Bilboko Udalak Euskarazko musika lehen barrutian programa martxan jarri du. Honen arabera, Deustu eta San Inazioko auzoetan eguenero euskal musikaz gozatzeko aukera egongo da. Leku ezberdinetan eta doan. Eta gu, nola ez, ekimen honetara batu gara eta Euskararen Etxean ere kontzertua izango dugu.
Eszenatoki ezberdinak izango dira lehenengo barrutian zehar: Ramon y Cajal, Deustuko Udaltegia, La Haceria, Salestarren Eliza eta gure egoitzan, Euskararen Etxean.
Zikloa Gibelurdinek folk taldeak hasiko du bihar bertan, hilak 5, eta gero San Inazio eta Deustoarrak abesbatzak; Josu Bergara kantautorea; Euskaljazz Konnection eta Estankona pop-rocka entzuteko aukera izango da.Beraz, jazz musikatik hasi eta rocka, folka eta habaneretaraino… denetariko musika estiloak jorratuko dira hilaren 5, 12, 19 eta 26an, 19:30etan eskainiko diren doako kontzertu hauetan.
Zikloa, folk musika lantzen duen Getxoko Gibelurdinek laukoteko mutilek hasiko dute. Jai-giroko kaleko kontzertu honi esker eta leku desberdinetatik ekarritako musika-tresnen laguntzaz, alaitasunez beteko dute Deustuko Ramon y Cajal kalea, mundu osoko musika herrikoietan inspiratutako doinuen bitartez.
Ekainaren 12an, zikloak saio bikoitza eskainiko du. Alde batetik, ekimena Deustuko Udaltegira (Agirre Lehendakaria Etorbidea, 42) aldatuko da eta bertan, gitarraren akonpainamendu soilaz, Josu Bergarak merkaturatuta dauzkan ‘Karramarroen Hiria’ eta ‘Nora zoaz’ diskoetan bildutako doinuak eskainiko ditu. Bestalde, Salestarren Elizan, Bilboko musika koralean erreferentziatzat jotzen diren San Inazio Abesbatza eta Deustoarrak Abesbatzaren arteko emanaldi bateratua egingo da.
Hurrengo eguenean, jazz musikaren txanda izango da Euskaljazz Konnection taldearen eskutik. Seikote honek euskal musika herrikoia ozeanoaz bestaldeko musika-tradizioetako oihartzunekin uztartzen du eta emanaldia La Haceria aretoan izango da.
Eta azkenik, Borja Estankonak zikloa itxiko du Euskararen Etxean, San Ignazion (Agoitz plaza, 1), hilaren 26an. Arratiako kantautoreak bi disko plazaratuak ditu dagoeneko (‘Estankona’ eta ‘Fruitua’), eta batean zein bestean, agerian utzi du popa, rock aurrerakoia, countrya eta balsa bezalako musika-estilo desberdinekiko zaletasuna.
Animatzen zarete? Zatoz euskal musikaz gozatzera!!