Aski ezaguna zaigu denoi Wikipedia. Zenbat lan egin ote ditugu entziklopedia aske eta kolaboratibo hau erabiliz? Bertako edukiak euskaraz izatea gustatzen zaigu, baina 286.780 artikulu horiek guztion esku izateko, jende askoren lana dago eta entziklopedia librea den aldetik, zuk ere egin dezakezu zure ekarpena!
Harrigarria badirudi ere nazioarteko 296 hizkuntzen artean 31. postuan dago euskarazko Wikipedia, artikulu kopuruari dagokionez, beraz, badirudi eduki aldetik ez dela hain pobrea.
Baina Wikipediaz aparte, beste erraminta eta aukera ugari ditugu Wikimediaren barruan, jakintza eta edukiak partekatzea ahalbideratzen digutenak; hala nola, Commos, Wikialbisteak, Wikidata edo OpenStreetMap. Jende askoren ahaleginarekin euskaraz erabili ditzakegu.
Proiektu hau martxan jarri, aurrera atera eta kudeatzeko Euskal Wikilarien Kultura Elkartea sortu zen joan den urtean. Euskal hizkuntza, kultura eta jabetza unibertsala ardatz izanik, giza ezagutza guztia euskaraz jartzeko asmoarekin ekin zioten proiektuari.
Oso garrantzitsua da ahalik eta artikulu gehien izatea euskaraz, baina horrez gain, jauzi kualitatiboa ere behar beharrezkotzat du Wikilarien elkarteak. Hori dela eta, bilera ugari egin dituzte erakunde eta instituzioekin, hitzarmenak sinatu dituzte proiektua aurrera eramateko eta wikilari egoiliarrak sartu dituzte kultura erakundeetan. Unibertsitateekin ere badabiltza lanean.
Euskara ardatzetako bat duen arren, ez da proiektu isolatu bat; Wikimedia Fundazioak Berlin, Edinburgo, Asturias eta Montrealen egindako mintegi eta konferentzietan hartu dute parte euskal elkartekoek, nazioarteko harremanei garrantzi handia emanez.
Hona hemen zenbait wikiproiektu ezberdin:
Wikiemakumeak
Emakume eta feminismoak inoiz baino indar gehiago duen garai honetan, Wikilariek ere beraien ekarpena egin dute sarean. Izan ere, munduko biztanleen erdia emakumea bada ere, Wikipediako artikuluen %15ak baino ez du izen femeninorik.
Irakurleen heren bat bakarrik da emakumezkoa eta editoreen artean ere askoz gehiago dira gizonak, %12,64 baitira emakumeak.
Datu hauei buelta eman eta parekidetasuna lortzeko bidean dabiltza Wikilariak, eta horretarako Wikiemakumeak proiektua sortu dute.
Honen bidez, honako helburu hauek bete nahi dituzte:
- Emakumeen biografia berriak sortzea euskaraz.
- Wikipedian beste hizkuntza batzuetan badauden emakumeen biografiak euskarara ekartzea.
- Emakumezko editore euskaldunen kopurua handitzea.
- Euskal Wikipedian genero-ikuspegia txertatzea.
- Historian zehar izandako emakumeen ekarpenak eta ezagutzak Euskal Wikipedian biltzea.
- Feminismo ezberdinen ekarpenak eta protagonistak formatu anitzeko tresnetan islatzea (irudiak, datuak, bideoak, audioak, aipuak…)
Herripedia
Ba al dago dauzkagun baliabideak hartu eta zukua ateratzea baino gauza hoberik? Asmo horrekin ekin zioten Euskal Wikilariek Iurretapedia eta Donostiapediari. Honen bidez, herriz herriko ezagutza sarean jarri nahi da. Herriko edo hiriko jatorrizko testuak igo eta transkibatzeko aukera ematen zaio edonori, bidaia gida askeak egin daitezke, irudi, audio eta bideoen biltegi komunala sortu nahi da, besteak beste.
Iurreta eta Donostiako proiektuaren arrakasta ikusirik, Sakanapedia jarri dute martxan. Udalerri asko daude bertan, eskualde bateratua da, izaera eta historia interesgarria duena. Euskararen aldetik ere aniztasun handia dute eta baita ondarea erakusteko harrotasuna ere. Komunala kontzeptua oso ongi ulertzen duen bailara da eta auzolanaren ideia ezagutzen duena. Ezaugarri horiek guztiak batzen dituenez, Euskal Wikilariei interegarria iruditu zitzaien eremu horretan lan egitea.
Bizkaian ere badago Herripedia egiteko asmoa…
Wikiliburutegiak
Wikimediaren inguruan jarduerak antolatzen dituen liburutegi oro dago wikiliburutegi barruan. Momentuz zortzi liburutegi badaude ere, poliki poliki geroz eta gehiago dira proiektu honen parte izateko prest daudenak.
Hauek dira Wikiliburutegien helburuak:
- Euskal idazleen lanan inguruko artikuluak sortu, osatu eta eguneratzea
- Haur eta gazte literaturako edukiak gehitzea
- Haur Literaturaren Dokumentazio Zentroaren bilduma ezagutzera eman eta alfabetazio digitala bultzatzea
- Wikipediaren erabilera ikasleen artean sustatu eta hauek eduki sortzaile bihurtzea
Haur Literaturaren Dokumentazio Zentroa, Donostia Kultura, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartea dira proiektu honen bultzatzaileak.
OpenStreetMap
5.000.000 erabiltzaile inguru dituen proiektu ireki, sozial eta erraldoia da. Mapa librea sortzean datza. Entziklopediak indartzeko behar diren elementuak biltzea du helburu. Horretarako, nahi duen edonork bere ekarpenak egin ditzake edozein tokitako mapetan aldaketak eginez, ahalik eta informazio zuzen, kalitatezko eta osatuena lortzeko.
Bertako mapak GPS gailu mugikor, orto-argazki eta bestelako doako iturrietatik ateratako informazio geografikoa erabiliz sortu dira, zein jendearen mapeatze ekimen handien bidez. Kartografia hau Open Data Commons Open Database License (ODbL) lizentzia irekiak babesten ditu egun, sortu diren irudi eta datu basean gordetzen diren datu bektorialei esker.
Ekarpenak boluntarioak dira, modu ireki eta partekatuan egindakoak. Lankidetza bultzatzen duen proiektua da eta doakoa izango den formatua. Ezaugarri hauek biltzen dituen proiektu berezi bat lortzeko asmotan sortu zen OSM, eta helburu horiekin jarraitzen da lanean. Bertan boluntarioek sortzen dituzten mapak oso erabiliak dira beste milaka zerbitzuetan, baita Wikipediaren barruan berriki sortutako mapa interaktiboetan ere. Mapak euskaraz izateak aukera ederrak irekitzen dizkigu euskal hiztunontzat.
OMS-ko parte hartzaileek inguruari buruzko ezagutza komunitatearekin partekatzen dute, bertan bizi direnei zein bisitan etorriko direnei informazioa eskainiz.
Wikidata
Hazkuntza handiena izan duen proiektua da, etorkizunera begira aplikazio gehien dituena. Datuak libreki biltzeko tresna da; hala nola jaiotegunak edo hizkuntzen arteko loturak batu daitezke bertan. Wikidatak Wikipedia automatikoki elikatzeko aukera ematen du.
Artikuluen ordez itemak erabiltzen dira aplikazio honetan eta item bakoitza modu inekibokoan definitu daitekeen elementu bakar bat da. Q letrarekin identifikatzen dira. Adibide batzuk jartzekotan, Euskal Herria Q47588 da, edo Ipar Euskal Herria Q98405. Bakoitzak bere propietate edo ezaugarriak ditu, P letrarekin adierazten direnak:
- Euskal Herria (Q47588) honako hau da (P31): Estaturik gabeko nazio (Q1151616) eta eskualde kultural (Q3502482)
- Ipar Euskal Herria (Q98405) honako hau da (P31): eskualde kultural (Q3502482)
Item bakoitzak (Q) hainbat ezaugarri (P) izan ditzake, barnebiltzen duen informazio guztia sailkatu ahal izateko. Milaka propietate daude eta egunero sotzen dira berriak.
Hezkuntza
Milaka lan egiten dira egunero euskal eskoletan. Zergatik ez bertan sortutako materiala Wikipedian bildu eta mundu guztiaren esku utzi?
Asmo horrekin sinatu dute hitzarmena Eusko Jaurlaritza eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak. Ikasleentzat baliagarriak izango diren 1.000 artikulu baino gehiago landu nahi dituzte euskarazko Wikipedian.
2019ra arte luzatuko da hitzarmena. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin gain, unibertsitateekin edota kultura eragileekin ere landuko da proiektua, Wikipedian kalitatezko edukiak sustatzeko asmoz.
15 gai edo esparru landuko dituzte:
- Matematikak (100 artikulu)
- Geografia eta Historia (300)
- Hizkuntzak (50)
- Ekonomia Ekintzailea (100)
- Plastika eta Ikus-entzunezkoak (150)
- Biologia eta Geologia (200)
- Kultura Zientifikoa (50)
- Emakumea eta Generoa (70)
- Kultura Klasikoa (100)
- Musika, Dantza eta Antzerkia (150)
- Fisika eta Kimika (150)
- IKTak (40)
- Literatura (50)
- Filosofia (50)
- Gorputz Hezkuntza (50)
Wikipedia elikatzeko ikasleen lanak erabiliko dira. Irakasleek zuzenketan egingo dituzte eta horrez gain, Wikilariek hobekuntza teknikoak egingo dituzte; laguntza espezializatua eskaintzen dizkie ikasle eta irakasleei. Hala, artikuluen kalitatea bermatuta dago.
[…] –http://www.azkuefundazioarenegunkaria.eus/euskal-wikipedia-elikatuz/ […]
[…] Euskal wikipediaren albistea […]