Bideo joko zalea zara? Joko berri bat aurkezten denean frogatzeko irrikitan zauden horietakoa zara? Ba dakizu badagoela bideo joko zaletuen euskaldun komunitatea? Gaurkoan Game Erauntsia komunitate honi buruz arituko gara.
Zer da eta nola sortu zen?
Bideo jokoen inguruko zaletasun horrek bultzatu zituen Zarautzeko hiru lagun 2014ko udan euskarazko gune bat sortzera.
Bideojokoei buruzko bideo iruzkinduak jarraitzen zituzten eta YouTuberrak ziren beraiek ere, baina euskaraz horrelakorik ia ez zegoela ohartuta, taldea sortzea erabaki zuten. Helburua, bideo jokoak YouTuben argitaratu eta ondoren webgune bat sortzea guztiak bilduta izateko. Apurka-apurka gaiaren inguruko komunitatea sortu nahi zuten eta berrikuntzak, berriak eta abar elkarrekin partekatzeko plataforma izatea.
Zorionez, hasierako ideia hori garatu eta arrakasta nabarmena lortu zuen gizarteratu bezain pronto.
Taldea
Hiru lagun horiek hazia jarri, baina taldea berehala ugaldu zen; egun, 16 kide daude, baina arduradunek azpimarratzen dute taldea ez dela itxia eta parte hartu nahi duenarentzat irekita dagoela.
Hego Euskal Herriko lau herrialdetako kideak daude taldean, adin aldetik guztiak 17 eta 34 urterarteko tartean. Eta jarduera eta profila aldetik aniztasuna dago: plataforma ezberdinetako jokalariak daude, asko jokatzen dutenak eta gutxi jokatzen dutenak ere bai. Batzuei bideoak igo edota txapelketak erretrasmititzea gustatzen zaie, beste batzuei berriz, artikuluak idaztea. Badago, baita bi horietatik egin nahi ez duenik ere eta Minecraft zerbitzariko administratzaile edota afixen diseinatzale denik ere.
Eta bitxikeri moduan, esan gizonezkoak direla guztiak eta emakumezkoak oso ongi etorriak izango direla taldean. Beraz, ez al dago bideo jokoen zalea den neskarik? Animatu!
Zer egiten dute?
Taldean osatzen den lanak bideo jokoen inguruko alor osoa hartzen du:
- Bideo jokoen fitxa osatu: datu orokorrak, data, sistema eragilea, webgunerako esteka, garatzailea, iragarkia edo adibidea…
- Bideo jokoen inguruko berriak, erabiltzaileari joko bakoitzaren atalean zerrendatuta agertzen zaizkiola.
- Bideo joko bakoitzaren jokalari izarren zerrenda.
- Game Playak: jokoen bideoak, jokalariek grabatuta eta YouTuben bidez argitaratuta. Game Playen atalean eta baita bideo jokoen zerrendaren bidez ikus daitezke.
- Foroa: gaika sailkatuta, eztabaida eta partekatzeko gunea.
- Terminologia: gaiaren inguruko hiztegia, euskara, ingeles eta gazteleraz; eta termino hori zein jokoan agertzen den.
- Ekintzak: hemen hartu du taldeak benetan bere nortasuna eta komunitate itxura:
- Agenda
- Txapelketak antolatzen dituzte
- Minecraft euskarazko zerbitzaria: Game Erauntsiaren eskutik lehen euskarazko Minecraft zerbitzaria dago eskuragai.
- Mumble zerbitzaria: VoIP edo IP bidez ahotsa transmitizeko sistema antolatzen dabiltza, bideojokoan jolasten ari diren bitartean beste lagunekin hitz egiteko aukera ematen duenak.
- Bloga: bideo jokoen inguruan askoz gehiago dagoelako esateko.
Taldean erregistratuta dagoen erabiltzaile orok dauka aukera bere lanak plaza honetan argitaratzeko. Beti ere Game Erauntsiaren bi oinarriak errespetatuz: euskara eta bideojokoak.
Bizirik dagoen komunitatea da Game Erauntsia
Taldeak urte eskasean bilakaera nabarmena egin du eta hasierako helburua gaindituta, erronka berriei aurre egingo diote.
Ekoizle eta zenbait enpresekin harremanetan daude eta aurten Euskal Encounterrean izango gara eta proiektuaren aurkezpen bat egiteaz gain, LoL txapelketako finala bertan jokatuko dute era presentzialean eta zuzeneko emisioarekin.
Bestalde, GETB (Game Erauntsia web telebista) sortu berri dute, inguruko bideojoko azoka garrantzitsuenei buruzko erreportaiak egiten hasiko dena.
Eta laster, datorren astean bertan, lehiaketa potolo bat abiatuko dute Euskal Encounterreko lagunekin batera, baina honen berri aurrerago jakingo dugu, sorpresatxoa bai da.
Beraz, ikusten duzuenez, bideo jokoen inguruan badago zer esaterik eta euskaraz bada, askoz hobeto!
Zaletua bazara, animatu eta parte hartu!