Euskal egitasmoak

Hizkuntza-politika berria egikaritzeko bidea marraztuko da Protokoloaren Euskal Herriko Garapenarekin

protokoloa

Kontseiluaren gidaritzapean, 80 eragilek parte hartu dute dokumentua prestatzen. Protokoloan 185 neurri jaso zituzten, eta horiek izan beharreko ezaugarriak zehaztu dituzte. Euskara bultzatzeko politiketan lehentasunak zertan jarri proposatu dute.

 

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa 2016ko abenduan aurkeztu zuten, Donostiaren 2016ko Kultur Hiriburutzaren barruan. Harrezkero bide luzea egin du dokumentuak: nazioarteko hainbat erakundetara zabaldu dute, eta hizkuntza gutxitu ugariren alde lanean ari diren eragileek hartu dute lanabes gisa.

Euskal Herrirako egokitzapena ere prest da jadanik. Protokoloaren Euskal Herriko Garapena izenburuko dokumentua aurkeztu du Kontseiluak. 80 gizarte eragilek parte hartu dute dokumentua prestatzen. Sei esparrutarako neurriak proposatu dituzte: administrazioa, hezkuntza, eremu sozioekonomikoa, kultura, hedabideak eta ingurune digitala, eta onomastika. Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak zehaztu dituzte, eta, bide horretan, besteak beste, euskara lehenesteko pausoak aldarrikatu dituzte. 185 neurri ditu dokumentuak, protokoloak bezala.

Neurri nagusien artean daude, besteak beste, euskara ofiziala izatea, hizkuntza plangintza zehaztea eta epeak jartzea, murgiltze eredu orokortuari “bide ematea”, helduen euskalduntzearen doakotasuna, kontsumitzaile euskaldunen eskubideak legez aitortzea, komunikazio esparrua euskalduntzeko neurriak hartzea, euskal kultura legez babestea… Alegia, “hizkuntza politika berria” taxutzeko tresna izatea nahi dute.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu du “mugarri bat” dela dokumentua. Batetik, azaldu du “hizkuntza politikak birpentsatzeko” garaia dela, hori ondorioztatu dutela euskararen egoerari buruz egindako azken ikerketek: horretarako proposamenak jaso dituzte agirian. Bestetik, dokumentua bera taxutzeko dozenaka gizarte eragile aritu dira, eta horrek dakarren indarra nabarmendu dute: “Hizkuntzaren normalizazio prozesua ez da euskalgintzak bakarrik jorratu beharreko eremua. Zinez uste dugu beste eremuetako eragileak ere euskararen normalizazioaren gurdira ekarri behar ditugula, aktibo bihurtuz”.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu