Euskal egitasmoak

Euskaltzaindiak 2018ko Euskaraldian parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei

Eusko Jaurlaritzako, Euskarabideako eta Euskaltzaleen Topaguneko kideek ‘Euskaraldia – 11 egun euskaraz’ ekimena aurkeztu dute Euskaltzaindiaren urteko azken osoko bilkuran. Bilkuran, Akademiak babesa eman dio Euskaraldiari.

2018a urte berezia izango dela iragarri du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Euskaldunen hizkuntza-ohiturak astindu nahi dituen Euskaraldia ekimenak bat egingo duelako Euskaltzaindiaren mendeurrenarekin eta euskara batuaren 50. urtemugarekin. “Akademia euskalgintzaren parte aktiboa izan da betidanik. Eta oraingoan ere beste horrenbeste egin nahi dugu, Euskaraldiarekin bat eginez, nola ez, bere helburu eta asmoekin”. “Beraz, horixe bera eskatuko diet jatorriz euskaldun direnei, aktiba daitezela berehala; baina, horrezaz gain, abegikor eta ulerkor porta daitezela euskararen mundura etengabe hurreratzen diren horiekin, euren burua euskalduntzeko asmotan baitatoz eta beraiek baitira euskararen etorkizuna”. “Beti euskararen alde eta mesedetan” jardun den Akademia aldatzen ari da Andres Urrutiak adierazi duenez. Aldaketa horiek jendartean ezagutarazteko baliatuko du mendeurrena.

Izan ere, bere hitzean, hainbat ekimen burutu ditu “gerora gizarteak berenagatu dituenak”. “Herriari adi-adi begira egon den erakundeak horretan jarraitzen du egun ere”. Eta horregatik egin du bat Euskaltzaindiak, oraingo honetan, euskal hiztunak aktibatzea helburu duen Euskaraldiarekin. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez euskararen erabilera sustatzeko Euskal Herri mailako erronkarekin.

Bestalde, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak “Euskaraldiak batu egingo gaitu 2018an eta 2019an zehar. Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatuko dugun garai bertsuan anbizio handiko proiektu hau izango dugu martxan euskararen lurralde osoan, hizkuntza-ohituretan eragiteko eta erabilerari bultzada bat emateko asmoz”.

Mikel Arregi, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendariak “Egitasmo garrantzitsua da, baita Nafarroan ere, non euskaldunen kopuruak gora egin duen azken urteotan. Baina orain euskaldun horiek aktibatzea falta da, euskaraz bizi daitezen”.

Eta bukatzeko Elena Laka, Topaguneko lehendakariak azaldu duenez: “Euskararen aldeko herri mugimenduak biltzen ditugu Topagunean, beraz, badakigu lankidetza zer den. Eta momentua da lankidetzan jarduteko, erakunde eta gizarte eragileok, guztiok batera, inertziak astindu eta hizkuntza ohiturak alda ditzagun, gure eguneroko harremana euskaraz izan dadin”.

Agerraldian, euskara batuaren aldeko hitzak ere luzatu ditu euskaltzainburuak, “batuak euskaldunon arteko komunikazioa bermatzen duelako Euskal Herrian zein kanpoan”. Batuarekiko mespretxua uxatzea beharrezkoa da bere aburuz, eta euskara batua eta euskalkiak “aldi berean” erabiltzeko proposamena egin du.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu