Euskal egitasmoak

Hizkuntza, Kultura, Mundu BAT ZUK

Korrika 20

 Euskara denon hizkuntza izateko nahia eta beharra agerian dago eta Korrika da elkarlanaren eta auzolanaren ispilurik argiena.

 

Korrikak hogeigarren aldia izango du datorren urtean: Otxandion abiatuko da martxoaren 30ean, eta Iruñean amaituko apirilaren 9an. Lelo gisara ‘Batzuk‘ hautatu du AEK-k, ‘bat‘ eta ‘zuk‘ hitzak elkarturik. “Batzuk” izango da Korrikaren leloa, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahian. ‘Bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasa da, herritarrak euskarara gonbidatzeko: Hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira. Hizkuntza, Kultura, MunduBAT’ sendotzeko bidean, ‘ZUK’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz.

Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte 20. edizioan. 1980. urtean jarri zen abian lehendabiziko Korrika eta, geroztik, euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu da. Korrikak batu egiten duen ekimena da eta irudi koloretsua erabiliko dute 20. edizioan, hori islatu nahian.

NOLA HARTU PARTE ?

  • Antolaketan parte hartuz: Zure herrian edo auzoan eratu den Korrika Batzordean parte hartuz.
  • Diruz lagunduz: Korrika laguntzailea eginez, 20.Korrikak ateratzen duen materiala erosiz, Korrikalarien peto edo bizkarrekoa hartuz [aurretiaz], herriz herri egingo den Korrikaren aldeko diru-bilketan lagunduz, Kilometroen lekukoa familian, elkartean, lagunartean,… eraman eta ekarpena eginez,…
  • Korrikaren berri emanez eta bere ospea hedatuzkorrika.eus eta Korrikaren aldeko sare sozialetan parte hartuz. Korrika kulturalak antolatuko dituen ekitaldietan parte hartuz.
  • Korrikan bertan parte hartuz: 20. Korrikaren hasieran eta amaieran parte hartuz: zatoz Otxandiora martxoaren 30ean eta Iruñera apirilaren 9an! Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko.
  • Enpresa eta saltegientzat: Korrika iragartzeko aterako diren euskarriak babestuz. Korrikalaria eskuratuz, zein Korrika laguna eginez. Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete.

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT

Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua. Euskal Herria euskaraz ulertzen dugun euskaldun eta euskaltzaleok aspaldi ekin genion geure hizkuntza sendotzeari, etorkizun hobea nahi dugulako.

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT, ZUK

20. Korrikak zurekin hitz egin nahi du. Euskara ezagut eta gurekin erabil dezazun. Zeuk ere, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz…

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BATZUK

AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa.

Beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan.

EGIN BAT, EGIN BATZUK 

Nik, hik,  hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek. Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde.  Kultura unibertsalaren alde. Hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzen zaitugu. Mundu unibertsalagoa sortzera. Bat egitera. Zuk egitera. Euskaraz!

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu