Euskal egitasmoak

Euskaraldiaren lehen hamaikakoa!

Bilbon aurkeztu dute Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialaren Euskal Herriko lehen hamaikakoa. Euskal Herriko lehen hamaikakoa pertsona erreferentzialak eta ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboak osatzen dute: genero, lurralde, adin eta alor desberdinetako pertsonen talde anitza da, modu pertsonalean eta borondatez ekimenean parte hartzea erabaki dutenak ahobizi zein belarriprest rolak erabilita.

 

Zer da hamaikakoa eta zein da Euskal Herriko lehen hamaikakoaren funtzioa?

Hamaikakoa, hamaika laguneko taldea da modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzea erabaki dutenak belarriprest eta ahobizi rollen bitartez. Euskal Herriko hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes urratsa ematea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte.

Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Zer esan nahi du hamaikakoan ahobizi edo belarriprest  izateak?

Euskaraldia ariketa soziala da, ez da euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute parte hartzen dutenek. Horretarako, ahobizi edo belarriprest gisa eman ahalko dute izena udazkenean. Beraz, parte hartzeak ariketa egitea esan nahiko du, praktikatzea edo euskara erabiltzea bi modutara egin ahalko delarik:

Ahobizi: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo dien pertsona da ahobizi, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten die (eta hauek ulertuz gero jarraituko dute euskaraz).

Belarriprest: Ekimenak irauten duen hamaika egunetan, dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarriprest, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke.

Herritar bakoitzak erabakiko du nola hartu nahi duen parte ekimenean. Rolak ez daude hizkuntza gaitasunarekin zuzenean lotuta.

Hurrengo datak Euskaraldiaren agendan

  • Udaltop topaketan Euskaraldia izango da langai, maiatzaren 17an eta 18an. Lehen egunean, aurtengo ekimenari dagozkion gaiak landuko dira. Bigarrenean, 2019ko ekimenari begira jarriko gara. Izen-ematea udaltop.eus webgunearen bitartez egin daiteke.
  • Martxan jarri diren batzordeen mintegiak izango dira datozen asteetan.
  • Gipuzkoa: apirilak 25, Martin Ugalde (Andoain), 18:00-20:30
  • Bizkaia: maiatzak 10, Landako gunea (Durango), 18:00-20:30
  • Nafarroa: maiatzak 12, Katakrak (Iruña), 10:30-13:00
  • Ipar Euskal Herria: ekainak 2, Etxe Handia (Luhuso), 9:30-12:00

Euskal Herriko lehen hamaikakoaren perfila:

Cris Lizarraga
Cris Lizarraga Bilbon jaio zen eta Arte Ederrak ikasi zuen bertan. Belako taldeko abeslaria eta teklista da 2011 urtean taldea sortu zutenetik. Ordutik hona, jaialdi garrantzitsuenetan hartu dute parte: FIB, Arenal Sound, Jazzpana, Sonorama… Bi disko kaleratu dituzte orain arte: Eurie (2013) eta Hamen (2016)

Toti Martinez de Lezea: Gasteizen sortu zen Toti Martinez de Lezea, eta urte askoz itzulpengintzan jardun ostean idazteari eskaini zizkion ordu guztiak. La calle de la Judería, Las torres de SanchoLa HerboleraSeñor de la guerraLos hijos de Ogaiz, La Brecha eta NURen nobelak dira, beharbada, Martinez de Lezearen argitalpen ezagunenak. Hala ere, idazteaz gain, antzerkigintzan ere aritu da Toti Martinez de Lezea, musika taldeetan ere ikusi dezakegu, eta kantuentzat hitzak idatzi edo ballet eta bideoentzat gidoiak ere egiten ditu.

Dani Alvarez: Radio Euskadiko esataria da Alvarez, astelehenetik ostiralera Boulevard saioa gidatzen du goizetan. Aurpegi ezaguna bilakatu zen 2016ean “El lector de huesos” telebista saioa egin zuenean, Paco Etxeberria forensearekin batera.

La Basu: hamarkadan hasi zen rapeatzen etxebarriarra. Garai hartan neska bakarra bazen ere, urte batzuk geroago, emakumezkoen talde bat eratzea lortu zuen: Jungla Urbana. 2001ean #k maketa kaleratu zuen. 2013an Remixes eta 2015ean Aire es vida diskak argitaratu zituen. 2016ean, berriz, euskara hutsezko lehen EPa atera zuen, Izotz erregina.

Pedro Miguel Etxenike: Pedro Miguel Etxenike Izaban jaio zen, Nafarroan. Munduko zientzialari esanguratsuenetakoa da, eta horren erakusle Europako Fisika Elkarteko ohorezko kide izendatu dute duela astebete (mundu guztiko 20 zientzialari onenak daude bertan). Nafarroako Unibertsitatean lizentziatu zen eta Fisikan Doktorea da Cambridgeko unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako euskarazko 15 lan baino gehiago azaltzen dira, Donostiako International Physics Centerreko zuzendaria da gaur egun.

Eneko Sagardoy: Goya saria irabazi du aurten Durangoko aktoreak Handia filmean egindako lanagatik. Horretaz gain, Errementari (2018), Cuando dejes de quererme (2018) edo Amaren eskuak  (2012) filmeetan hartu du parte. Antzerkian ere hamaika lan egindakoa da Sagardoy, eta Goenkaleko aktore izan zen 2012tik 2013ra bitartean.

Aretz Igiñiz: Aretz Igiñiz (Hendaia) lapurtar errugbilaria da, harroin moduan aritzen da Aviron Bayonnais taldean. 2015 urtean, Korrika Baionatik pasatzen zela eta, Euskal Herriko selekzioarekin partida jokatu zuen selekzio bretoiaren aurka.

 Alex Txikon: Lemoan (Bizkaia) jaio zen Alex Txikon, eta alpinista izateaz gain aizkolaria eta BASE jauzilaria ere bada. Bere azken igoera 2016ko neguan izan zen Nanga Parbat-era (8.126m), Kinshofer bidetik. Aurretik Lhotse, Sisha Pangma edo Gasherbrum mendiak ere igo ditu.

Zuriñe Gil: Gasteizko (Araba) Geu elkarteko eragilea. Gasteizko mintzalagun egitasmoaren ardura izan du Zuriñek azken urteotan eta gaur egun bertako Euskaraldiko batzorde eragilean ari da buru-belarri. Geu elkartea 1992 urtetik ari da Gasteizko euskaltzaleak trinkotu eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin lanean.

Arianne Unamuno: Soraluzeko (Gipuzkoa) Pil-pilean Euskaltzaleon Elkarteko koordinatzailea. Komunikabideak, haur eta gazte aisialdia, erabilera bultzatzeko egitasmoak eta kulturgintza lantzen dituzte elkartean. Ariannek ardura ezberdinak izan ditu elkartean lehenago ere. Kantaria ere bada zenbait musika proiektutan.

Mikel Arrasate: Atarrabiako (Nafarroa) Karrikaluze euskaldunen topaguneko zuzendaritzakide eta boluntarioa. 1998 urtean sortutakoa da Karrikaluze elkartea, eta sortzaileen taldekoa izan zen Mikel. Gaur egun Euskaltzaleen Topaguneko Zuzendaritza Batzordeko kide ere bada. Ogibidez okina da.

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu