Euskararen Etxea

Euskararen Etxean ekitaldiak euskaraz hilero!

Euskararen Etxea

Euskararen Etxea 2004tik zabalik daukazue eta bere helburua euskararen gune espezializatua izatea da. Euskararen Etxea Bilboko San Inazio auzoan dago eta 4 solairu ditu.

Euskararen Etxea

Euskararen Etxea

-Beheko solairuan: bi areto handi balioanitz ditugu, aurkezpenak, kontzertuak, erakusketak, mintegiak, batzarrak edota jardunaldiak ospatzeko. Euskararekin erlazionatutako edozein ekitaldi ospatzeko dira, eta jendeari eskaintzen dizkiogu. Gelen ekipamendu teknikoa, ezaugarriak ezagutzeko eta erreserba egiteko sartu zaitezkete esteka honetan.
-Lehenengo solairuan: Euskararen Interpretazio Zentroa dago. Urtero 5.000 bisitarik bisitatzen dutena eta euskararen munduko gune espezializatu bakarra da. Bisita gidatua izan daiteke eta 4 hizkuntzetan bisitatu daiteke: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Astelehenetik ostiralera zabalik duzue goizeko 9etatik arratsaldeko 17ak arte, eta hilean zapatu bat goizez. Bisita doakoa da. Informazio gehiagorako sakatu hemen.
-Bigarren solairuan: Areto Gorria dago, aurkezpenak eta batzarrak egiteko erabiltzen dena, eta Multimedia Gunea dago, ikastaroak ordenagailuekin emateko erabiltzen dena, egunero Euskararen Interpretazio Zentroa bisitatzera datozen ikasleekin Komiki Digitalen lantegi bat egiten da.
-Hirugarren eta laugarren solairuetan euskararen alde lan egiten duten hainbat erakunderen bulegoak daude: Bizkaiko Ikastolen Elkartea, Topagunea, Mendebalde Kultura Alkartea, etab.

Azkue Fundazioa Euskararen Etxearen kudeaketaz arduratzen da. Aurten bi espazio berri sortu dira, beheko solairukoak hain zuzen. Helburua bikoitza izan da: alde batetik Euskararen Etxea hirira zabaltzeko eta bertan egiten diren jarduerak gizarteari eskaintzeko. Eta bestalde, euskaraz egiten diren ekitaldi orok leku ordezkagarri bat izan dezaten Bilbo eta Bizkaian.

Espazio hauetan hilero ekitaldi ezberdinak egongo dira, apiriletik hasi eta urte bukaera arte. Hileroko ekitaldien programa itxi bezain laster informatuko dugu. Maiatzean, beraz, hauxe daukagun ekitaldia:

Ostiral honetan, maiatzak 16, arratsaldeko 19etan, Euskararen Etxearen beheko solairuan, Mor More eta Arrutiko Intxaurrak taldearen kontzertua izango dugu. Eta aipatu dugun moduan doakoa izango da.

Mor More eta Arrutiko Intxaurrak zarauztarrak elkarrekin egiten ari dira hainbat kontzertu. Bira horren baitan, kokatzen da Bilboko Euskararen Etxean, ostiral honetan, maiatzak 16, egingo den emanaldia.


Ane Arruti zarauztarrak 2012ko uztailean grabatu zuen bere estreinako maketa, eta, egun, grabazio horretako sei kantuak aurkezten ari da hainbat tokitan.

Maketak dozena erdi kantu biltzen ditu: Lonja Zarra; Izpiak; Amildegia; Herdoila; Txintxilik eta Feisbuk; kantuok Arrutiko Intxaurrak izenburupean jaso ditu.

Egun, lasai ari da, sei abestiok eta beste batzuk aurkezten, han eta hemen: “Lehenengo maketatxoa sei kanturekin grabatu nuen iazko udaberrian. Beste bospasei kantu baditut dagoeneko. Ez dut pentsatu oraindik zer egin, orain edo kantu gehiago ditudanean grabatu, bakarrik edo talde baten laguntzarekin… Auskalo, ez dut presarik”.

Ane Arruti, edo Arrutiko Intxaurrak, zarauztarra da, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Gara egunkarian ari da lanean kulturako gaietan. Ordenagailuko idazkiak musikarekin uztartzen dituen horietariko bat da.

Mor More taldea, halaber, Zarauzko bi neska gaztek osatzen duten musika egitasmoa da. Musika akustikoa eta lasaia egiten dute, ahots gozoez lagunduta. Bost hilabeteko geldialdiaren ostean, Izuak eta suak bere lehenengo diskoa aurkezten dihardu.

Adi hurrengo hilabeteetako programaziora! Gogoratu ekitaldi guztiak doakoak izango direla! Euskararen Etxean itxaroten zaituztegu!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu