Euskal egitasmoak

Filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin ikusteko aukerak

Txikia da euskaraz egindako zine ekoizpena, nahiz eta oraintsu Loreak eta Amamaren adibideak nabarmendu. Euskaldunok gehienetan jatorrizko hizkuntzatik gaztelera edo agian ingelesera bikoiztuta ikusteko joera daukagu. Baina aukerarik al dago filmak jatorrizko bertsioan ikusi, baina euskarazko azpitituluekin lagunduta? Bai! Aukera horiei buruz arituko gara gaurkoan.

gravity-eu

Zoritxarrez oraindik ez dira filma ugari euskaraz zuzenean ekoizten, nahiz eta aurreko urtean Loreak eta Amamaren adibideak nabarmendu. Baina zalantzarik ez dugu euskaldunok ere ikus-entzunezko kontsumitzaile handiak garela. Gehienetan jatorrizko hizkuntzatik gaztelera edo agian ingelesera bikoiztuta ikusteko aukeraketa egiten dugu; edo horrela saltzen digute.

Askoz erosoago, hori bai, baina ezin da ukatu filma bat bere bertsio originalean ikusten dugunean beste onura batzuk lortzen ditugula: istorioarekin zuzenago lotu eta errealitatea hobeto ulertuko dugu, hizkuntza hori ikasteko edo hobeto ezagutzeko aukera izango dugu…

Eta euskararen kasuan zer gertatzen da? Aukerarik al dago filmak jatorrizko bertsioan ikusi, baina euskarazko azpitituluekin lagunduta? Bai! Helburu horrekin jaio ziren, hain zuzen ere, Azpitituluak eta Filmazpit egitasmoak: filmak bertsio originalean euskaraz azpititulatuta ikusteko aukera ematen dute.

Azpitituluak egitasmoa

Duela ia zortzi urte sortutako proiektua da eta epe luze honetan 700 filmatako katalogoa osatzea lortu dute. Luistxo Fernandezek sortu zuen eta azpimarratu beharra dago, webgunean bertan aurreko urteko bukaeran idatzi zuen artikuluan adierazitakoa irakurriz, egoera iluna ikusten duela eta urte honetara begira aurreikuspen tristea egiten duela.

azpitituluak

Azpimarratu beharra dago erabiltzaileak direla filmak azpititulatu egiten dituztenak, bolondres. Hauek zenbait ekarpen nabarmen egin dituzte urte hauetan eta Toy Story, Cinema Paradiso, Taxi Driver, Eraztunen Jauna edo Edorta Eskuartazi moduko lan handiak euskaraz azpititulatuta izateko meritua eskertu behar zaie.

Webgunean informazioa ondo sailkatuta ikus dezakezu eta modu errazean bilatu nahi duzuna aurkitu. Beraz, beldurrik ez izan eta animatu nabigatzen. Ziur filma edo gai interesgarriren bat topatzen duzula eduki guztien artean.

Webguneak ondoko atalak ditu:

  • Katalogoa: mota (telesailak, labur eta erdi-metraiak edo deskargatuenak); bilduma mota (dokumentalak, Ghibli, Pixar, Musikalak, Disney); edo ekoizpen-urtearen arabera sailkatuta. Behin filma baten erregistrora helduta, honen izenburuan bertan sakatu eta horren fitxa osoa agertuko zaizu, hainbat edukiekin: kartela, sinopsia, fitxa teknikoa eta azpitituluak deskargatzeko aukera.
  • Foroa: gai ezberdinei buruzko eztabaida-gunea.
  • Wikia: filmak euskarazko azpitituluekin ikusi ahal izateko dokumentaziorako atala.
  • Bloga: azken berriak komentatzeko.
  • Erabiltzaileok azpitituluak kargatzeko aukera.

Egitasmo honi, gorabeherak izan baditu ere, zalantzarik ez dago egiten duen lana aitortu behar zaiola. Eta horregatik ere oraintsu 2016ko Euskarazko Komunikazioaren 2016ko Argia sarietan, Interneteko saria jaso du.

Beraz, merezitako zorionak ematea eta aurrera jarraitzeko hauspoa izan dadila!

sufragettes

Filmazpit

Filmazpit egitasmo publikoa da. Zineuskadi elkarteak finantzatutako euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da eta Donostia Kulturak kudeatzen du, Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin.

Kasu honetan, egitasmo honek zinemaldietan emandako zenbait film beren interesagatik hautatu, proiektatzeko eskubideak erosi eta euskaraz azpititulatzea aurreikusten du eta ondoren kultur erakundeen esku jartzea, film hauek jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin proiekzio ez komertzialetan eman ahal izateko.

filmazpit

Katalogoa anitza da, webgunean zuzenean kontsultatu daiteke eta ekoizle, jatorri, sorterri, gai eta genero ezberdinak agertzen ditu. Aldi berean, beraien bitartez bideratutako proiekzioen agenda osoa ikus daiteke, herriz-herri.

Canal +eko estreinaldiak euskarazko azpitituluekin

2014ko bukaeran Eusko Jaurlaritzak akordio berezia sinatu zuen Canal + katearekin. Honen arabera, Distribuidora de Televisión Digital (DTS) enpresari urte anitzeko diru-laguntza zuzena ematea erabaki zuen, 2014-2016 epealdian Canal + plataformaren fikzio-estreinaldietan euskarazko azpitituluak jartzeko.

Hiru urterako egin zuten hitzarmena eta, modu honetan, Canal+ek estreinatuko dituen filmen %60a euskarazko azpitituluak izan behar dituzte.

Zuzenean Irekiaren bidez galdetu dugu zein izan den orain arte sortutakoa eta hauek dira datuak:  2014an, 47 film eta telebistako 8 serieko kapitulu azpititulatu ziren. 2015ean, berriz, 232 film eta telebistako 217 serieko kapitulu azpititulatu ziren. 2016rako DTS enpresak duen konpromisoa da, 100 film eta 110 serieko kapitulu azpititulatzea.

Beraz, guztira, aurten ia 380 filma eta telesail ezberdinetako ia 350 kapitulu izango ditugu euskaraz.

et

Lehenengo urtean Canal +ek bakarrik izan zuen erabiltzeko eskubidea eta urte hau pasatuta, Jaurlaritzak eskuragarri jarriko dituela sinatu zuten. Aurten betetzen da epe hori. Gai honi buruz galdetuta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere webgunean filmen eta serieen azpitituluak eskegitzeko asmoa duela adierazi digu, egindako lanararen informazioa guztion esku eskuragarri jartzeko.

 

Beraz, badakizu aukerak daudela filmak jatorrizko hizkuntzan ikusi eta horretatik esperientzia aberasgarria izateko eta bide batez istorioaren haria arazorik gabe euskaraz jarraitu ahal izateko.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

2 iruzkin

Iruzkina idatzi nahi baduzu