Berrikuntza teknologikoak

Garaikur berezi baten istorioa

Aspaldi geneukan gogoa Azkue Fundazioan garaikur bat egiteko. Gure egitasmo batzuetan sari, oroigarri eta domina moduan erabiltzea zen helburua. Eta xarma berezia izatea nahi genuen.

Orain zenbait hilabete, ZINEBI, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldian sari bat emateko aukera sortu zitzaigun. Euskaraz egindako filma batzuk aurkeztu izan dira eta onena saritzea proposatu ziguten. Ilusio handiz hartu genuen ideia hori, azken finean euskara sustatzeko beste modu bat delako.

Eta garaikurrean pentsatzen hasi ginen… Nolakoa izan behar zuen? Helburu praktikoa izan behar zuen objektua edo produktua izango litzateke aukerarik onena? Zenbat gauza sinbolizatu behar zituen garaikur horrek?

Horrelako galderak egin genizkion geure buruari. Azkenean, euskararen indarra sinbolizatu nahi genuela erabaki genuen: modernotasuna eta tradizio edo historia aldi berean; indarra eta jarraikortasuna; lilura eta bitxia izatea…

Bernat Vidal artistarekin lanean hasi ginen eta gure ikuspegia azaldu genion. Euskararen Etxea ere sinbolizatu nahi genituen, hizkuntza eta gure kulturan etxeak duen esanahia baita ere.

Vidalek berehala hartu zuen gure nahia eta sormen lanari ekin zion. Lehen ziriborroak ikusterakoan berehala somatu genuen obrak izaera propioa izango zuela, xarma, bitxia izango zela… Nahi genuen guztia.

Eta hau da emaitza.

Gabriel Arestiren omenez egin zuen lan batetatik ideia hartuta, olerkariaren Harri eta herri lana ere omentzea otu zitzaion. Lan honetan gainera argi agertzen da etxearen kontzeptuaren garrantzia.

Aresti oso lotuta dago euskara eta euskal gizartearen egoerari. Eta hau izan zen abiapuntua.

Harriz eta altzairuz egindako artelana da Bernat Vidalek sortu duena. Tradizioa eta modernotasuna elkartuta, linea fin eta zehatzetako obra baten. Indarra eta biguntasuna aldi berean, xarma.

Oso pozik gaude emaitzarekin eta zoragarria iruditzen zaigu. Eta zuei?

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu