Gure mendizaleak igandean saiatu ziren Nuptse mendiko tontorrera heltzen. Saiatu, baina 300 metrotara etsitu behar, haizea zela eta.
‘Bizkaia gailurretan-Bilbotik Lhotsera Euskaraz’ espedizioko lagunek handik bidali digute kronika eta argazkia.
Hau da kontatzen igutena:
“Hurbiletik ez zuen hainbesterako ematen. Hormaren oinetan jarri genuen gure dendatxoa eta hortik hurbil ikusten genuen tontorra, mila metro gorago baina era berean eskuragarri. Bigarren kanpamentutik ez zitzaizkigun oso luze egin harainoko aldapa nekagarriak. Animoso gindoazen igoera ederra burtzeko asmoz.
Denda behin jarrita, bertan zegoen sargoritik ihesean edan eta edan aritu ginen eguerditik aurrera. Aratsaldean, ostera, arazoak hasi ziren. Alex eta Tamayo erdi lo eta Juanra gaizki. Espedizioaren hasieratik jasan behar izan dituen gaixotasunei ezin aurre egin eta alturan beti larriagotzen zaizkio. Sofrikario hutsean ematen ditu egunak han goian, eztarria urraturik, birikak loturik, burua kargaturik, ezin asmaturiko neke batek jota. Eta hilabetea pasatu da eta mila botika hartuta ere hor segitzen du, hemen esaten dugun bezala, total jodituta, burua altxatu ezinik, desmoralizatuta, ez zaiolako eta inoiz holakorik gertatu.
Tontorrerako saioa egin baino lehen ere lehertu zen bere kalenturan eta altura horretatik hanka egin behar izan zuen. Bigarren kanpamentura helduta, bertako mediku batek jaisteko agindu zion, berak deskantsua hartu ondoren berriz 7200 metrotara igo nahi bazuen ere. Astopotro deitu zion medikuak, astopotro tontoa.
Seguruenik Nuptsekoa amaitu egin zaio Juanrari, egun batzutarako metro gutxiagotan dagoen herriren batera bajatu beharko delako, gaixoaldi kroniko hau kentuko bazaio. Horrela aukeraren bat gordeko du Lhotse mendian saiatzeko Alex eta Tamayorekin, halakorik balego.
Bada, bera beherantz hartu eta goiko bikoteak hain luzea ematen ez zuen hormari ekin zion. Eguna hasita bazen ere, eguerdirako elur pisua eta izotz zaharra tartekatzen hasi zen, eta euren desesperaziorako haize bortitza ere altxatu zen. Hamar orduren bueltan, eta zeuden baldintzak ikusita, beherako bidea hartu zuten penaturik.
Eguraldi txarreko egun batzuk datoz orain, deskantsurako eta plan berriak egiteko aproposak. Maiatza aurrera doa eta mendiak goitik begiratzen du oraindik. Ia begiratzeko tokiak aldatzen diren.
Besarkadak.”
Eta hemen bideoa, irudi zoragarriekin: