Euskal egitasmoak

Gazte Gara Gazte

Euskaldunak izan arren, sarri erdarara jotzen dugu egoera informaletan. Horri irtenbidea aurkitzeko asmoz sortu da “Gazte Gara Gazte” izeneko egitasmoa. Gazteen euskararen ezagutza sustatzea, baliabide praktiko eta errealak eskaintzea eta motibazioan eragitea du helburu. Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola uztartzen dute euskara eta erdara?

“Gazte Gara Gazte” izeneko egitasmoa abiarazi du Badihardugu Euskara Elkarteak. Gazteak, aisialdia eta hizkuntza lotzen dituen proiektua da, eta Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu. Horretarako, 2014an ekin zioten gazte euskaldun ezberdinei elkarrizketak egitera. Eta bi urtetan, 80 bat hiztunekin hitz egiteko aukera izan dute.

gazte gara gazte

Euskal Herriko hainbat herrietako pertsonak elkarrizketatu dituzte, beraz. Asmoa euskaldun gazteen jarduna jasotzea izan da, eta internet bidez saretzea.  Jasotako lekukotasun horietan, hizkuntzaren eremu informalean jarri nahi izan dute fokoa. Besteak beste, ondorengo galderak argitzea bilatu dute: Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak?

Zertarako?

Proiektu honen bidez, euskararen egoera aztertu nahi dute, historia sozial hurbila osatu eta ulertzen hasteko. Mosu horretan, eta jasotako lekukotasunekin, ereduak eta proposamenak eman nahi dizkiete aisialdian erdarara jotzen duten hiztunei.

Izan ere, euskararen erabileran aurrerapausuak eman ahal izateko, beharrezkoa ikusten dute hiztun berrien ezagutza eta motibazioa.

Zer aurkitu dezakegu bertan?

Gazteak Gara Gazte proiektuaren webguneak hainbat atal ditu. “Honi Buruz” izeneko atalean egitasmoaren nondik norakoen azalpen bat dago. “Elkarrizketak” izenekoan, lekukotasunak daude bilduta, herriaren eta elkarrizketatuaren arabera sailkatuak.

“Bideoteka” izeneko atala ere badago. Bertan hainbat ikus-entzunezko topatu ahal ditugu, gazteen interesekoak izan daitezkeen gaiak ardatz bezala hartuta (parrandak, teknologia berriak…). Azkenik, “Gazte Hiztegia” osatu dute. Hortxe bilduta azaltzen da gazteek lagunartean erabiltzen duten hizkuntza informala. Dagoeneko 752 sarrera ditu hiztegiak, eta, nahi izanez gero, iruzkinak gehitu edo ekarpenak egiteko aukera daukate erabiltzaileek.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu