari Euskaldunen XI. Bilkura egingo du egun berean eta burujabetza teknologikoa izango da aurtongo edizioko gaia.
1996an izan zen bilkura hauen lehen edizioa, eta handik hona beste hamar ekitaldi antolatu dira. Emaitzak arrakastatsuak izan dira, batez beste 125 pertsona baino gehiago bildu izan dira jardunaldi bakoitzean, informatikarekin lotura duten hainbat arlotatik etorriak: irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideak nagusiki.
Egungo gizartean aurrera egiteko ezinbestekoa da teknologia. Are gehiago, teknologien eragina gero eta handiagoa da jendartean; bai haren izaeran, bai izango dituen eskubideengan eta baita bere buruaren jabe izateko edukiko dituen tresnetan ere. Teknologia egokiak oinarri izango dira jendarte antolatu eta burujabe bat lortzeko bidean.
Informatikari Euskaldunen Bilkura, teknologia horien inguruko eztabaida martxan jartzeko gune paregabea dela deritzogu. Urteetan izan da eztabaida honetan zeresana duten entitate guztien bilgune; instituzioak, herrigintzatik abiatutako ekimenak, arloko profesionalak eta akademiaren bilgune hain zuzen ere eta aurtengoan, berriro ere bil daitezke burujabetzaren oinarri izan daitezkeen proiektuei buruz hitz egiteko eta teknologia horien ideazio eta ezarpenerako bideak aztertzeko.
Informatikari euskaldunen bilkura izanik, informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua bilkurako gaien artean. Beraz, eta ohi bezala, izandako esperientzien eta garatutako softwarearen berri ematea litzateke asmoa.