Gurekin parte hartu nahi?

Euskal blogarien 2. topaketa jardunaldiaren egitaraua prest

Martxoaren 30ean Euskal blogarien topaketaren 2. edizioa ospatuko dugu. Lehenengoa 2014an egin genuen eta euskarazko blogen aniztasuna azpimarratu genuen horretan. Aurten, blogintzaren arlo batzuk sakonago jorratu nahi ditugu eta bereziki euskarazko blogintzaren egoera aztertu. Egitaraua osatu dugu eta ikuspegi ezberdinak landuko ditugu. Parte hartu nahi duzu? Izen ematea zabalik dago.

 

blogetan

2014an Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren lehenengo edizioa burutu genuen, Argia laguntzaile izan genuela. Honi bukaera emateko eta lehiaketaren sari banaketarekin biribiltzeko, Euskal blogarien topaketa ospatu genuen. Jardunaldi horrek askorako eman zuen eta euskarazko blogen aniztasuna azpimarratu genuen.

Aurten, lehiaketaren bigarren edizioa jarri genuen martxan urtarrilean eta datorren astelehenean bertan jakingo dugu lau kategoriatako bakoitzean zeintzuk diren hiru blog finalistak. Bihar bertan bukatzen da bozkatzeko epea. Publikoak bere iritzia emateko aukera izan du, gaur bukatzen baita bozkatzeko epea, eta epaimahaiak ere balorazioa egin du. Bien artean blog finalistak aukeratuko dituzte.

Erabaki horren emaitza astelehenean jakingo dugu. Ondoren, epaimahaiaren ardura pean geratuko da azken erabakia eta kategoria bakoitzeko hiru finalisten artean, blog irabazlea aukeratu beharko du. Argiak ere blogari berria sariaren irabazlea aukeratuko du.

 

Euskal blogarien bigarren topaketa

Martxoaren 30ean, Euskal blogarien topaketaren bigarren edizioaren baitan, lehiaketaren aurtengo irabazleak ezagutuko ditugu eta sariak banatuko ditugu. Topaketa hau jardunaldi batekin biribilduko dugu. Jardunaldiaren helburua da euskal blogintzaren egoeraren inguruan sakontzea, joerak eta etorkizuneko erronkak zeintzuk diren aztertzea eta parte hartzaile guztion artean hausnarketa zabaltzea.

Osatu dugun egitarauak blogintzaren alor ezberdinak jorratuko ditu. Horrela, ikuspegi legala, garapena eta sustapenarena landuko ditugu. Esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu eta formatu ezberdinen bidez gaiak lantzeko aukera izango dugu, parte hartze korala bideratuz: bi hitzaldi eta bi mahai-inguru izango dira.

Leire Palaciosek egingo ditu aurkezpenak eta mahai-inguru bakoitzean moderatzaile batek elkarrizketa eta galderak bideratuko ditu.

Euskararen Etxearen areto berria

Euskal blogarien topaketa, 2014

Egitaraua

15:30   Ongi etorria eta agurra

15:40   Hitzaldia: “Tendencias en contenidos digitales: lo que nos matará o lo que nos hará más fuertes”. Antonio Ortiz (WeblogsSL)

16:10   Hitzaldia: “Blog bat edukitzerakoan kontuan izan behar diren gako juridikoak”. Ion Turrillas (Biantik)

16:30   Blogintzaren inguruko inkestaren datuen aurkezpena

16:45   Mahai-ingurua: garapena, posizionamendua eta baliabideak

17:35   Mahai-ingurua: sustapena, publizitatea eta monetizazioa

18:25   Blogetan! Lehiaketaren sari-banaketa

18:45   Pikoteo-solasaldia

Hizlari eta parte hartzaileak

Antonio Ortiz (Weblogs SL)

Antonio Ortiz WeblogsSL enpresaren sortzailea eta egun estrategia zuzendaria da. Blogaria da bera ere eta bere burua letren informatikotzat definitzen du.

Weblogs gaztelaniaz edukiak sortzen dituen hedabide espezializaturik handiena da. Gai espezializatuen inguruan erabiltzaile komunitateak sortzen dituzte. Lau arlotan egiten dute lan nagusiki: teknologia, bizi estiloa, motorra, aisia eta ekonomia.

Egun, 40 blog baino gehiago kudeatzen dituzte, eta horien artean Xataka, Genbeta, Applesfera, Trendencias, Directo al Paladar, Bebés y más, Vitónica edo Motorpasión gunetako sortzaileak izan dira. Estatu espainolean eta Hego Ameriketan oinarrituta dago euren presentzia eta hilero 55 milioi erabiltzailetik gora dituzte.

Euren negozioa markak eta berezko audientziak lotzean datza. Weblogs SL munduko interneteko komunikazio talde nagusienen 600en artean dago eta estatu espainoleko 10 nagusienen artean kokatuta dago. Mota askotariko eduki eta formatuak lantzen dituzte: elkarrizketak, gidak, probak, trikimailuak, aholkuak. Eta hauek guztiak testu, argazki zein ikus-entzunezko edukien bitartez.

Euren bezeroen artean, egun, Coca Cola, Philips, ING Direct, El Corte Inglés, BBVA, Sanitas, Sage, Lenovo eta Orange daude, beste batzuren artean.

Ion Turrilas (Biantik)

Biantik enpresak teknologia aholkularitzako gertuko zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu: informazio segurtasun arloan formazioa eta software garatzaileak dira.

Ion Turrillas izango dugu gurekin, teknologiaren zuzenbidean espezializatua eta bere hitzaldian blogen inguruko segurtasun eta legedi aldetik kontuan izan behar diren berezitasunei buruz arituko da.

Blogintzaren inguruko inkestaren datuen aurkezpena

Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketarekin batera, euskarazko blogintzari buruzko inkesta publikoa sortu genuen.

Inkesta sortzearen ideia eta helburua egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatzea izan zen.

Otsaila eta martxoaren hasieran izan dugu zabalik erantzuna emateko aukera.

Inkestaren bitartez honako galderei erantzuna ematen saiatu gara: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Hauek eta beste asko.
Tarte honetan inkesta horrek jaso dituen emaitzen azalpena egingo dugu.

Mahai-ingurua: garapena, posizionamendua eta baliabideak

Burutuko ditugun bi mahai-inguruetan blogen egoera eta garapenen inguruko azterketa sakona egingo dugu, arlo ezberdinetan aritzen diren ahots desberdinei parte hartzeko aukera emanez. Bietan arlo hauetan Euskal Herrian profesionalak diren kideek hartuko dute parte eta moderatzaile bat izango dugu, gaia kokatu, hitza eman, galderak proposatu eta elkarrizketa bideratzeko. Moderatzaileek mahai-inguruaren tartea bukatzerakoan, ideia nagusiak laburbilduko dizkigute.

Lehenengo mahai-inguru honetan garapena izango da ardatza. Kasu honetan blogen garapenarekin erlazionatutako gaiak landuko ditugu: posizionamendua bilatzaileetan, plugin eta beste baliabideen garapena, euskaraz sortuta dauden baliabideak eta behar ditugunak, eta abar. Arlo honetan dauden zailtasunak, berezitasunak, beharrak eta egin beharrekoak aztertuko ditugu.

Estitxu Garai izango dugu moderatzaile tarte honetan. Estitxu EHUko publizitateko irakaslea da. Berak aurkeztuko dizkigu parte hartzaileak.

Mahai-ingurua: sustapena, publizitatea eta monetizazioa

Bigarren mahai-inguruan beste arlo bati helduko diogu: sustapen arloari. Honetan, blogen mometizazioari buruz arituko gara, publizitatea lortzeko aukeraz, euskarazko blogen kasuan publizitatea nola gauzatzen da aztertuko dugu. Eta, orokorrean, blog baten sustapena egiteko egin beharreko ekintzetaz.

Mahai-inguru honetako moderatzailea Ana Malagon izango da. Anak, blogaria izateaz gain, bere idazlanak ere plazaratzen ditu sarean eta publizitate eta marketin alorrean lan egiten du. Publizitate-agentzietan lanean eskarmentua lortu eta duela ia hamar urte dira bere agentzia propioa zabaldu zuela, La Personalité izen pean.

Aldibereko itzulpen zerbitzua izango dugu lehenengo hitzaldirako

Antonio Ortiz-ek eskainiko duen hitzaldirako gaztelaniatik euskarara aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dugu. Interpretea bertan izango dugu gurekin eta itzulpenaren kudeaketa Interprest makinarekin egingo dugu.

Interprest sistema, interpretazio-zerbitzuak eskaintzeko plataforma teknologikoa da, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, bultzatu eta Talaios Kooperatiba eta Biantik Kooperatibaren artean garatutakoa. Kostu txikikoa eta eramangarria, ekitaldi mota ezberdinetara egokitzen dena.

Haririk gabeko teknologia baliatuz, mugikorretan oinarritutako komunikazio-sistema erabiltzen du. Interpretearen mugikorrak mikrofono txiki baten bidez audioa bidali eta entzuleak bere mugikorrean jasotzen du.

Proiektuak teknologia irekien aldeko apustua egiten du hasieratik, komunitatearen esku jarriz garapen guztia.

Interpreteen audioaz gain, entzuleak testu eta irudi jarioa ere jaso dezake bere mugikorrean, ekitaldiari buruzko informazio gehigarri gisa. Irisgarritasun beharrei erantzuteko pentsatua dago funtzio hau, baita entzuleari ekitaldian gertatzen denaren ideia orokorra testu eta irudi bidez iristarazteko ere.

Jardunaldian, erabiltzaile kopuru mugatu batekin probatzeko aukera eskainiko diegu sortzaileei.

 

Izena emateko

Doako ekintza bada ere, espazio mugatua da eta horregatik aurretiazko izen ematea eskatzen dugu. Inprimaki bat besterik betetzea ez duzu behar.

Jardunaldi honetan entzule bezala parte hartu nahi baduzu, hemen sakatu.

 

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu