Euskal egitasmoak

Euskararen erabileraren datuak: Bermeon, Erandion, Ermuan, Gernika-Lumon, Igorren, Ondarroan eta Zaldibarren

kaleneurketa

Soziolinguistika Klusterrak, 2016ko irailetik azarora bitarte, Bizkaiko 33 udalerrietan egin zituen kale neurketak, herrietako kale eta plazetan herritarren hizkuntza ohiturak aztertzeko. Euskararen erabilerari buruzko datu zehatzagoak jaso dituzte Igorren, Zaldibarren, Erandion, Bermeon, Gernika-Lumon eta Ondarroan.

Argitaratutako zenbakien arabera, historikoki euskararen erabilera handia izan duten herrietan behera egin du erabilerak, adibidez: Gernikan, Bermeon eta Ondarroan, eta aldiz, kontrako joera nabari da Igorre, Zaldibar eta Erandion kale neurketetan, gora egin du euskarazko elkarrizketa kopuruak.

Soziolinguistikako Klusterrak herriz herri egindako kale neurketeta, 1989 urtetik [5 urtero behin] eta, ordutik, honako joera hauek aztertu eta aurkeztu dituzte:

BERMEO

Euskararen erabilerak behera egin du Bermeon 1996tik, eta, joera horri tiraka, 3 puntu jaitsi da euskararen erabilera 2011ko datuekin alderatuta. 2.238 elkarrizketa eta 6.353 hiztun aztertu dira orotara, eta solasaldien %33,3 izan dira euskaraz. Azterketen arabera, bermeotarren kale solasaldien %63,6 gaztelaniazkoak dira, eta beste hizkuntza batzuetan aritzen dira %2,8. Azken 25 urteetan euskal hiztunen kopurua nabarmenki gutxitu ez den arren, euskara dakitenen kopuruan beheranzko joera nabari da 1996tik.

Bermeotarren artean, adinekoak dira euskara gehien erabiltzen duten herritarrak. Azken neurketaren arabera, 65 urtetik gorakoen arteko elkarrizketen %52 dira euskaraz. Haurren artean, %36,3an dago ehunekoa. Baina datuak nabarmen egiten dute behera gazteen eta helduen arteko solasaldiei begiratuz gero. 24 eta 64 urte bitartekoen %27,8k egiten dute euskaraz, adibidez.

Nabarmentzekoa da 15 eta 24 urte bitartekoen artean, gazteen arteko elkarrizketetatik %14,8 baitira euskaraz. Gainontzeko herrietan bezala, haur eta helduak elkarrekin azaltzen diren solasaldietan areagotu egiten da euskararen erabilera, eta elkarrizketen %52,5 dira euskaraz.

Klusterrak 2016an egindako neurketa aztertuz gero, adin talde guztietan egin du behera erabilerak Bermeon. Baina haurren datuak dira gehien jaitsi direnak: 2011ko azterketan jasotzen zenez, %42,4k egiten zuten euskaraz, eta 6 puntu egin du behera bost urtean. Edonola ere, lagina handiagoa izan zen 2011koan, 14.902 solaskide aztertu baitzituzten.

Bermeoko Txostena

ERANDIO

Apur igo da euskararen kale erabilerak Erandion. 2.325 elkarrizketa eta 7.067 hiztun aztertu ditu Klusterrak, eta solasaldien %2 izan dira euskaraz. Ehunekoa baxua bada ere, are txikiagoa zen 2011an: %1,3a, alegia. Edonola ere, azken hamarkadako datuak begiratuz gero, bestelakoa da ondorioa, 2006ko kale erabileraren neurketaren arabera %4,2 baitzen euskarazkoa. Gauzak horrela, Klusterrak azken hamar urteetan egindako neurketak alderatuz gero, %52,38 jaitsi da euskararen presentzia udalerrian. Baina denboran atzera eginez gero, bestelakoa da interpretazioa; 1989ko euskararen erabilera %1 baitzen Erandion. Hortaz, bikoiztu egin da erabilera ordutik.

Aztertutako gainontzeko herrien antzeko joerak nabari dira Erandion ere. Klusterrak bildutako datuen arabera, haurren artean erabiltzen da euskara gehien udalerrian: %2,7a. Ehunekoa handitu egiten da ume eta adinekoen arteko solasaldiak aztertzen baldin badira. Kasu horietan, haurren %4,7 aritzen dira euskaraz.

2011ko erroldaren arabera, Erandioko biztanleen %23,4 euskalduna da eta %3,9 litzateke euskararen erabilera tasa.

Erandioko Txostena

ERMUA

Ermuan gora egin du euskararen erabilerak azken bost urteetan. 2.745 elkarrizketa eta 6.739 hiztun aztertu ditu Klusterrak, eta euskararen erabilera %9,4koa dela ondorioztatu dute behaketan. Ia 6 puntu eta %140 igo da 2011ko kale neurketatik —orduko hartan neurtu ziren solasaldien %3,9 izan ziren euskaraz—. Bien bitartean, %88k gaztelaniaz egiten dute eta %2,6k bestelako hizkuntzak erabiltzen dituzte.

Herri gehienetan bezala, haurrak dira Eibarren euskara gehien erabiltzen dutenak: %17,4k dira orain, eta %6 ziren 2011ko kale neurketan. Adinekoak dira gutxien aritzen direnak: %5,2k besterik ez dute euskaraz egiten.

Ermuako Txostena

 

GERNIKA-LUMO

Behera egiten ari da euskararen kale erabilera Gernika-Lumon ere. Hala erakutsi dute bost urterik behin Klusterrak egin dituen azterketen emaitzek, eta norabide beretik jo du azken kale neurketak ere; izan ere, ia 3 puntu egin du behera Gernikan euskararen erabilerak azken bost urteetan. 2016ko neurketarena arabera, kalean entzundako hamar elkarrizketatik bost euskaraz izan dira Gernikan; hau da, %49,4. 2011an, %52an zegoen ehuneko hori eta %57,3an, berriz, 2006an.

Azterketak ondorioztatu duenez, haurrak eta gazteak dira Gernikan euskara gehien erabiltzen dutenak. 2 eta 14 urte bitartekoen %62,2k erabiltzen du euskara, eta 15 eta 24 urte bitartekoen %54,2k. Helduak dira, beraz, euskara gutxien erabiltzen dutenak.

Gernika-Lumoko Txostena

IGORRE

Azken urteetako joerari heldu dio Igorrek oraingo azterketan ere, eta gora egin du kale erabilerak. 2016ko neurketarako, 4.552 herritarren 1.655 elkarrizketa behatu ditu Klusterrak; solasaldi guztien artetik %53,3 izan dira euskaraz. Duela bost urteko neurketako datuen arabera, %46,8koa zen euskararen kale erabilera. Hortaz, ia 7 puntu egin du gora. Azken hamabost urteetan egin diren azterketen arabera, urtez urte, igo egin du euskararen erabilera Igorren. Edonola ere, kontrako norabidea hartu dute hizkuntza gaitasun eta ezagutzari dagozkien datuek: 2011ko zenbakien arabera, %68 ziren euskaldun herrian, baina 1996an ia hamar puntu gorago kokatzen zen ehuneko hori: %77,2an, alegia.

Adin tarteei dagokienez, haurrak dira herrian euskara gehien erabiltzen dutenak. 2 eta 14 urte bitartekoen artean, %68,8 aritzen dira euskaraz, eta helduen artean %47 da erabilera. Bestalde, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, eta 64 urtetik gorako adinekoen artean egin du behera erabilerak: lehen multzoan %39,2 da euskararen erabilera, eta %38, berriz, helduen artekoa.

Igorreko Txostena

ONDARROA

Ondarroan ere behera egin du euskararen erabilerak, azken azterketak ondorioztatu duenez. 4.634 elkarrizketatik %79,7 egin dira euskaraz 2016 urtean; 2011n, berriz, %93,6 zen euskarazko solasaldien portzentajea. Duela bost urte, lagina handiagoa hartu zuten, eta zehatzagoak dira datuak horregatik —7.038 elkarrizketatu ziren ordukoan—.

Haur eta gazteen artean daude erabilera daturik onenak: %92 inguruko erabilera dute biek. Eta helduak dira Ondarroan euskara gutxien erabiltzen dutenak: %73. Nagusien elkarrizketei dagokienez, %76,5 dira euskaraz. Elebiduntzeko joera dagoela azpimarratu dute eta egiten diren politika orokorrek herri erdaldunak euskalduntzera bultzatzen dituzten heinean, herri euskaldunetan ere eragina daukatela azpimarratu dute.

Ondarroako Txostena

ZALDIBAR

1.098 elkarrizketa eta 3.274 hiztun aztertu ditu Klusterrak Zaldibarren azken azterketa egiteko, eta bertatik ateratako datuen arabera, 8 puntu egin du gora euskararen kale erabilerak herrian: solasaldien %27,6 euskarazkoak dira, azken txostenaren arabera. 2006an, %19,1 zen portzentajea, eta, 2011n, berriz, %21,7.

Euskararen presentzia handitu egiten da Zaldibarren haur eta helduak elkarrekin azaltzen direnean. Klusterrak kaleratutako datuen arabera, kasu horretan, nabarmen egiten du gora euskarazko elkarrizketen ehunekoak, %41,6ra iristeraino. Kontrako joera nabari da nagusiak bakarrik daudenetan: %14,9ra jaisten da euskararen erabileraren ehunekoa; eta %22ra, berriz, haurrak bakarrik daudenetan.

Haurren erabileraren gorakada da Zaldibarren azpimarragarriena: solasaldien %40,5 dira euskaraz. Gazteen artean, %24,3k erabili dute euskara, %21,2k helduen artean eta %27k, berriz, adinekoen artean.

Datu guzti hauetatik ondorioztatu dezakegu, oro har, Bizkaiko zazpi herri hauetan, haurren eta helduen arteko elkarrizketetan entzuten dela euskara gehien.

Zaldibarreko Txostena

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu