Blogintza

Euskal blogintzari buruzko inkesta. Lagunduko gaituzu datuak lortzen?

Blogetan! Euskal blogariak lehian txapelketa martxan jarri dugula eta, duela nahikotxo buruan darabilgun kezka eta jakin-mina piztu zaigu berriro. Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek?
Horrelako eta beste galdera asko sortu zaizkigu; eta ez dugu erantzunik aurkitu. Ez dago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik.
Horregatik inkesta publiko bat egitea pentsatu dugu. Lagunduko diguzu eta beteko duzu?

SareSozialetan

Euskal blogintza aztertzen duen azterketarik ez dago. Ez dakigu zenbat blog dauden euskaraz, nolakoak diren, zein gai lantzen diren, zeintzuk diren euskaldunontzat erreferentziazko blogariak. Are gehiago, ez daukagu ezta identifikatuta blog plataforma bakoitzean dauden blogetatik zeintzuk dauden euskaraz eginda.

Baditugu blogak euskaraz sortzeko sare edo plataformak. Baditugu blogetan jasotzen ditugun edukiak zabaltzeko aparteko baliabiderik. Baina ez daukagu blogintzaren inguruko ikuspegi orokorrik eta egoera islatzen duen ikerketarik. 2007an Joxe Aranzabalek orduko egoeraren isla egin zuen bere blogean. Harrez geroztik, ez da berriro egin.

Inkesta egitearen arrazoia

Hau guztia dela eta, egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria izango dela uste dugu:

  • Zenbat blog dauden euskaraz identifikatu ahal izateko.
  • Zein gai eta arloak lantzen diren eta zeintzuk ez ezagutzeko.
  • Zein tresna, baliabide, plataformekin eta abar garatuta dauden.
  • Euskal blogariek nola kudeatzen dituzten blogak jakiteko.
  • Euskaldunok, blogen irakurle moduan, zeri ematen diogun garrantzia ezagutzeko.
  • Gure beharrak asetuta dauden jakiteko.
  • Blog gehiago euskaraz idazteko beharrezkotzat zer jotzen dugun ezagutzeko.
  • Zein eta zenbat hizkuntzatan kontsumitzen ditugun blogak.

Zer lortu nahi dugu?

Ahalik eta erantzun gehien izatea lortu nahi dugu. Zergatik? Horrela ikuspegi erreal eta zabala lortuko dugulako eta informazioa benetan baliagarria bilakatuko delako.

Gero eta inkesta kopuru gehien lortu, emaitza aberatsa eta osatuagoa izango da. Eta egoera errealaren isla izango da.

inkesta

Ezagutza berezia behar da inkesta betetzeko?

Ez, edozeinek bete dezake; edozein blogari edo blogen kontsumitzaile, nahiz eta blogarik ez izan. Sarean ibiltzen den edozein euskaldun. Ikuspegi bietatik landu dugu galdetegia eta azterketa bikoitza egin nahi dugu: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, kontsumitzaileok ere zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.

 

Zer egingo dugu emaitzekin?

Emaitzak eta hauetatik aterako ditugun ondorioak publikoki zabaldu, partekatu eta aurkeztuko ditugu. Gizartearen eskutan jarriko ditugu eta, batez ere, erakunde, eragile, garatzaile eta sortzaileen esku.

Horrela, behar edo nahi dituenak eskuratzeko aukera izango du eta egokien ikusten duen moduan erabilera eman.

 

Noiz eta zelan aurkeztuko ditugu?

Aurkezpen hau Blogetan! Euskal blogariak lehian sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo dugu. Egun horretan euskal blogintzaren inguruko jardunaldia ospatuko dugu eta, egitarau horren barruan, datu eta ondorioak adierazi eta elkarrekin balioztatzeko aukera izango dugu.

Jardunaldiaren gaia eta egitarauan lanean gabiltza eta datozen astetan aditzera emango dugu. Baina bitartean, hitzordua apuntatu: martxoaren 30ean, arratsaldez, Euskararen Etxean.

 

Inkesta erantzun nahi duzu?

Bete nahi baduzu, hemendik zuzenean bete edo bertan sakatuz Google-eko inprimakira eramango zaitu.

euskarazko blogintzaren inguruko inkesta

Aldez aurretik mila esker zure parte hartzeagatik!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkin bat

Iruzkina idatzi nahi baduzu