Euskararen Etxea

Euskararen Etxeak Goi mailako Bikain ziurtagiria jaso du

Atzo banatu zituzten Donostiako Kursaalean Bikain euskararen kalitate ziurtagiriak, eta Azkue Fundazioak kudeatzen duen eta Bilbon dagoen Euskararen Etxeak Urrezko Bikain edo Goi mailako Bikain ziurtagiria lortu du.

Iurdana Acasuso Azkue Fundazioaren zuzendariak jaso zuen Urrezko Bikain ziurtagiria. Acasusorekin batera Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura Eta Kirol Saileko Foru diputatua eta Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak izan ziren ekitaldian.

Hala, azaroan, Bikain ebaluatzaile taldeak euskarak Euskararen Etxean duen presentzia, erabilera eta kudeaketa neurtu zituen, eta ebaluazio horren ondorioz, Euskararen Etxeak ziurtagiriaren maila gorena lortu du; hain justu, 950 puntuko emaitza.

Txostenaren arabera, “Euskararen Etxean, euskarak lehentasuna du estrategian. Hiru zerbitzu nagusi eskaintzen ditu, eta guztietan euskara da ardatza, euskara bera da etxearen produktua eta lanabesa. Hizkuntza-irizpideak zehaztuta daude eta funtzionamenduan integratuta”.

Euskadiko 25 enpresa eta entitatek jaso dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak ematen duen Bikain euskararen kalitate ziurtagiria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua buru izan den ekitaldian.

Aurten, orotara, 25 enpresa eta entitatek jaso dute ziurtagiria: horietatik, 17k goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute; 5ek tartekoa den zilarrezkoa, eta 3k oinarrizkoa. Behin ziurtagiri berri hauek banatuta, guztira, 393 dira azken 11 urteetan banatu diren ziurtagiriak, 75.500 langile hartzen dituzten enpresen artean.

Bikain ziurtagiria jaso duten Bizkaiko beste erakundeak hauexek izan dira: Bermeoko Udaleko Behargintza zerbitzua (Goi mailako bikain), Dimako Udala (Goi mailako bikain) eta Athletic Club Fundazioa (Oinarrizko mailako bikain).

Bikain Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du.

bikain_3

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu