Euskal egitasmoak Euskara ingurune digitalean

Euskaraldia hamaika aldiz gehiago!

uema-11euskaraldia

Euskaraldiak ekarriko duen dinamikaz gain, Hamaika aldiz gehiago! proposamena adostu eta landu du UEMAk, udalerri euskaldunetako udalek eta herrietako batzordeek erabili dezaten.

Euskaraldia euskararen lurralde osorako pentsatuta dagoen ekimena da, baina udalerri euskaldunen errealitate soziolinguistikoak bere berezitasunak ditu. Hainbat udalerri euskaldunetan, hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena erabat beharrezkoa da, batez ere euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea nahi baino handiagoa den herrietan. Udalerririk euskaldunenetan, ordea, Euskaraldiaren ohiko dinamikaz gain, areago joateko beharra ere nabarmendu dute bateko eta besteko eragileek, batez ere euskararen erabilera altua den udalerrietan. Herri horietan, euskaraz aritzea erabat naturala eta ohikoa denez, Euskaraldia hizkuntza ohituren inguruan areago hausnartzeko baliagarria izan daiteke.

Horregatik, UEMAHamaika egun baino hamaika aldiz gehiago! proposamena osatu du, udalerri euskaldunetan osagarri gisara lantzeko, Euskaraldiaren ohiko dinamikarekin batera. Proposamen osagarriaren funtsa, hamaika egunetan hamaika alor lantzea da, bakoitzaren inguruan hamaika konturen inguruan hausnartzeko, hutsuneak ikusarazteko, jokaera eredugarriak nabarmentzeko, edota hamaika konpromiso hartzeko, maila pertsonalean zein kolektiboan.

Hamaika alor hoietako bat, bigarrena hain zuzen, “Internet, sareak, telefonoa,..” da. Alor honetan aztertuko dute zein den herriko elkarte, enpresa eta eragileen hizkuntza sare sozialetan eta webguneetan eta pixkanaka ingurune digitaleko hizkuntza ohiturak aldatzeko.

Interneteko edukiak zein hizkuntzatan kontsumitzen ditugun ere aztertzekoa da, edo herriko eragileek, elkarteek, enpresek eta abar webguneak zein hizkuntzatan dituzten ere. Herrian zenbat webgune daude erregistratuta? Horietako zenbat dira euskaraz? Zenbatek dute .eus domeinua? Sare sozialetan zein hizkuntzatan aritzen gara? Zein da hartzailea eta, beraz, zein hizkuntza hautatzen dugu?

Proposamenak hiru atal ditu: Ispiluari Begira, Eragin Buruari eta I+D ideak euskara sustatzeko.

Beraz, oraindik erdaraz aritzen garen esparruetako hizkuntza ohiturak aldatzeaz gain, hamaika aldiz areago joateko beharra daukagu, ingurune digitalean ere. Hamaika aldiz gehiago hausnartzeko.

Hona hemen Hamaika aldiz gehiago proposamena

Ispiluari begira eta eragin buruari hamaika aldiz gehiago izan gaitezen aurrerantzean ere!

 

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu