Kutxa Ekoguneak asmatutako Euskararen Ginkana lehiaketaren 4. edizioa ospatuko da aurten.
Lehiaketa honek, euskararen inguruan, euskaraz eta euskararekin dibertitzeko aitxakia hartuta, taldekako lana eskatzen du eta parte hartzen duten talde hauek proposatzen diren sei frogak gainditu beharko dituzte.
Aurtengo gaia IKTak eta ekologia izango da eta lehiaketa honek sustatzen dituen helburuak gureak direnez baita ere, edizio honetan Kutxa Ekogunearen bidaikidea izango gara eta elkarlanean lehiaketaren antolatzaileak izango gara.
Taldekako parte-hartzea eskatzen duen ginkana berezi honek euskararen aldeko proiekturen bat gauzatu edo babestea da helburua. Beraz, parte-hartzaileek talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko beharko dute. 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira parte hartu ahal izateko.
IKT eta ekologiaren inguruko gaiak proposatuko ditugu, astero bat eta taldeek hauek gainditu beharko dituzte. Finalera puntu gehien lortuko dituzten lau taldeak helduko dira eta irabazten duen taldeak 3.000 euro eskuratuko ditu, proposatu duen euskararen aldeko egitasmoa burutzeko.
Egitasmoari dagokionez ez dago mugarik eta aurrez martxan daudenak edo burutu nahi direnak izan daitezke. Baldintza bakarra, euskararen aldeko ekarpena izatea, edozein arlo eta formatuan.
Zer egin behar da parte hartzeko?
Dagoeneko hasi berri da Euskararen Ginkanan izena emateko epea. Parte hartzea erraza da:
- 4-6 laguneko taldea osatu.
- www.euskararenginkana.net webgunean izena eman. Talde bakoitzak bere burua aurkeztu eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideotxo baten. Izen emate epea otsailaren 18an bukatuko da.
- Frogak: otsailaren 19tik aurrera www.euskararenginkana.net webgunean astero froga ezberdin bat proposatuko dugu.
Denetarik egongo da, baina beti umore onez eta dibertitzeko helburuarekin; eta hezigarriak izango dira baita ere, ez pentsa!
Egitasmo bat daukazu euskararen alde? Ideia bat duzu buruan zure herrian, auzoan, lantokian… euskara sustatzeko eta aurrera eramatea da zure ametsa?
Orain aukera duzu hau gauzatzeko. Animatu eta parte hartu Euskararen Ginkanan!