Google Mapseko zenbait trikimailu ikasi nahi eta erabiltzailerik trebeena bilakatu? Zukua atera nahi diozu tresna potente honi?
Orain dela egun batzuk artikulu honen lehenengo zatia argitaratu genuen. Bertan, Google Mapseri buruzko 8 baliabide edo trikimailu kontatu genizkizun. Hemen doaz beste hainbeste!
Oraindik topatu ez baduzu, hemen duzu artikulu honen lehenengo zatia. Orduan mapa berria sortu, honen inguruko zenbait bitxikeri, trafikoa ikusi… nola egin behar den azaldu bagenizu, gaurkoan aurrera jarraituko dugu eta beste hainbeste baliabide interesgarri ikusiko ditugu!
Bederatzigarrenetik aurrera hasiko gara!
9. Bi puntu edo gehiagoren arteko distantzia nola neurtu?
Bi punturen arteko ibilbidea ikertzea da Google Mapsen funtzioetako erabilgarrienetako bat, baina, ba al zenekien bi puntu horien arteko distantzia neur dezakezula? Horrela batetik bestera joateko zenbat denbora behar izango duzun aurretiaz jakiteko aukera izango duzu.
Zelan egiten da?
- Ibilbidearen hasierako puntuan kokatu eta eskumako botoiaz sakatu. Aukeren artean, “Neurtu distantzia” aukeratu.
- Ibilbidearen bukaerako puntuan klik egin eta Google Mapsek lerro zuzena markatuko du. Azpian informazio osoa agertuko da.
- Egia esan, honek ez dauka zentzu handirik marra zuzena delako eta ez datorrelako bat errealitatearekin: kaleak, etorbideak eta abar ez dira zuzenak. Hau moldatzeko, sortutako marra saguarekin harrapatu eta maparen inguruan birkokatu, zure beharretara doituz.
10. Offlineko mapak mugikorrera deskargatu
Hau tresna honen funtziorik ezagunenetarikoa da, batez ere beste herrialde batetara bidaiatzen duzunean eta mapa kontsultatu behar izango duzunean, baina mugikorrean datu tarifarik ez duzula.
Erraza da mapa dekargatzea.
Zelan egiten da?
- Google Mapsen kokatu nahi duzun puntua.
- Bi modutan egin daiteke:
- 1. Azpiko barran, lekuaren izena agertzen den tokian, sakatu eta aukera ezberdinak zabalduko zaizkizu: gorde, partekatu eta deskargatu. Deskargatu sakatuz, konexiorik gabeko zonaldeen mapa deskargatuko duzu.
- 2. Bilatu duzun kokapenean zaudela, sakatu hiru marradun menua eta “konexiorik gabeko zonaldea” aukeratu.
- Bietan saioa hasteko eskatuko dizu. 120.000 km karraturainoko zonaldeak eta 500 MBtako pisuarekin deskargatu ahal izango dituzu.
11. Kokapen batzuk barneko mapak dituzte
Kokapen batzuetan, kartografiaz gain, leku horien barruko mapak eskaintzen ditu Google Mapsek. Hala nola, museo, geltoki, merkatal gune, kirol gune edo munduan zeharkako beste toki esanguratsu ugari.
Googlen webgune honetan ikus ditzakezu zein kokapenetako barneko planoak eskaintzen dituen. Kokapen batetako jabea bazara eta zure lekuaren planoak publikoki argitaratu nahi badituzu, hemen duzu tresna.
12. Hirien arteko hegaldiak kontsultatu
Bi punturen arteko ibilbidea (9. puntuan azaldutakoa) bilatzerakoan, euren artean hegaldi zuzenak badaude, Google Mapseko menuan horri buruzko informazioa eskainiko dizu: zenbat hegaldi dagoen egunean, zein konpainiak diren egiten dituztenak, prezioak…
Eta informazioan sakondu dezakezu “Google Flights en emaitzak ikusi” sakatuta.
13. Antzoki eta aretoen agendak ikusi
Kokapen zehatz batzuetan (kontzertu areto eta antzokiak), eta leku horretako arduradunek datuak bete dituztenean, horren informazio orokorraz gain (webgunea, ordutegiak, zabalik dagoen edo ez, iritziak…), datozen jarduera edo ekintzen egitaraua ikusteko aukera izango duzu.
14. Street View-n lausotua izateko aukera
Street View-k aurpegi, ibilgailuen matrikula eta beste ezaugarri pertsonal batzuk ezabatzen ditu. Baina kasuren batean pribatutasuna zaindu ez dutelaz ohartuz gero, zuzenean eska diezaiokezu datu horiek lausotzea.
Zelan egiten da?
- Street View-n nabigatu eta kokatu difuminatzea nahi duzun horretan.
- Pantailan, behean eta eskumatara, “Eman arazo baten berri” aukera dago. Klik egin honetan.
- Atal berri bat zabalduko da, inprimaki batekin eta horretan kokapenaren informazioa eman eta nahi duzuna lausotzea eskatu ahal izango duzu.
Inprimaki honen bidez kalitate txarreko irudien berri edo nabigazio errakuntzei buruz ohartarazpena eman daiteke baita ere.
15. Google Mapseko ibiltaria bilakatu nahi duzu?
Aurreko kasuaren alderantzizkoa: zure irudia Google Mapsen agertzea nahi baduzu, zure eguneroko jardueretan, Street View Trekkers egitasmoan izena eman dezakezu.
Proiektu honetako kideak ibiltari taldea osatzen dute, kamara, teknologia eta ekipamendu guztiaz hornituta, eta Google Mapseko kotxea heltzen ez den bazterrak miatu eta identifikatu egiten dituzte.
Asmo honen helburua leku bitxietara heltzea da. Hemen dago leku horien zerrenda, horien artean: Yosemite, Australiako Koral Hesi Handia, Kennedy zentro espaziala, Everesteko kanpamendu nagusia…
Egitasmo hau erakunde edo elkarte turistiko, irabazi asmorik gabeko erakunde, gobernu-agentzia, unibertsitate taldeetara… zuzenduta dago; eta herrialde zehatz batzuetan bakarrik burutzen da momentuz.
Zure izena emateko asmoa baduzu, inprimaki hau bete eta erantzunaren zain geratu beharko zara.
16. Baina… zein da Pegman?
Hau bai bitxikeria dela!
Pegman izena dauka Google Mapsen maparen beheko partean eskumatara agertzen den laranja koloreko panpinak.
Pegmanen gainean klikatu eta edozein mapetako kokapenera narrastu eta horren Street View ikusteko aukera izango duzu.
Baina, ba al zenekien Pegman leku batzuetan kokapenaren arabera horietara doitzeko mozorrotu egiten dela?
Adibidez,
- Espazio-ontzian bihurtzen da AEBetako Nevadako Area 51 Travel Centerrean kokatzen denean.
- Atzera etorkizunera filmako (Back To The Future) Doc pertsonaian bilakatzen da Street View-eko denboran zeharkako bidaiak egiten dituzunean. Honi buruz aurreko artikuluaren 3. puntuan aritu ginen.
- Eskoziako Ness lakuan zehar bazabiltza, berde koloreko mamua bihurtuko da.
17. Eta bitxikerien artean bitxiena…
Zientzia-fikzio zinemagintza atsegin duzu? Orduan hau zure gustukoa izango da!
Londoneko Earl’s Court Road kalea bilatzen baduzu eta Street View-n metro geltokiaren ondoan kokatuta, kale horretan telefono-kabina urdin bat ikusiko duzu. Bai, Doctor Whoren kabina ematen du, ezta?
Denboran bidaia egiteko erabiltzen duena. Askoz gehiago, sagua aurrean kokatuz eta zoluan agertuko den X-an klik eginez, sorpresa izugarria hartuko duzu… froga ezazu!
Ez da telefono-kabina arrunta…
Honezkero, bazara Google Mapseko erabiltzaile trebea. Orain bakarrik falta zaizu plataforma hau asko erabiltzea eta praktikan ipintzea. Aurrera!