Aholku teknologikoak

Googlek Wikipediari eragiten dion kaltea

Wikipediak trafikoaren %14 galdu du 2019an, eta Google da errudun nagusia.

Wikipedia Interneteko webgunerik maiteenetako bat da, erabilgarritasuna, publizitaterik gabeko negozio-eredua eta ibilbide luzea nahasten baititu; izan ere, 2001. urtetik darama on line. Hala ere, “entziklopedia libreak” une zalantzatsua bizi du. Hackernoon-ek burututako txosten baten arabera, Wikipediak 3.300 milioi orrialde galdu ditu 2019an. 2020ko urtarrilean, hain zuzen, trafikoaren %14 galdu du 2019ko hilabete berarekin alderatuz gero: iazko urtarrilean, ikusitako 2.200 milioi orri, eta aurten ostera, 1.900 milioi.

Beherakada horren errudun nagusia Google da, edo, zehazkiago, Google bilatzailea. Googleren funtzio eta tresnek Wikipediaren laburpenak erakusten ditu maiz bilaketa bat egiten denean, baina lehentasuna ematen die YouTube-ren bideoei, bere jabetzako plataforma, edo bilaketari lotutako produktuen iragarkiei, zeinak sarritan onurak ekartzen baitizkio Googleri.

Hori aspalditik ari da gertatzen; Googleren bilaketa adimendunek Wikipedian zuten eraginari buruzko lehen txostenak 2017an hasi ziren egiten. Joera, ordea, goraka doa azken urteotan.

Wikipediaren erantzuna ematen duten baina Wikipediaren barruan gertatzen ez diren emaitza horiei “zero-klik” deitzen diete analistek; alegia, Wikipediak zerbitzu bat ematen du, eta zerbitzu horren truke ez da saririk jasotzen, Googleren algoritmoen eta funtzioen ondorioz. Onerako eta txarrerako, Google da munduko pertsona gehienen Interneteko atea; beraz, webgune batean sartzeko jartzen duen edozein traba esanguratsua bihurtzen da.

Interneteko bestelako web eta zerbitzuen ugaritzeak ere lagundu du entziklopedia digitalaren gainbeheran. Hartara, Netflix-en bilaketetek lehentasuna dute Wikipediaren aldean, gaur egun Wikipedia baino ezagunagoa baita; esaterako, Tiger Kings telesail dokumentalari buruzko bilaketa egiten denean, Netflix agertuko da lehen, berea baita telebista saio hori, eta Wikipediak azalduko du nortzuk diren pertsonaiak eta zer gertatu zaien telesailaren ondotik. Baina, zoritxarrez, askorentzat garrantzitsuena lehen bilaketa-emaitza izango da.

Urte gutxian, Wikipedia munduko laugarren webgunerik kontsultatuena izatetik hamahirugarrena izatera igaro da.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu