Euskararen Etxea

“Hiri asko bere baitan” egitasmoa Euskararen Etxean: Bilboko beste ikuspegi bat

HiriAskoBereBaitan1

hiriaasko

“Hiri honek beste hiri asko ditu bere baitan, ezkutuan. Seguruenik ez zaizkigu begi bistakoak irudituko, sumatu ere ez ditugu egingo, baina bertan daude». Bilbon ikusten ez dugun, edo ikusi nahi ez dugun hiria erakustea nahi digute Aitor Gomez argazkilariak, Asier Olabarrieta musikariak eta Unai Villena idazleak. “Hiri asko bere baitan” ekimena sortu dute. Sorkutza, Bilbo eta euskara ardatz bezala hartuta, literatura, musika eta argazkigintza nahastu dituzte hiru kideek: “gure irudimenarekin unibertso bisual, literario eta soinudun propioa sortu eta hiriaren ikuspegi berri bat eman gura dugu.” Horretarako, zortzi argazki-testu-musika-lan edo obra sortu dituzte, Bilboko barruti bakoitzeko bana. Euskararen Etxeko beheko solairuan argazki erakusketa hau ikusgai dago.

Txikia du izena adibidez, Abando barrutiko piezak. Ironia nabaria da, izan ere, Bilboko hiru eraikin handiak erakusten ditu; garai batean hiriko eraikuntza altuena izandako Bailen kaleko etxe orratza, BBVA dorrea eta Iberdrola dorrea. “Ez nintzen txikia, baina neure txikitasunaz konbentzituta, lotsatu, beldurtu, kikildu, eta ez nintzen gehiago hazi”, honela hasten da testua, eta musikaren doinua ere jolastia da.

Villenaren hitzetan, obra bakoitza hiru arteen batura izan dadin saiatzen dira: “Hau martxan jarri genuenean, elkarrekin lan egiteko gogoa genuen, eta iruditzen zitzaigun oso interesgarria hiru diziplina hauek nahastea. Ikusten baduzu irudia soilik, irudia laua da, eta horri testu bat gehitzean forma hartzen zuela ikusi genuen, testuarekin barrurantz eraikitzen du norberak ikusten duen mundu hori, eta musikarekin berriz ere kanporantz dator. Osotasun hori da guretzat obra bakoitzaren atzean dagoena”.

Obrak sarean

Sortze prozesua ezberdina izan da pieza bakoitzean. Testutik abiatu dira batzuetan, argazkitik besteetan, eta baita musikatik ere besteren batean. Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren Gazteria zerbitzuak antolatutako Ideiak Martxan lehiaketan saritu zuten proiektua apirilean. Webgune bat sortu zuten, www.hiriaskoberebaitan.com , eta sortu ahala erakutsi dituzte sorkuntzak bertan.

Maiatzaren bukaera arte Euskararen Etxeko azpiko solairuan egon dira zintzilik irudiak eta testuak, eta bisitariak QR kode baten bidez entzun ahal izan ditu abestiak sakelako telefonoan. Esperientzia osoa bizitzeko aukera egon da, beraz. Beheko bideoan azaltzen dute taldekideek bisita zertan datzan.

HiriAskoBereBaitan2

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu