Euskal egitasmoak Euskara ingurune digitalean

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak proiektu berritzaile bat jarri dute abian ikasleentzat baliagarriak izango diren 1.000 artikulu baino gehiago sustatzeko euskarazko Wikipedian egitasmo estrategikoa baita euskara ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko konpromisoa betetzeko.

Akordio honi esker, euskarazko Wikipediaren sustapenean murgilduta dauden lagunek proiektu zehatz bat garatuko dute, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat baliagarriak izan daitezkeen 1.000 artikulu baino gehiago sustatzera bideratuta. Prozedura zehatz eta landu bati jarraiki garatuko da proiektua, auzolan erraldoi bat sustatuz unibertsitateekin, kultura eragileekin edota Lanbide Heziketako zein Batxilergoko ikasleekin batera.

Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. Orain dela 16 urte sortua, munduko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Euskarak ere badu bere lekua hauen artean, ez nolanahikoa gainera: artikulu kopuruari dagokienez, munduko 31. hizkuntza da. Beste hainbat lekutan bezala, ikasleak dira hauen irakurlerik fidelenak eta ezinbesteko tresna bilakatu zaie.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hala eskatuta, adin-talde zehatz batek izan ditzakeen beharretara bideratu da proiektua; izan ere, Euskararen Aholku Batzordeko IKTen inguruko batzorde-atalak euskarazko Wikipedia indartzeko premia ikusi zuen. Bisita-kopuruen inguruko grafikoek argi erakusten dute ikasturtean zehar ikasleek sortzen duten trafikoa, baita gai zehatz batzuek duten nagusitasuna ere. Dauden gabeziez jakitun, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea ate ezberdinak jotzen hasi zen proiektua ahalik eta egokien kudeatu ahal izateko.

Lehenengo pausoa Curriculum dekretua hartzea izan zen, honek definitzen baititu derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan jakin beharrekoak. Berritzegune Nagusiarekin dokumentu mardul honen barruan azaltzen diren kontzeptuak identifikatzea eta iragaztea izan zen hurrengo urratsa. Eta hortik atera ziren ikasleen beharretarako funtsezkotzat hartzen diren artikulu horiek. Helburua 1.000 artikulu inguru ateratzea zen, baina atal bakoitzean ikasten dena ikusita 1.600 atera dira lehenengo zerrenda. Prozesuan zehar gai gehiago sar litezke zerrenda horretan eta, itxura guztien arabera, 1.000 artikulu egiteko lehen xede hori gaindituko da.

Euskarazko Wikipedia osoaren %0,5 baino ez dira artikulu horiek, baina bisita guztien %7,3 dira gurean. Gainera, gaikako joeren grafikoek argi erakusten digute gai batzuen eta ikasleen eskola egunen arteko lotura. Hortaz, aukeraketa egokia iruditzen zaigu. Kasu batzuetan, egun dauden artikuluak hobetuko dira, eta beste batzuk, berriz, berriak izango dira”, adierazi du Galder Gonzalezek.

Hautatutako gai horiek 15 esparru ezberdinetakoak dira: Matematikak (100 artikulu); Geografia eta Historia (300); Hizkuntzak (50); Ekonomia Ekintzailea (100); Plastika eta Ikus-entzunezkoak (150); Biologia eta Geologia (200); Kultura Zientifikoa (50); zeharlerroa: Emakumea eta Generoa (70); Kultura Klasikoa (100); Musika, Dantza eta Antzerkia (150); Fisika eta Kimika (150); IKTak (40); Literatura (50); Filosofia (50); eta Gorputz-hezkuntza (50).

Azkenik, hiritarrek ere parte har dezakete proiektuan, eta informazio guztia eskuragarri izango dute http://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza webgunean edota http://wikimedia.eus blogaren bitartez. Eskoletako kideek proiektuan parte hartzeko interesa izanez gero hezkuntza@wikimedia.eus helbidera jo ahal izango dute.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu