Google Mapsek oraintsu 10 urte bete ditu. Hamar urte daramatza Googleeko zerbitzu honek nondik joan gidatzen, gure hiriak txori baten ikuspegitik nola ikusten diren erakusten edo nolakoak diren oraindik ezagutzen ez ditugun kaleak ezagutarazten. Baina tresna potentea da eta baditu ere hainbat trikimailu. Ezagutu nahi? Google Mapseko erabiltzailerik trebeena bilakatu nahi?
Bi zatitan apurka-apurka eta pausuz-pausu, tresna honen trikimailurik onenak kontatuko dizkizugu. Has gaitezen lehenengoarekin!
Baliabide erabilgarria da benetan Google Maps eta agian egunero erabiltzen duzu eta ordenagailu eta telefonozko aplikazioak menperatzen dituzu, baina hainbat baliabide eta aukera ditu izkutuan, benetan baietz; batzuk funtzio erabilgarriak, beste batzuk bitxikeriak, baina edozein kasutan, zerbitzu honi ahalik eta etekin gehien ateratzeko jakin beharrekoak.
Beraz, Google Maps ibilbideak begiratzeko soilik erabiltzen baduzu, jarraitu eta hainbat erabilpen topatuko dituzu. Bi zatitan azalduko dizkizugu, oraingoan lehenengo zortziak ikusiko ditugu. Goazen zerrendarekin!
1. Norberaren mapa sortzea
Mundu osoko kartografia zure esku jartzen du Google Mapsek, baina hala ere mapa pertsonalizatuak sortu nahi badituzu, aukera ematen dizu. Hauetan, interesatzen zaizun informazioa jaso dezakezu eta gorde, etorkizunean erabili edo beste erabiltzaile batzuekin partekatu.
Erabiltzeko aukerak amaigabeak dira: adibidez, bidai batean zoazenerako aurretik tokiak markatuta izateko: museoak, monumentoak, jatetxeak… Mota edo kategoria hauetako bakoitza kolore ezberdinez identifikatu dezakezu.
Zelan egin?
- Goian ezkerreko ertzean, hiru marratxodun ikonoa sakatuta, “My Maps” aukeratu.
- Behean “Sortu mapa” aukera sakatu.
- Izena eman mapa berriari. Adierazten duen geruza horietako batean informazio mota desberdina jaso dezakezu. Hauek editatu daitezke.
- Mapa osoa esportatu dezakezu, edo beste kokapen batzuen datuak inportatu, distantziak neurtu, oharrak jarri…
2. 3D ikuspegia lortu
Google Maps bi ikuspegi erakusten dizkigu: mapa edo satelitezko irudiak. Bigarren honetan badago beste aukera bat, ikuspegia nolabait okertzeko eta horrela kaleetan zehar eraikinen artean hegaz egingo bazenu bezala ibiltzeko.
Zelan egin?
- Leku bat zabaldu eta maparen beheko aldean agertzen den “Earth” aukera sakatu.
- Maparen eskumaldean ikonodun zutabea bat dago; goitik hasita bigarrena aukeratu, 3D jartzen duena. Sakatu.
- Bista okertu egingo da nolabait eta Ctrl eta saguarekin sakatuz, ortzi-muga guztiz okertuko da.
Sakeleko telefonoazn antzeko zerbait egin dezakezu, baina mapako aukeran, ez satelitezko irudien aukeran.
3. Denboran bidaiatu Street View-ren bidez
Street View Google Mapsek eskaintzen dituen baliabiderik erakargarrienetakoa da.
Street View-ren bidez hirien zonalde ezberdinak ikus ditzakegu eta kaleak zehatz-mehatz ikusi. Baina ba al zenekien leku zehatz batzuetan iraganera bidaiatzeko aukera duzula? (Ikusi hau).
Adibidez, Japoniako Onagawa herria ikusi nahi duzu 2011ko lurrikara baino lehenagoko egoeran?
4. Zure bidai-historiala berrikusi nahi?
Googleen saioa hasita baduzu, egindako ekintzen historiala gordeta geratzen da, zuk bakarrik ikusi ahal izango duzula. Historial honek zure bidaiak, lekurik bisitatuenak… erakusten dizkizu eta gainera maparen goiko partean agertzen den denbora-lerro baten bitartez nabigatu dezakezu.
Honetaz aparte, Googleri adierazi dizkiozun etxeko eta lantokiko helbideak daude.
Zure bidai-historiala eta bisitatutako lekuetara jotzeko, hiru marratxodun ikonoan sakatu eta “Zure kronologia” aukera sakatu zerrendan. Informazioa orri berri batean agertuko zaizu.
5. Zure kokapena partekatu mugikorraren bidez
WhatsApp edo Telegram bitartez gure kokapena partekatu daitezke, baina baita Google Mapsen bitartez, zenbaitetan lana eta pausuak aurreztuz.
Zelan egiten da?
- Puntu urdin batez zure uneko kokapena agertzen da. Puntu hori sakatu segundu batzuez.
- Helbidea agertuko zaizu. Telefonoaren modeloaren arabera menu berri bat zabalduko zaizu aukera ezberdinekin, edo pantailaren goiko aldean edukiak partekatzeko aukerara jo beharko duzu.
Edozein kasutan, partekatzea aukeratu eta nahi duzun aplikazioa aukeratu.
6. Trena, metro edo autobusetako ordutegiak kontsultatu
Ibilbide bat bilatzen duzunean Google Mapsen bidez, garraio sistema ezberdinen artean aukera zenezake: kotxea, garraio publikoa, bizikleta, oinez.
Garraio publikoa aukeratzen baduzu, Google Mapsek zuzenean ordutegiak kontsultatzea ahalbidetuko dizu. Zuzenean!
Zelan egiten da?
- Google Mapseko bi punturen arteko ibilbidea bilatu eta garraio publikoz aukeratu.
- Aukeratutako garraio motaren arabera, Google Mapsek aukerak ikuskatu eta erakutsiko dizkizu, informazio zehatzarekin.
7. Kokapen zehatz baten inguruan lekuak topatzeko
Adibidez, leku baten inguruan dauden jatetxe, aparkalekuak … bilatzeko.
Zelan egiten da?
- Google Mapsen interesatzen zaizun helbidea bilatu.
- Azpiko edukian, “Inguruan” sakatu. Aukera gehiago zabalduko zaizkizu, lekuaren kategoriaren arabera, zerrendatuta: jatetxeak, hotelak, aparkalekuak…
- Behar duzuna aukeratu eta bistan eta menu honetan zerrendatuta agertuko zaizkizu denak.
8. Zein da trafikoaren egoera?
Google Mapsen trafikoaren uneko egoera ikusteko aukera izango duzu eta ibilbiderik egokiena aukeratzeko denbora izango duzu.
Zelan egiten da?
- Ikusteko, menuko marradun aukera horretan “Trafikoa” sakatu.
- Kaleen gainean kolore ezberdinetako marrak ikusiko dituzu; koloreek esanahi ezberdina daukate, berdetik (trafiko azkarra) gorrira (trafiko motela).
- Pantailaren beheko partean denbora errealean lortutako datu (zuzeneko trafikoa) edo aukeratutako zonalderako ustez espero dena (ohiko den trafikoa)ren artean aukeratzeko baliabidea dago.
Orain arte ondo, ezta? Laster beste hainbeste trikimailu!
[…] topatu ez baduzu, hemen duzu artikulu honen lehenengo zatia. Orduan mapa berria sortu, honen inguruko zenbait bitxikeri, trafikoa ikusi… nola egin behar […]