Sarritan Google bilatzailean behar duzuna aurkitzea ez da erraza izaten. Termino bat bilatu eta hamaika aukera bai, baina ez gure eskaera edo beharrei dagozkionak.
Adituek bezala bilaketa azkar eta zuzenak egin nahi dituzu? Jarrai itzazu trikimailu erraz hauek. Bilkaeta zehatzagoak egingo dituzu, ez zara bidean galduko eta denbora aurreztuko duzu.
Bilaketa zehatzak egiteko kakotxak erabili “”
Demagun “Euskaraz bizi nahi dut” lema pean bilatu nahi duzula. Esaldia era arruntean idatzita bilatzailearen eremuan, 221.000 emaitza eskainiko ditu; baina kakotxen artean idatzita, zehatz-mehatz esaldia bilatuko du eta ondorioz emaitzak mugatuko dira, 169.000 eskainiz.
Hitza edo esaldia kakotxen artean sartu eta zehazki horren arabera egingo du bilaketa. Oso egokia da kanten letrak, esaerak, jakitun edo pertsonai famatuen aipuak bilatzeko, testu edo idazkien zatiak…
Marratxoa, hitz hau gabe –
Hitz zehatz bat bilaketa batetatik ezabatu nahi duzunean, horren aurrean marratxoa idatzi.
Adibidez, “txakurra” bilatu nahi duzu, baina emaitzetan “animalia” hitza ez agertzea: txakurra -animalia idatziko dugu. Marratxorik gabe 163.000 emaitza eskaintzen badizkigu, esandako hitza kenduta 144.000etara mugatuko da.
Tilde karakterea antzeko hitzetan ~
Hitzaren ostean eta bere antzeko hitzaren aurrean tildearen karaketerea idatzi eta bigarren horren sinonimoak bilatuko ditu baita ere.
Adibidez, “Gabonak” hitza bilatu nahi dugu eta horrekin erlazionatutako “opariak” eta honen sinonimoak: Gabonetako opariak bilatuta 71.300 emaitza jasoko ditugu; gabonak ~oparia rekin, 116.000.
Site: zure galdera
Zerbait bilatu nahi duzu webgune zehatz batean. Erraza! Terminoa idatzi eta ondoren site: eta zein webgunean bilatu behar duen.
Adibidez, 5000hiztegia bilatu nahi baduzu Azkue Fundazioaren webgunean, horrela bila zenezake: 5000hiztegia site: azkuefundazioa.eus.
Horrela eginda, 1620 emaitza lortuko ditugu, webgune horretan bilatu izan duelako soilik; aldiz, bilatzailean 5000hiztegia bakarrik jarrita, termino horri dagozkion emaitza guztiak eskainiko dizkigu, edozein webgunetakoak eta 2500 aurkituko ditu.
Link: zure eskaera
Aurrekoaren antzekoa, kasu honetan, adierazitako webgunearekin lotzen duten beste webguneak bilatuko ditu.
Adibidez, mintzatu webgunearekin lotzen direnak bilatu nahi izatekotan, horrela idatzi beharko nuke: link: mintzatu.eus.
Bi puntu, tartea ..
Bi zifren artean pi puntu idatzita (..) horien arteko bilaketa egingo dugu. Oso egokia data, kopuru, prezio eta neurrien arabera bilatzeko.
Adibidez, Athleticeri buruzko informazioa bilatu nahi badugu, baina 1980 eta 2015 urteen artera mugatuta, horrela idatziko genuke: Athletic de Bilbao 1980 .. 2015
Related: zure eskaera
Webgune baten antzeko edukia daukaten beste webguneak bilatzeko. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren antzeko webguneak bilatu nahi izatekotan, horrela idatzi beharko genuke: related: related: hezkuntza.ejgv.euskadi.eus.
Define: zure eskaera
Hitz baten definizio ezberdinak bilatzeko aukera. Adibidez, “etxea” hitzarenak bilatzeko, horrela: define: etxea
Izartxoa, edozertarako: *
Googlek izartxoaren karakterea hitzengatik ordezkatzeko erabiltzen du. Zein hitz erabili ez dakigunean edo edozein balio zaigunean, izartxoa jarri eta Googlek berak uste duen hitz egokienak eskainiko dizkigu horren ordez. Oso erabilgarria bilatzaileak gure esaldia osatzea nahi dugunean.
Adibidez, nola garbitu * jartzen badugu, hainbat emaitza lortuko ditugu: nola garbitu hortzak, nola garbitu zauriak, nola garbitu antxoak, nola garbitu txipiroiak…
Hitzen tartean ere erabil genezake. Adibidez, museoa * Bilbao bilatzen badugu, izartxoa beste hitz batzuekin ordezkatuko du: Bilboko Arte Ederretako Museoa, Bilboko Euskal Museoa, Bilboko itsasadarreko Museoa…
Zein fitxategi mota bilatu nahi dugun: filetype
Sarritan edukia fitxategi mota zehatz batetakoa izatea nahi dugu, adibidez, pdf fitxategi bat. Kasu hauetan bilatzen gaudena eta filetype:pdf idatziko genuke. Adibidez, euskararen etxea filetype:pdf: Euskararen Etxeari buruzko informazioa bilatu nahi dut, baina soilik pdf formatuko fitxategiak izatea.
Edozein motatako zenbaketak egiteko
Kalkulagailua erabiltzea ekidituko duzu; matematika eragiketa bilatzailearen eremuan zuzenean idatzi eta berak emaitza eskainiko dizu. Adibidez, 345*6/7 eta berak zuzenean 295.71 emaitza eskainiko du eta kalkulagailuaren aplikazioa zabalduko du.
Irudiak bilatzeko
Irudi egokiak modu azkarrago batean bilatzeko trikimailua ere eskaintzen du Googlek. Terminoa idatzi eta irudi motatakoa dela aukeratuta, oraindik filtro gehiago eskaintzen dizkigu Googlek, gure bilaketa zehazteko: tamaina, kolorea, mota, data eta erabiltzeko eskubideen zehaztasunak. Azken hau oso kontutan izatekoa.
Dozena bat truku denbora gutxiago emateko bilaketak egiten eta huts egite sentsaziorik ez izateko. Azken finean, bilaketa prozesuak lana erraztu behar digu eta gure beharretara erantzun.
Zein beste trikimailu erabiltzen dituzu zuk?