Python kode irekiko programazio lengoaiari buruzko topaketa, Bilboko Euskalduna Jauregian uztailaren 17tik 24ra burutuko da. Beste askoren artean, Google, Intel, Amazon, Microsoft edota Red Hat enpresetako ordezkariak izango dira.
Bigarren urtez jarraian Bilbon egingo da EuroPython kongresua, hitzaldi espezializatuz, tailerrez, mahai-inguruz eta aurkezpen praktikoz osatutako egitaraua eskainiko dute nazioarteko aditu ezberdinen. Iaz Bilbon, 1200 aditu bildu ziren eta aurton antolatzaileak 1.500 parte-hartzaile inguru erakartzea espero dute, horietatik %90 nazioartetik etorriak.
Python kode irekiko programazio lengoaia bat da, sinplea eta malgua, plataforma anitzekoa, eta sistema operatibo desberdinekin (Windows, iOS eta Linux) erabil daitekeena. Startup eta ETEek erabiltzen dute, baina baita ere enpresa handiek, hala nola, Google, Facebook, Yahoo, NASA, Disney, Ubuntu eta Red Hat erraldoiek.
Topaketan halaber parte hartuko dute multinazionaletako ordezkariek, hala nola, Google, Intel, Amazon, Microsoft edo Red Hat enpresetakoek. Bestalde, iazko jardunaldietan Guido van Rossum, Python lenguaiaren sortzailea, Django Girlseko fundatzailea, Ola Sitarska, Ola Sendecka, Carrie Anne Philbin, izan ziren nazioarteko ordezkarien artean. Bestalde, Euskal Herriko open source komunitatearen parte hartzaileen artean, Codesintax eta Bilboko Irontec egon ziren.
Topaketako egitarau zabalak sei keynote nagusi izango ditu, zeintzuetan esparru desberdinetako adituek hizpide izango baitute Python lengoaiak sektore anitzetan duen potentziala. Nicholas Tollervey-k erakutsiko du nola erabiltzen den MicroPython haurrentzako micro: bit dispositibo programagarrian; Jameson Rollins-ek azalduko du nola erabili den programazio lengoaia hori grabitate-uhinak existitzen direla frogatzeko; eta Naomi Ceder Python lengoaiaren inguruan sortu den komunitateaz mintzatuko da.
Zenbait hitzaldik hizpide izango dute nola erabiltzen den lengoaia hori Disney etxearen animaziozko pelikuletan, eta datuen zientziaren sektore gorakorrean. Guztira, 200 aurkezpen, hitzaldi eta ikastaro inguru egingo dira EuroPython kongresuan, 180 hizlariren eskutik.
Hona hemen aurtongo edizioaren egitaraua