Euskara ingurune digitalean

Euskararen erabilera interneten hazten doa, batez ere gazteen artean

Euskal Autonomi Erkidegoan, ehuneko 99ak gaztelaniaz nabigatzen du interneten, Eustateko 2015eko informearen arabera. Eta hori datu txarra dirudien arren, normala da guztiz, biztanle denek EAN gaztelania menperatzen dutelako, elebidunak direnek ere. Eta hauek ere normaltasunez gaztelania erabiltzen dute irakurtzeko, informazioa bilatzeko edo aisialdi momentuetan nabigatzeko.

 

Gainera, askotan komentatu dugun moduan, nabigatzeko modua asko aldatu da azkenaldian eta nabigatzen gaudela gauza bat baino gehiago ari gara egiten aldi berean.Informean agertzen diren beste datu interesgarri batzuk agerian utzi nahi ditugu post honetan, benetan garrantzitsuak direnak. Euskararen presentzia Interneten zein den neurtzea oso zaila da, parametro ezberdin batzuk erabili izan ditugu orain arte:

-euskara interneten gehien erabiltzen diren 50 hizkuntzetariko bat dela.
-hizkuntza minorietarioetatik Twitterren presentzia handienetarikoa duena dela.
-Wikipedian euskaraz argitaratuta dauden artikuluak jadanik 100.000 baino gehiago direla eta munduko hizkuntza guztietatik 23. postua daukala euskarak: turkiera, indonesiera edo norvegiera bezalako hizkuntzen aurretik.

Baina parametro hauek ez dute informazio zehatzik ematen jakiteko zenbat erabiltzen den gure hizkuntza sarean. Eustateko azkeneko informazioaren gizartearen inkestan (2015ekoa) datu hauek topatu ditzakegu:

Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleriaren %25,4ak euskaraz nabigatzen du, %25,4ak ingeleraz eta %4,2ak frantsesez. Gipuzkoan ostera euskaraz nabigatzen dutenen portzentaia %38,5era igotzen da eta Bizkaia zein Araban %19,1a da. Ingeleraren erabilera gora doa nabarmen. Baina informe honetan gehien interesatzen zaigun datua hauxe da:

Belaunaldi ezberdinetako datuetan arreta jartzen badugu, ikusiko dugu, 15 eta 35 urte bitartekoek, ia %40ak erabiltzen duela internet nabigatzeko. Hau da, hizkuntza ezagutzen dute, menperatu eta baita erabili sarean nabigatzeko ere, ondorioz, euskaraz nabigatzen duten 3 pertsonetatik 2 gazteak direla.

Interneten EAEn erabiltzen diren hizkuntzak

Interneten EAEn erabiltzen diren hizkuntzak

Aurreko urteko datuekin alderatuz, hau da 2014ko datuekin, ikusten dugu ia 4 puntu gehiago igo dela euskaraz nabigatzen dutenen portzentaia (%21,6 214an izanik eta %25,4 2015ean). Gazteen artean, 2014ko informean %32ak erabiltzen zuela ikus zitekeen, 2015ean ostera portzentai hau dexente igo da, %40a izatera. Beraz goranzko tendentzia itxaropentsua da.

PuntuEUS Behatokiaren arabera, ostera, %17 da euskararen erabilera Interneten. Edo, zehatzago esanda, Interneteko domeinu nagusietan (.eus, .com, .es, .org…) dauden webguneen %17k erabiltzen du euskara, batez beste. Kalean baino zerbait gehiago, baina ez asko: euskararen kale erabilera %13,3 da, azken neurketaren arabera. Kalean euskararentzat biziberritze prozesuak aktibatzen diren moduan aktibatu behar ditugu Interneten ere.

Anjel Lertxundik esan zuen Internetek izan behar duela euskararen zortzigarren probintzia. «Hor ez bagaude, gureak egin du», zioen, «Joanak dira familiak, kaleak eta elizak hizkuntza baten transmisioa guztiz ziurtatzen zituzten garaiak». Hamar urte pasatu dira hitz horiek argitaratu zituenetik, eta diagnostikoa ez da aldatu: iritsi da zortzigarren lurraldea konkistatzeko garaia. Eta horretan gabiltzanok argi dugu euskararen presentzia sarean handituz eta handituz joan behar dugula guztion artean. Hori izango baita gure hizkuntzaren iraupenerako pausu erraldoi bat, izan ere, herriko kaleetan eta etxeetan euskararen egoera eta erabilpena ez doa goranzko tendentzian. 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

3 iruzkin

Iruzkina idatzi nahi baduzu