Euskara ingurune digitalean

Gaur duela bost urte onartu zuen ICCANek .EUS domeinua

puntu-eus

EUS domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. .EUS, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan laguntzen duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.

2013ko ekainaren 14an, gaur 5 urte, ICANN (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers) erakundeak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .EUS domeinua onartu zuen. Urtebete oso bat ebaluazio fasean eman ondoren iritsi zen albistea. .EUS domeinuaren lorpena proiektua jaio zenetik sei urte igarota iritsi zen, eta hitz hauek erabili zituzten PuntuEUS Fundazioko ordezkariek ekainaren 15ean, prentsaurrekoan, lorpena azpimarratzeko: “iritsi da urteetako lana eta pazientzia eskatu duen prozesuaren emaitza. Euskararen herriaren nazioarteko aitortza: .EUS lehen mailako Interneteko domeinu bat baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako tresna global bat”.

Urtebete beranduago, 2014an, sareratu ziren lehengo .EUS webguneak.

.EUS domeinua onartzea milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoagatik izan zen posible, eta ICANN erakundeak .EUS domeinua onartzea fase berri baten hasiera besterik ez zen izan. Prozesua ez zen hor bukatu. Alderantziz: .EUS domeinuaren benetako ibilbidea orduan hasi zen. Izan ere, domeinua erabiltzea, ikustea eta indartzea da .eus domeinuari zentzua ematen diona. Hain zuzen, horixe da, nazioarteko aitortzatik harago, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua.

Lorpenetik 5 urte eta sareratzetik 4 urte igaro diren honetan, .EUS domeinua aurreikuspenen barruan ari da hazten 2020. urterako ezarritako helburua betetzeko bidean: .EUS domeinua Euskal Herriko hirugarren domeinua izatea da helburua eta bidean doa.

Une honetan 8.400 domeinu-izen baino gehiago daude erregistratuta eta gertuko jomuga 10.000 domeinu lortzea da. ‘10.000ra goaz, bazatoz?’ lelopean 10.000 domeinu lortzeko bidea elkarrekin egiteko gonbita egin dio aurten PuntuEUS Fundazioak gizarteari.

Gu bagoaz!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu