Arlo ezberdinetako bederatzi hiztegi terminologiko: Sare sozialak, Azokak, Biltzarrak eta Jendaurreko Ikuskizunak, Garraioa eta Logistika, Ehiza eta Arrantza, Mineralak, Traumatologia, Hiesa eta Mendekotasuna.
Hizkuntza Politika Sailak 13 baliabide aurkeztu ditu euskararen erabilera sustatzeko: Elhuyar Hiztegiaren bertsio berria, hiztegi digital honen aplikazio berritua, bederatzi hiztegi terminologiko, Hiztegibar ‘plug in’-a eta ‘Hizketa ereduak’ argitalpenaren aplikazioa gailu mugikorretarako. Erreminta hauek baliagarriak izango dira gure hizkuntzaren erabilera arlo guztietan errazten jarraitzeko, batez ere lexikoaren eta terminologiaren ikuspegitik. Baliabide hauek guztiak hainbat erakunde, eragile eta aditurekin batera landu dira, eta gaurko aurkezpenean arlo askotako kideak egon dira.
Elhuyar Hiztegi digital ezagunaren azken bertsioa aurkeztu dute. Baliabide hau 2000. urteaz geroztik dago erabilgarri Eusko Jaurlaritzaren webgunean. Euskarazko bigarren webgunerik bisitatuena da eta 2017an 8.887.226 bisita izan zituen (saio ezberdin); hiztegi honi loturiko ikusitako orrialdeak 45.785.359 izan ziren iaz. Orain, edukia berriz ere eguneratzeaz gain, datu-basearen formatua eta interfazea aldatu egin dira, “hiztegiaren funtzionalitatea era nabarmenean hobetuz”.
Webgunea berritzearekin batera, Elhuyar Hiztegiaren aplikazioa ere eraberritu da. Orain arte zeuden bi aplikaziok (bat doakoa eta bestea ordainpekoa) fusionatu dira eta diseinu berria duen app modernoago bat erabil daiteke. Aplikazio berri honetan, gainera, bilaketak konexiorik gabe egin daitezke.
Eusko Jaurlaritzak bederatzi hiztegi terminologiko berri aurkeztu ditu. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta IVAPek finantzatu dituzte hiztegi hauek, eta UZEI izan da hauek egiteko arduraduna.
Hortaz, Terminologia Batzordeak onartu eta gomendatzen du hiztegi hauen terminologia, eta hauen bidez EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoa elikatu da. Harrezkeroztik, Terminologia Batzordeak 58 hiztegi terminologiko eta lan berezi bat (‘Hizketa-ereduak’ / ‘Modelos de conversación’) onartu ditu. Hiztegi guztiak EUSKALTERMen daude integratuta eta pdf formatuan eskura daitezke helbide honetan: www.euskadi.eus/hiztegiak-banku-terminologikoak-eta-entziklopediak/web01-a2eutres/eu/.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Internet Explorererako eta Chromerako Hiztegibar tresnaren ‘plug-in’-a aurkeztu du. Horri esker, nabigatzaile hauetan erabili ahal izango da euskararen gaineko hainbat baliabide batzen dituen tresna-barra hau. ‘Hizketa-ereduak’ argitalpena ere aplikazio bilakatu da Eusko Jaurlaritzaren ekimenez.
Miren Dobaran sailburuordeak euskara arlo guztietan erabilia izateak duen garrantzia nabarmendu du: “Hainbat baliabide berri dakartzagu eta hauen bitartez beste urrats txiki bat emango dugu euskararen erabilera gure eguneroko arlo guztietan normalizatzen jarraitzeko”.