Lagunok… iritsi da eguna!
2012ko Banden Lehiako irabazleak, Herri Oihua taldeak, gaur Bilbao BBKLive jaialdian jotzen du!
Hilabete askotan egun honekin amets egin ondoren, gaur Herri Oihua taldearen txanda izango da. Arratsaldeko 19:00etan, Vodafone karpan, bere musikaz gozatzeko aukera izango dugu.
Gaurkoa Banden Lehiako sarietariko bat da, nazioarteko musika jaialdi erraldoi honetan kontzertu bat eskaintzeko aukera, hain zuzen ere. Beste saria, disko bat grabatzea; eta hau ere merkaturatzeko prest dago jada, datorren uztailaren 18an aurkezpen publikoa izango delarik.
Oso harro sentitzen gara Barakaldoko talde honetaz: Banden Lehiako irabazleak suertatu ziren, ondo merezita eta kriston espektakulua eskaini ziguten Bilborocken 2012ko azaroaren 29ko finalean.
Talde gaztea, Bilbao BBKLivean inoiz jo izan duen gazteena izango da ere, energia handikoa eta berritzailea euskal musikaren arloan.
Hemendik animatu nahi zaituztegu guztioi bere kontzertura hurbiltzen eta behar duten harrera egiten. Eta beraiei… zortea ez dute behar, oso ondo egiten dutelako. Soilik asko disfrutatzea, diren moduan agertzea, horrela jarraitzea eta aurrera egitea!
Muxu handi bat Herri Oihua!!