Euskara ingurune digitalean

Euskal sortzaileek zita bat dute WIKI-Photocallean

durangoko-egitaraua

Azkue Fundazioak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Durangoko Azokara gerturatzen diren sortzaile guztiei argazkia egiteko gonbidapena luzatu nahi die, bereziki horretarako prestatu den Photocallean. Argazki horiekin kulturgileen inguruko artikuluak hobetuko dira Wikipedian.

Kabi@ Gunearen ondoan egongo da kokatuta Photocalla, eta bertan egiten diren argazkiak zuzenean igoko dira Wikimedia Commonsera, mundu osoko Wikipediaren inguruko proiektuei erabiltzeko aukera emanez, 300 hizkuntzatan, libre.

Beraz, idazle, musikari zein sortzaile oro animatu nahi dugu euskal kulturgintza bultzatzea helburu duen ekimen xume honetan parte hartzera.

Bestalde, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) abenduaren 8an Wikipedia Eguna antolatu du Kabi@ gunean.

Egun osoko egitaraua izango da, hiru zati nagusitan banatuta. Goizean, Idazlezainak ekimena aurkeztuko dute, eta egun osoan zehar bertan egongo den erakusketa ere ezagutzeko aukera izango da. Ondoren, goiz osoan zehar, Wikilari izaten ikasteko aukera izango du gerturatzen den edonork. Wikipedian, Wikisource, Vikidia edo bestelako proiektuetan nola aritu ikasi, galderak egin eta erantzunak jasotzeko aukera egongo da, bakoitzaren erritmoan. Aukera paregabea izango da egiten ditugun proiektuak ezagutzeko.

Arratsaldean Wikipedia eta Hezkuntza izeneko hitzaldia eskainiko dute EWKEko ordezkariak. Hitzaldi honetan egiten ari diren hezkuntza proiektua ezagutzeko aukera egongo da, baita ekarpenak egin edo proiektuak abiatzeko laguntza eskatzekoa ere. Hitzaldia bukatuta, beste bi orduz Wikilari izaten ikasteko aukera izango du gerturatzen den edonork.

Egunari amaiera emateko Durangoko Azokan izango diren sortzaile eta kulturgile ezberdinen argazkiekin jolasteko aukera egongo da. Artikuluetan sartu, Wikidata hobetu… euskal kulturaren aldeko multimedia ariketa batzuk antolatu dituzte EWKEko kideek.

Bestalde, Azkue Fundazioak, bi egitasmoen berri emango du. Alde batetik, euskal blogarientzat eta blogen irakurleentzat erreferentzia gune den blogetan.eus en errepasoa egingo du eta bestetik, sarea.eus euskarazko baliabide digitalen biltegi berria aurkeztuko du,  Teknologia eta eduki libreen gunean, Kabi@n, abenduaren 9an, goizeko 11:00etan.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu