Aholku teknologikoak Sare sozialak

Haurrek sarean partekatu behar ez dituztela ikasi behar duten 8 datu

Haurrek sare sozial, plataformak eta sarea orokorrean egunero erabiltzen dituzte. Eta bertan hamaika gauza partekatu ere. Jarduera honetan, nahi gabe informazio pribatua zabaldu dezakete eta arriskutsua bilakatu daiteke. Haurrek sarean partekatu behar ez duten informazioa zein den ikasi behar dute eta, segurtasunaren mesedetan, egoera eta arriskuez sentsibilizatu behar zaie. Zeintzuk dira sarean partekatu behar ez diren datuak?

 

Haurrak gero eta gazteago hasten dira sare sozialak, onlineko baliabideak eta plataformak erabiltzen. Horiekin hazi dira eta euren bizitzaren alor guztietan erabiltzen dituzte: ikasteko, harreman berriak sortu eta dauzkatenak sendotzeko, komunikaziorako, aisiarako, informazioa lortzeko…

Ondo dago. Baina erabilera honetan, segurtasun eta arduraz jokatzeko sentsibilizazio lana egitea oso inportantea da. Haur eta nerabeak hezi behar ditugu, zer eta nola partekatu dezaketen jakin dezaten. Inolako maltzurkeriaz jokatu gabe eta nahi gabe, behar ez diren datuak eta informazioa zabaldu dezakete. Eta horretaz kontziente izan behar dugu denok eta horretan sentsibilizatu.

Helduen ardura da hau ere, baina nagusiok beste gaitasun batzuk garatuta ditugu eta argiago daukagu zein den publikoki zabaldu behar ez dugun informazio pribatua. Horrela izan behar zuen, behintzat. Helduok izaten gara ere sarritan hanka sartze eta arlo honetan axolagabekeriaz jokatzen dugunok. Horregatik belaunaldi gazteekin egin beharreko lan honen garrantziaren arrazoia.

Nola partekatu dezakete haurrek informazio pribatua sarean?

Esan bezala, gehienetan arduragabekeriaz baino, ohartu gabe eta naturaltasunez egin dezakete, partekatzen dituzten datu horiek pertsonalak, sekretuak edo pribatuak direla konturatu gabe. Baina, aldiz, sarean maltzurkeriaz jokatzen dabiltzanenek hau badakite eta datu horiek lortzeko estrategia anitzak erabiltzen dituzte.

Sare sozial edo onlinean jokatzen dabiltzatenean, edozein txateri erantzuterakoan… hainbat informazio eskaini dezakete: non dauden edo non bizi diren, bakarrik daudela, ordutegien berri eman, etxean noiz dauden eta noiz ez kontatzea, helbidea ematea… Hamaika datu.

Beraz, gurasoen ardura da sarean partekatzen dituzten eduki eta informazioen inguruan heztea, zabaldu ezin diren datuak zeintzuk diren ohartaraztea, egoeraz eta sor daitezkeen arazoez ezagutaraztea eta arau batzuk ezartzea. Haurrek, noski, honen guztiaren arrazoi eta zergatiak ulertu behar dute.

Partekatu behar ez diren daturik garrantzitsuenak zortzi dira.

Haurrek sarean partekatu behar ez dituztela ikasi behar duten 8 datu

Sarean haurrek partekatu behar ez dituzten 8 datu

1. Pasahitzak

Agerikoa da hau, baina haurrek oso argi izan behar dute datu hau ez dutela inoiz partekatu behar; ezta lagunen artean ere. Argi azaldu behar zaie pasahitza galduz gero, ondorioak larriak izan daitezkeela. Antzekotasuna erabiliz azalpena emateko, etxeko giltzen adibidea erabil daiteke.

2. Helbidea

Helbidea ez dute inoiz partekatu behar. Hau egitea arriskutsua bilakatu daiteke. Egokia da, baita ere, ikastetxearen izena eta helbidea ez partekatzea.

3. Telefono zenbakia

Helbidea bezala, telefonoa ez da publikoki partekatu behar. Telefono zenbaki bat izanda helbidea lortzeko aukera badago. Beraz, kontuan izateko neurria da.

4. Informazio pertsonala

Datu pertsonalei dagokionez, badaude batzuk ez direla komeni publikoki zabaltzea, inprimaki batzuetan identifikatzaile gisa erabil daitezkeelako edo pertsonen nortasuna baieztatzeko balio dutelako. Adibidez, segurtasun sozialeko zenbakia.

5. Kokapena

Egun, gailu teknologikoek uneko kokapena partekatzeko aukera eskaintzen dute. Tentuz erabili behar da aukera hau, batzuetan ez jakintasunez edo nahigabe partekatzen delako non gauden eta sor daitezkeen arriskuei erreparatzen ez diegulako. Berdin gertatzen da, adibidez, argazkiak partekatzeko aplikazioekin (Instagramen kasua da egun ezagunena): argazkia partekatu eta horrekin batera kokapena zabaltzen dugu horrelako baliabideen bidez.

Hau ekintza inozoa ematen badu ere, etxean ez gaudela adieraz genezake horren bitartez eta, adibidez, lapurreta baterako lana erraztu. Askoz seguruagoa da, non egon garen partekatu nahi dugunean, etxera itzultzerakoan egitea.

6. Etxean bakarrik daudela

Haurrek ez dute ezagun eta konfiantzazkoak ez diren pertsonei, gutxiago sarearen bitartez, etxean bakarrik daudela.

7. Posta elektroniko helbidea

Helbidea partekatzea bezain arriskutsua bilakatu daiteke posta elektronikoaren helbidea partekatzea. Umeak gezurrezko mezu elektronikoen bitartez engainatuak izateko biktimarik aproposenak izan daitezke.

8. Senitartekoei buruzko informazioa

Haurren artean sarritan senitartekoen arteko norgehiagokak izaten dira, gurasoek egiten dituzten gauzen inguruan edo ondasun materialei buruz mintzatzen direla: gurasoek irabazten duten diru kopurua, familiak dauzkan ondasunak, hau edo bestea erosi dutela…

Gai honetan ere arretaz ibiltzeko gomendatu behar zaie.

 Haurrek sarean partekatu behar ez dituztela ikasi behar duten 8 datu

Haurrek informazio mota hauek kontuz zabaltzearen arduraz jabetu eta konziente izan behar dira. Modurik onena, adibide zehatz eta xinpleen bidez, ulertaraztea, beldurtu gabe, baina bai sor daitezkeen arriskuez konbentzitzea.

Save

Save

Save

Save

Save

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkin bat

Iruzkina idatzi nahi baduzu