Teknologia egitasmoak

Euskal Encounter azkarrena izango da aurtengoa, segundoko 60 gigabiteko Internet-konexio abiadurarekin

Doakoa eta publikoari irekia den Opengune eremuak inoiz baino jarduera gehiago eskainiko ditu aurten, eta 15.000 metro koadro dituen BECeko hirugarren pabilioian ezarriko da. Gune berrian dozenaka hitzaldi eta tailer burutuko dira, eta jokoen, hardwarearen eta droneen eremua kokatuko da bertan, baita pasa den maiatzean martxan jarri zen Gamegune 18 bideo-joko txapelketaren final handia jokatu ere

 

Uztailaren 26tik 29ra Bilbao Exhibition Centre-n burutuko den informatika gaietako profesionalen eta zaleen euskal topaketak 5.024 ordenagailu-postu eskaini eta milaka bisitari jasoko ditu. Segundoko 60 gigabiteko Internet-konexio abiadurarekin,  iazkoa baino 20 gigabit bizkorragoa, inoiz baino Euskal Encounter azkarragoa izango da aurtengoa.

Estatuko party zaharrena eta handiena izateaz gain, historiako eta munduko ekimen bizkorrenen artean kokatuko da aurten. Horrez gain, doakoa eta publikoari irekia den Opengune eremuak inoiz baino jarduera gehiago eskainiko ditu eta 15.000 metro koadro dituen BECeko hirugarren pabilioian ezarriko da.

Modu horretan, Euskal Encounterrera gerturatzen diren milaka bisitariek inoiz baino ekimen gehiagotan parte hartu ahal izango dute: dozenaka hitzaldi eta tailer; prestakuntzarako, txapelketetan esku hartzeko zein lasterketetan aritzeko jokoen, hardware arloko ekintzen eta droneen guneak; robotikan hastapenak egiteko, errealitate birtualeko joko ikusgarriekin jokatzeko zein 3D inprimagailuen gunean diseinuak inprimatzeko aukera ere izango dute bertaratuek, baita atsedenerako eta aisialdirako zonetan egoteko zein standetan informatika produktuak erosteko parada ere. Gainera, hau guztia gutxi izango balitz, pasa den maiatzean martxan jarri zen eta diru-saritan 16.000 euro banatuko dituen Gamegune 18 bideo-joko txapelketaren final handia ikusteko aukera izango dute bisitariek.

Openguneak doakoak eta irekiak izango diren hitzaldi erakargarri ugari eskainiko ditu, gai anitzen inguruan. Hizketaldi nabarmenen artean, zibersegurtasunari eskainitakoak egongo dira. Izan ere, Euskal Encounterren aurtengo leloari helduz, ‘Security Awareness’ edo ‘Segurtasunari buruz kontzientziatzen’, arriskuaren prebentzioak garrantzia berezia izango du hainbat aurkezpenetan: Gaptain enpresak irakasleei, ikasleei zein enpresei zuzendutako hitzaldian, teknologia berriak arriskurik gabe nola erabili azalduko du. Bestalde, industria-enpresetan teknologia babesteko jarraibideak nola ezarri ere aztergai izango da, eta sare sozialetan arrisku egoeretan iristen zaigun informazioa egiaztatzearen garrantzia azpimarratzen duen lantzen duen hitzaldia ere izango da.

Era berean, Opengunera gerturatzen direnek Estatu Españoleko youtuber famatuenen artean dauden Rodrigo Septién, Alvaro Pascual, José Luis Crespo eta Xuri Fenton ikusteko aukera izango dute. Milioika jarraitzaile eta ikusle dituzten youtuberrek publikoari irekiak izango diren doako hitzaldiak eskainiko dituzte zientziaren eta artearen dibulgazioaren inguruan. Gainera, mahai-inguruan bilduko dira ikus-entzunezko plataforma berrien edukiei buruzko gogoeta egiteko.

Ezinbesteko hitzorduen artean, mundu osoan ezaguna den Sophie Labelle artista eta aktibista transexualari ongietorria egingo dio partyak ostiralean. ‘Assigned Male’ web-komikiaren egileak unibertsitateetan, ikastetxeetan eta haurtzaindegietan erabiltzen diren eleberriak eta haurrentzako ipuinak ere idatzi ditu, eta Euskal Encounterren emango duen hitzaldian, transexualitateak Interneten duen ikusgaitasunaren garrantziaz arituko da.

Gizarte-sentsibilizazioaren ildo berean, Alexander Rodríguez hezitzaile eta orientatzaileak ikastetxeetan homofobia gainditzeko helburua duen ‘De Fobos y Deimos’ bideo-jokoaren inguruko tailerra emango du. Hizlariak LGTBI pertsonaiak nola sortu eta pertsonaia horiek jokoetan naturaltasunez nola txertatu azalduko du.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu