Euskal egitasmoak

Euskaraldiarekin bat egin dute Euskararen Etxeko kideek

20181026_110633

Euskararen Etxeko kideok urriaren 26an goizeko 11:00etan Euskaraldiaren aldeko agerraldia egin dugu Agoitz plazan.  Honako erakunde eta elkarteetako kideak bildu gara bertan: Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Mendebalde Kultur Elkartea, Euskal Kulturgileen Kidegoa eta Azkue Fundazia.

 

Euskaraldiaren aldeko adierazpen bat irakurri dute ondoko ordezkariek: Koldo Tellitu (Euskal Herriko Ikastolen Elkartea), Iker Martinez de Lagos (Euskaltzaleen Topagunea), eta Eneko Barrutia (Mendebalde Kultura Alkartea) eta Iurdana Acasuso (Azkue Fundazioa). Agerraldian, Euskararen Etxearen fatxadan Euskaraldiaren irudia ageri den lona bat jarri dute aurtengo Euskaraldiko ariketa sozialak iraun bitartean jendartea parte hartzera gonbidatzeko.

Adierazpena:

Euskaraldiari babesa eskaini eta euskal hiztunen aktibazioan eragiteko gure konpromisoa agertu nahi dugu gaur hemen. Hizkuntza ohiturak aldatzeko grina adierazteko plazara atera gara Euskararen Etxean lan egiten dugun elkarte eta erakundeetako kideok. Gaur hemen batu garenok honako elkarte eta erakundeetakoak gara:  Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Mendebalde Kultur Elkartea, Euskal Kulturgileen Kidegoa eta Azkue Fundazioa.

Badakizuenez, dagoeneko martxan dago Euskaraldian izena emateko epea, eta euskara ulertu edo hitz egiteko gai denari dei egin nahi diogu Euskaraldian parte har dezan. Hamaika egunez ahobizi edo belarriprest izateko aukera izango dugu eta ariketa sozial honetara biltzeko deia egin gura diogu jendarteari.

Euskararen erabileran eragiteko gogoz eman dugu izena Euskaraldian. Gaur hemen bildu garenok argi daukagu hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamen ezinhobea eskaintzen digula “hamaika egun euskaraz” ariketa sozialak. Belarriprest zein ahobiziak behar dira horretarako eta oraindik hilabete daukagu izena ematen jarraitzeko

Guk hartu dugu gure konpromisoa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte belarriprest eta ahobizien etxea izango da Euskararen Etxea. internetez www.euskaraldia.eus atarian eman daiteke izena. Horrez gain, jakin, izena emateko aukera dagoela gurean ere, Euskararen Etxean. Honako ordutegian eman daiteke izena: astelehenetik ostegunera 9:00etatik 17:30era eta ostiraletan 9:00etatik 16:30era.

Egunerokotasunean euskaraz eta euskararen alde lanean ari garenok, Euskaraldiarekin bat egin dugu. Horregatik, eta hori adierazteko Euskararen Etxearen aurrealdean Euskaraldia iragartzen duen ikurra jarri nahi izan dugu.

Euskaraz ulertzeko gai garenak gero eta gehiago gara, baita euskaraz hitz egiteko gaitasuna dugunak ere. Beraz, hauxe da unea, ez dago aitzakiarik, eman izena eta Euskaraldian elkartuko gara!

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu