Euskal egitasmoak

Ganbara, euskarazko zinemagintzaren bilgune

Euskarazko zinemagintzak orain arte hutsunerik izan badu, artxibategi digitalik sortu ez izana da. Horri buelta emateko Zinea Sortzen etxeak eta Zinea.eus atariak Ganbara izeneko euskarazko zinearen gordailua sortu dute.

 

Ganbararen funtzio nagusia euskarazko zinemagintzaren argazki historikoa egitea da, lehen filma errodatu zenetik gaur egunera arte egin direnak kontuan hartuta. Euskaraz sortu diren lanen informazio osatuena emateaz gain, euskal zineman aritzen diren profesionalen zein ekoiztetxeen datuak jasotzen ditu. Oraingoz, berrehundik gora film, laurehun profesional eta berrogeita hamar bat enpresen fitxak biltzen ditu, baita hauen inguruko albiste, kritika eta zenbait filmen gidoiak ere.

Zein lan aurkitu daitezke?

Lehenik eta behin, euskarazkoak izatea izango da ezaugarri nagusia. Bestetik, pelikulak, fikziozkoak, animaziokoak eta dokumentalak, luzeak nahiz laburrak aurkitu daitezke. Film bakoitzaren gaineko fitxa kontsultatzeko aukera ere eskainiko da: fitxa artistikoak -zuzendariak, aktoreak-, eta fitxa teknikoak -iraupena, lantaldea-.

ganbara

Aurrera begira

Urtetik urtera sortuko diren lan berriek beraien lekua izango dute webgunean, baita profesional eta enpresa berriek ere. Horrez gain, emateke dituzten pausoen artean dute euskarara ekarritako filmei txoko bat eskaintzea: bikoiztuak, azpititulatuak, audioak…

Euskarazko zinearekin lotutako materialak ere, hala nola, liburuak, tesiak, ikerketak, kritikak eta aipamenak, eskuragarri jarriko dituzte aurrerago. Datu-basea pixkanaka baina etengabe osatzen jarraitzea da sortzaileen asmoa.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, baita Euskadiko Filmategiarena ere.

Ekarpena iragartzeko, spot bat zabaldu dute sare sozialetan Euskal zineari zentzua emanez lelopean:

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu