Azkenaldian konturatuko zineten tarte berezi bat eskeitzen ari garela euskaraz egindako ekimenei. Hori dela eta, post honetan zenbait ekimen bilduko ditugu, eta kasu honetan denek komunean gai bat dute, musika hain zuzen ere, batzuetan instrumentu bat jotzen ikasteko, eta beste batzuetan euskal kantak ulertzeko eta ikasteko. Izan ere, euskaldunok beti harreman oso estua izan dugu musikarekin, eta hori nabaritzen da.
Lehenengo ekimenarekin hasiko gara orduan, Jo Ukelelea ekimena da. Jo Ukelelea ekimenaren protagonista Izaskun Canga da, bilbotarra eta ukelelezale amorratua. Ukelelea jotzen ikasteko kanal bat du Youtuben, eta bertan euskaraz sortutako tutorialak topatuko dituzue. Euskararen Etxean ukelele ikastaro bat egin genuen euskaraz eta oso arrakastatsua izan zenez, beste bat martxan jarriko dugu laster. Beraz, zu ere ukelelezalea bazara eta instrumentu hau jotzen ikasi bahi baduzu Izaskunen bideoekin hasten saia saitezke.
Bigarren ekimenean, alboka dugu protagonista, Albokerue ekimenarekin, hain zuzen. Fede de Dios da ekimen honen protagonista eta honek ere musutrukeko alboka tutorialak, partiturak eta beste tresnen informazioa eskeintzen du bere webgunean, dena euskaraz noski. Gainera Fedek ikastaroak ematen ditu, alboka, Bizkaitar Dultzina, Pandero, Kaja eta Perkusioak (goilarak, txaramelak eta kainubera) jotzen ikasteko. Ikastaroak Santurtzin, Larrabetzun, Durangon, Galdakaon eta Lezaman egiteko aukera daukazue.

Albokerue
Beste instrumentu bati ekingo diogu orain, kasu honetan, soinu txikia izango da. Zenbakiz egitasmoa. Egitasmo honen helburua ez da instrumentua ikasten jakitea, trikitixa sortzeko web aplikazio aurreratu bat da, hain zuzen ere, trikitixa bere zentzu zabalenean ulertuta (musika eta zenbakiak), horixe baita gure hizkuntza eta kulturaren adierazpideetako bat. Horretarako trikitixako partiturak osatzeko editorea sortu dute. Editore hau ordea ez da trikitixan zentzu itxian oinarritzen, baizik eta musika tresna diatonikoak oro har ditu helburu. Gainera, proiektu dinamiko baten aurrean gaude, etengabe jasotzen baitira trikiti munduko adituen ekarpenak eta ondorioz etengabe ideia berriak eta hobekuntzak inkorporatzen goaz proiektura.
Besteak beste, trikitixa doinuak erreproduzituko dituen, kantuen letrak txertatuko dituen eta tresna diatonikoekin sorkuntza lanak egiten lagunduko duen aplikazioa da. Horri guztiari gune parte-hartzailea gehitu zaio. Hau da, jendeak bere partiturak zintzilikatzeko gunea izan dezan nahi da, beste batek sortutako partituraren gainean egokitzapenak egin eta lan berria sortzeko aukera izan dezala nahi da. Horrela, kultura librearen aldeko egitasmo bat litzateke hau. Beraz, web aplikazioaz gain, partituren elkartrukerako webgunea ere bada.
Musika ikasteko metodoa badago, partiturak hain zuzen ere. Baina tresna diatonikoak herri musikaren adierazpidea dira eta kasu horretan urtetan zehar musika ikasteko metodoak tradizionalak izan dira, aurrez-aurrekoak eta belarriz ikasiak. Proiektu honen helburu nagusia metodo tradizional horiek informatizatzea izan da, teknologia berriak erabiliz profesionalizatzea.

Zenbakiz, trikitixa editorea
Azkenik, musikarekin erlazionatutako beste ekimen bat dugu, Txantxangorria Euskal Karaokea. Ziurrenik ezaguna egingo zaizue ekimen hau, euskarazko kanta herrikoiak, ezagunenak eta ohikoenei letra jartzen dio bideoetan Gabi de la Mazak, eta horrela euskaldun zein ez euskaldunek abestiak abesteko gai dira.
Gabi de la Maza da ekimen honen atzean dagoena, bere irakaskuntzako lan jardueran (Euskal Girotze Barnetegia) betidanik euskal abestiak esparru handi bat bete dituzte. Ikasleekin abestiak lantzeko etapa desberdinetatik pasa ondoren barnetegietan. Hasieran ikasleek abestiak aukeratu, biniloak martxan jarri eta idazmakinez egindako abesti txostenak irakurriz abesten genuen.
Gero informatika ailegatu zen eta txostenak hobetzen joan ziren. Kasete eta biniloetatik CDetara pasa egin genuen, gero mp3ra. 2005 urtearen inguruan Karaokeak egiteko aukerak bilatzen programa batzuk probatu eta azkenean handik urte batera oso erreza den KARAFUN programa topatu zuen Gabik. Orain karaokeak egiteko, KARAFUN bakarrik erabilita nahikoa izan arren efektu bereziak lortu nahian Pinnacle Studio erabiltzen du. 2008an ikasle batzuk Youtuben eskegitzeko eskatu zidaten, eta hortxe hasi zen Txantxangorria Euskal Karaokea.
Kanal honetan, eskegitzen ditu karaokeak hasieran mpg4an igotzen zituen, horregatik lehenengo bi urtetan igotakoak kalitate txikiagoa dute, orain mpg2an igotzen dituelako.
Gaur egun bere YOUTUBE bi kanaletan, txatxangorria eta euskalkaraokeak 1.500 karaokeen muga gainditu du eta laster 40.000.000 bisiten muga lortuko du ere bai!
Artikulu ederra! 🙂 Politta benetan gure herrian musika euskaraz sustatzeko egiten diren ekimenen berri izatea. Mila esker!