Euskaltweetron 2012an martxan jarri genuen ekimena izan zen. Urteak pasa dira, baina horren oihartzuna oraindik dirau eta gaurkoan kontatuko dizuguna, adibide. Ekimen parte hartzailea eta entzutetsua izan zen eta martxoan, Tabakalerako Hirikilabs programaren baitan, Euskaltweetronaren ingurukoak kontatu genituen. Ondo dago gogora ekartzea…
Gogoratzen duzu zer den Euskaltweetrona? Twitterren euskaraz botatako txioak arto bihurtzen dituen munduko makina bakarra da.
Ekimen hau 2012an sortu genuen, baina horren oihartzuna oraindik dirau! Martxoan Tabakalerako Hirikilabs programaren arduradunek egitasmo honen inguruko hitzaldia ematera gonbidatu gintuzten. Guk, noski, proposamena onartu eta, denborak ematen duen ikuspegi berritik abiatuta, gogora ekarri genuen.
Eta ondorio batetara heldu baita ere: ekimenak parte hartzaileak direnean, sormenez egiten direnean eta ondo jositako kontakizun baten balio erantsiaz jazten direnean, berdin dio hartzailea gaian aditua ez bada; azkenean helburua hori da, publiko orokorra sentiberaztea, emozionatzea, zirikatzea.
Horretan Euskaltweetronarekin asmatu genuen. Ez dugu berriro ekimen guztia hemen azalduko. Artikulu hau aitzakia da, Tabakalerako lagunek atzo bertan hitzaldiaren bideoa helarazi zigutelako eta zurekin partekatu nahi dugulako.
Hemen doa!
How to make_euskaltweetron_70 from Tabakalera on Vimeo.
Ekimenaren garrantziaz
Kontestuan jarrita, Euskaltweetron sortzearen arrazoi eta helburuak gaur egunera ekartzerik izango genuken baita ere:
- Lehenengoz Euskal Encounterrerako muntatu genuen. Egun haietan, euskarazko Twitter plataforma aurkeztear zegoen, itzultzearen azken epeari ekiten ari genion; eta zeintzuk eta erabiltzaileok, bolondres eta herritik jaiotako proposamenaz, ez Twitterrek berak bultzatuta. Guzti hori balioan jarri nahi genuen.
- Publiko orokor eta batez ere encounterreko parte hartzaileei guzti hori kontatu nahi genien, bertan egongo zirenekoen kopuru handi bat kanpotarra zela kontutan izanda. Euskara goraipatu eta azpimarratu nahi genuen.
- Ekimena istorio baten kontakizunaren inguruan ardaztu genuen. Ez bakarrik mezua bota edo datuak zabaldu, ez. Zerbait gehiago izan behar zuen. Osagaiak, sormena, emozioa, ikusgarritasuna, jakinmina, harridura, eromena…
- Dinamika parte hartzailea sortu nahi genuen. Ez bakarrik egitasmo bat kontatzea, baizik eta ikusleak ere ekimen horretan sartzeko zirikatzea eta bakoitzak ekarpena egiten zuela sentiaraztea.
Egitasmoak jakinmina eta interesa piztu zuen. Sortu nahi genuen zurrunbiloa eman zen; estatu mailako hedabideak ere ohartu ziren eta Euskaltweetron eta euskarazko Twitterren berri eman zuten.
Urte horretako bukaeran, Durangoko Azokarako makinaren bigarren bertsio bat eramatea erabaki genuen, publiko horretara eta baldintzetara moldatuta. Guztira, 600 kilo arto ano banatu genituen.
Baina ano kopuruak baino, egun hoietan sortu ziren Twitter kontu berriak, bota ziren txioak eta abar dira kontutan izaten ditugun adierazleak.
Egia da Durangoko Azoka baterako agian gehiegizko ekimena dela hau: azken finean, azokara joateko helburuak beste batzuk izaten dira eta horrelako aparteko beste proposamen batek distraitu egiten du. Konziente gara horretaz.
Baina aukera ezin galdu: euskaldun edo/eta euskalzaleak pilatzen dituen ekitaldia da Azoka eta hain juxtu guzti horiek dira euskarazko Twitter erabiltzaile potentzialak. Ezin galdu aukera.
Eta etorkizunera begira?
Pena merezi du hain herri txiki eta hain hartzaile kopuru murriztu bati zuzendutako horrelako ekintza erraldoia muntatzea?
Askotan gure buruei egiten dugun galdera da; noizbait hedabideren batek ere horrelakorik galdetu digu.
Euskaltweetron bezalako egitasmo batek osagai tekniko asko ditu eta arlo ezberdinetan eragina dauka: ikerketa handia egin behar da; zerotik hasi behar den sorkuntza prozesua da; gauzak asmatu behar dira bidean; berrikuntza suposatzen du…
Baina, pena merezi du? Noski baietz!
Gure ondorioa, ausartak izan behar garela eta horrelako ekimenak egiteko ahalegina egin. Etxe barruan “gure martzianadak” deitzen diegu. Hilabete askotako lana izaten da, esfortzu handia eskatzen du. Baina sortze prozesu horrek ere ilusio handia pizten du baita ere, sormenerako gogoa, berrikuntza eta baliabide berriak asmatzeko grina, emozioak pizteko nahia, zirikatzeko intentzioa…
Eta bueltan asko da datorrena. Horrelako ekimen bereziak gizarteratzen direnean jendeak erantzun egiten du.
Orduan sentitzen dugu helburua bete dela: harridura aurpegiak somatzen dituzunean; jakinminez dena azaltzea eskatzen dizutenean; haurrak irribarrez harritzen direnean eta aitita-amamak beraientzat ez dela erantzuten digutenean; gurasoak laguntza eske datozenean; gazteak gelditu eta berehala trasteatzen hasten direnean… Orduan, une horretan, arnasa hartu eta lasaitu egiten gara: aurretik pasatutako estutasun, ardura, nerbioak ahaztu eta guk ere gozatzeari ekiten diogu!