Euskararen Etxea

Euskararen Egunean, Euskaldun berria aretoa aurkezten dugu

EuskararenEguna2015-Blogerako

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu gaur. Urtero hamaika kanpaina eta ekimen izaten ditugu, aldarrikatzaileak batzuk, ospatzeko gogoa daukaten beste batzuk. Edonola ere, urtez-urte errepikatzen dugun egoera da.

Euskararen Egunean badugu zer ospatu, noski. Eta zer aldarrikatu baita ere.
Azken helburua izango litzateke honelako egun bat behar ez izatea eta guztiak izatea Euskararen Eguna.

Aurten, erakunde nagusiek adierazpen bateratu bat egin dute ospakizunaren inguruan eta berritasunaren bideari ekin diote elkarrekin. Eusko Jaurlaritzak, diputazioek eta udalek euskaldun berriak omentzea erabaki dute. Eta omenaldi hori zuzenean gauzatu eta publikoki antzezteko proposamena ere egin dute: bakoitzak bere eremuan egokien jotzen duen gune publiko bati euskaldun berria izena jartzea, hain zuzen ere.

Helburua, euskaldun berriaren presentzia nonahi hedatzea.
Azken finean euskaldun berriaren ekarpena zabaltzea eta azpimarratzea bilatzen da. Euskaldun berriak euskara ikasteko intentzioa, gogoa, ahalegina, asmoa adierazi eta sinbolizatzen du. Hizkuntzaren taupada bilakatu dira.

Beraz, gaur gune berri eta bereziak ditugu herri askotan euskaldun berrien omenez: plazak, iturriak, kaleak, eraikinak… denetarik egongo da. Hala izango da, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan, areto nagusiari Euskaldun berria aretoa izena jarri diote eta; Bizkaiko Foru Aldundiak izen berbera jarri dio foru liburutegiaren aurreko iturriari; Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek azaldu dute hori egiteko asmoa baita ere.

Eta guk? Euskararen Etxeak ere proposamenari erantzun dio eta gaurtik aurrera Euskaldun berria aretoa izendatu diogu etxeko espazio bati baita ere.
Areto honek plazara ematen du eta kaletik ikus daiteke barruan zer egiten gauden eta alderantziz. Horrela moldatzearen erabakia, hain zuzen ere, ardatz hori hartuta zuen helburua: kalea etxera sartzea eta etxean egiten dena zabaltzea, hedatzea eta ikustea. San Inazio auzoa euskarara hurbiltzea dugu helburu, beste batzuen artean.

 

Euskaldun Berria Aretoa Euskararen Etxea

Euskaldun berriaren aretoan mota ezberdinetako ekintzak burutzen ditugu: hitzaldi eta ekitaldiak, ikastaroak eta lantegiak egiten ditugu; kultur ekintza ezberdinak, publiko mota ezberdinetara zuzenduak; euskararen alorrean lan egiten duten erakundeek baita ere areto honetan burutzen dituzte euren ekintzetariko batzuk…

Euskaldun Berria Aretoa Euskararen Etxea

Beraz, badakizu, egunez egun eta pausuz pausu… zuk ere lagundu dezakezu guztiak izan daitezen Euskararen Eguna! Egin eta izan, horixe da behar duguna.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu