Euskal egitasmoak

Euskaraldia, hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea helburu duen egitasmoa

Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Euskaraldiak, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.

Azken bi urteetan hainbat herritan martxan izan diren dinamikak euskararen lurralde osora zabaldu nahi dituzte antolatzaileek. Hainbat instituzio eta gizarte eragilek elkarlanean aurkeztu dute euskal hiztunak aktibatzea helburu duen ekimena, gaur goizean Bilboko Arriaga Antzokian. Instituzio ezberdinetako ordezkariek, euskal eragileak eta eurekin batera, egitasmoaren sustatzaile izango diren erakundeetako kideak egon dira aurkezpenean.

Antolatzaileek azaldu duten modura, ekimena aurkezteko aukeratutako eguna ez da zorizkoa izan. Azaroaren 23a aukeratu dute, urtebete barru, egun horretan bertan abiatuko baita euskararen lurralde osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimen handia. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz, Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia.

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.

Gaur aurkeztutako ekimenak, baina, epe luzeagorako ibilbidea izango duela azaldu dute Euskaraldia aurkeztu duten eragileek.

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, tokian tokiko errealitateen aberastasunari erreparatu dio: “Nafarroan, egoera soziolinguistiko desberdinak ditugu, jakina denez. Hortaz, erabilerari bultzada emateko planteatzen ditugun egitasmoak egoera horiei egokitu behar zaizkie arrakastatsuak izateko. Euskararen aktibazioa, modu erakargarri eta positiboan eraginez.” Hain zuzen, Euskaltzaleen Topaguneko Arrate Illarok errealitate ezberdin horien markoan ariketa garrantzitsua azpimarratu du: “Euskaraldia urtebete lehenago aurkeztu dugu, elkarlanean martxan jartzeko eta herritarrei formazioa eskaintzeko denbora behar delako. Elkarlanean, euskararen sustapenean lanean ari garen entitateen, bestelako alorretan ari diren entitate euskaltzaleen, eta herritar euskaltzaleen artean gauzatuko dugu Euskaraldia”.

Hortaz, elkarlana funtsezkoa da Euskaraldiarentzat. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Elena Lakaren hitzetan, “azken urteotan hainbestetan aldarrikatu dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan ardaztu nahiko genuke. Herriz herri auzolanerako eta eragile arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke”. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskararen erabilera errazteko instituzioetatik lan egin behar dela nabarmendu du: “Erakundeetatik lan egin behar dugu erabilera erraztu dezaketen baldintzak sortzeko; izan ere, hainbat ingurune zailagoak dira oraindik ere euskara erabili ahal izateko. Proiektu hau eraginkorra izango da bide horretan”. Hein horretan, Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, aldeko pausoak berretsi ditu: “Euskaraldiaren pertsonaia nagusiak herritarrak izanen dira. Halere, euskararen erabilera handitzeko ardura partekatua da: bakotxarena eta molde guzietako entitateena. Alabaina, norbanakoen urratsek erakundeen geriza behar dute; euskarazko harremanak posible izan diten, baldintzak ezarri behar ditugu erakundeetarik. Bide horretan gure engaiamendua adierazi nahi dugu.”

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu