Euskararen Etxea

Euskararen Etxeak Loraldiaren emanaldi bat hartuko du

Loraldia jaialdiaren seigarren edizioa Hamaika Desira lelopean egingo da martxoaren 10etik 29ra bitarte. Hala, 20 egunez, Bilboko 15 gune euskarazko kultur sorkuntzaz beteko dira. Gaur aurkeztuko dituzte loraldi berriaren egitarauaren nondik norakoak Bilboko Rekalde Aretoan.

 Euskararen Etxeak egitarauko emanaldi bat hartuko du, Muga proiektuaren emanaldia, martxoaren 25ean, 20:30etik aurrera. Ekitaldi hori Euskararen Etxeak berak astelehenean, otsailak 17, 11:30ean, aurkeztuko duen Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren baitan ere kokatzen da.

Hartara, ekitaldia Euskararen Etxearen eta Loraldiaren arteko elkarlanaren emaitza da. Egitasmoak musika, poesia eta ikus-entzunezkoak uztartzen ditu.

 Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Xabier Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiña, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa. “David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasten da historia…”.

Bestalde, Loraldia martxoaren 10ean hasiko da Bira Kultura gunean egingo den Euskal musikaren historia bat. Iparragirre-Urdangarin bidaia hilezkorra izenburuko ekitaldiarekin, 19:30ean. Mikel Urdangarin musikariak eta Joseba Martin kazetariak euskal musikaren historia jakin bat aurkeztuko du, Iparragirre eta Urdangarinen ibilbideak batuz. “Bi kantautoreren arteko sokari tiraka gure nortasuna azalaraziko da. Kantatzen duen herria ez baita inoiz hilko”.

Guztira 29 ekitaldi ikusi ahalko dira Loraldian, eta ekitaldiotan askotariko euskal sortzaileek parte hartuko dute: Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe, Miren Agur Meabe, Amorante eta Aitor Gametxo; Pessoa eta Sarrionandia casa do fadon, Mikel Antza eta Diana Villarinho fadoa edo Zaharkitze programatua, Garbiñe Ubeda, Alaia Martin, Onintza Enbeita eta Don Inorrez. Loraldiak aurten ere egitarau oparoa ondu du, euskal sorkuntza garaikidearen potret koloretsua.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu