Aholku teknologikoak

Europako copyright lege-aldaketa: Wikipedia arriskuan

13-article-13-infographic-1

Europar Batasuna “Merkatu digital bateraturako egile eskubideen direktiba” berria prestatzen ari da, Internet eta ezagutza librea arriskuan jar ditzakeen direktiba berria. Proposamena ekainaren 20 eta 21ean bozkatuko da JURI batzordean, eta uztaila eta iraila artean Europako Parlamentuan. Lege honek dituen hainbat neurrik sarearen neutraltasuna arriskuan jarriko du, hala nola adierazpen askatasuna, sareko elkarlana eta dibertsitatea. Europarlamentarioei eskatzen diegu besteak beste Wikipedia arriskuan jartzen duen lege honen aurka bozkatzea.

 

Copyrighta oso serio hartzen dugu Wikilariok. Gure kulturaren parte da, gure eguneroko kezka. Wikipediak dituen bost euskarrietako bat da: igotzen dugun edukiak libre izan behar du. Wikimedia Commonsen ditugun 47.000.000 fitxategiak libre direla ziurtatzen dugu; egunero proiektu guztietan egiten diren ehunka mila edizioak libre izatea gure helburua da. Hain gara zorrotzak, ezen iaz Wikimedia Fundazioak 12 salaketa baino ez zituela jaso copyright bortxaketa dela eta. Horietatik lauk baino ez zuten arrazoirik. 4 edizio, urtero dauden milioi aldaketa eta irudi igoeren area.

Interneten egile eskubideen inguruko eztabaida luzean hainbat erregulazio sartzeko helburua duen direktiba da honakoa. Zehazki 11. eta 13. artikuluek arrisku larrian jartzen dute elkarlanean oinarritutako proiektu libre hau. Wikipedia, ezagunena den proiektua, eta Wikimediaren familia diren beste proiektu batzuk ere arrisku larrian daude.

Eta egoera honen aurrean zer egin dezakegu? 

Europako Parlamentarioekin kontaktatzeko aukera dugu, lege honek dituen arriskuak azaldu eta aurkako botoa eskatuz. Sarean ere#SaveYourInternet edo #ChangeCopyright traolak ari gara erabiltzen. Nahi izanez gero, txio hau ere zabal dezakezu.

Hona hemen 11. eta 13. artikuluei buruzko informazio gehiago:

11. artikulua: zer da eta zergatik gauden aurka

Labur azalduta, 11. artikulua Espainiako Google Newsen aurka egindako neurriaren hedapen bat izango litzateke: albisteak zitatzeko eskubidearen gainetik jartzen da prentsak dirua jasotzea aipamen hori egitearen truke. Sistema horrek porrot egin zuen, eta gaur egun Txinak baino ez du erabiltzen. 11. artikuluak proposatzen duena da prentsako erreferentzia bat egiteko garaian argitaratzaileak dirua jasotzea (oinarrizko eskubide gisa) edozein albiste agregadoreren partetik. Hiperloturak eratzea Interneten oinarrietako bat da. Testu honetan ikusi dituzu. Hau hiperlotura zer den azaltzen duen hiperlotura bat da. 11. artikuluak hiperloturak arriskuan jartzen ditu, zitatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna bera murriztuz.

Debekatuta egongo al da hiperloturak egitea? Ez, noski. Baina hiperlotura horien edukia zein den azaltzen duten webguneek eduki hori eskaintzeagatik ordaindu beharko lukete.

Wikipediako edukia fidagarriagoa izateko milaka lotura egiten ditugu jatorrizko webguneetara. Wikipedia ez da lehen mailako iturria, baizik eta iturrien bilaketa, antolaketa eta edizioa egiten duen Entziklopedia bat. Ikusiko zenituen artikuluetan [1] gisa aurkezten diren erreferentzia horiek. Bakoitza kanpo lotura bat izaten da, askotan bertan aurkituko den edukiaren zita batekin. Lotura horiek irakurleari aukera ematen diote gaian sakontzeko, jatorrizko iturriek zer dioten kontrastatzeko, eztabaidak jarraitu eta dagoen informazioaren jatorria ziurtatzeko. Herritar libreak sortzeko ezinbestekoa den informazio askatasuna bermatzen dute, finean.

11. artikuluari Axel Vossek egindako emendakin batek gehiago mugatuko luke, oraindik, zita eskubide hau. Eskubide besterenezin gisa definitzerakoan, Creative Commons lizentziapean uzten diren edukiak ere tasatu beharko lirateke, inork ezin diolako uko egin “kobratzeko eskubideari”. Julia Redaren artikulu honetan gaiaren inguruko zehaztasun gehiago daude.

13. artikulua: zer da eta zergatik gauden aurka

Antzeko sistema bat du YouTubek, bideo bat igotzerakoan copyrighta urratu den aztertzen duen ContentID sistemarekin. 60 milioi dolar balio duen softwarea, legitimoak diren eduki ugari ere markatzen dituena. Copyrightaren babesaren izenean, jada sistema hau garatuta duten enpresa handiek abantaila izango dute Europako enpresentzat zein irabazi asmorik gabeko zerbitzuentzat.13. artikuluak partekatze zerbitzua eskaintzen duten webguneak hasierako iragazpen automatikoa egitera derrigortu nahi ditu. Basikoki: erabiltzaileen parte-hartzea baimentzen duen edozein zerbitzuk igotako fitxategi, testu, audio, irudi, bideo edo kode copyrighta duten materialen datu-base batekin parekatu beharko du eta, copyright bortxaketa egon daitekeela pentsatuz gero, eduki hori blokeatu.

Hasierako iragazpen honek arrisku larrian jartzen du Wikipedia (baita memeak ere, bide batez). Lehenengo eta behin testua zein baldintza eta testuingurutan igo den ezin duelako algoritmo batek zehaztu. Algoritmo horiek positibo faltsu ugari dituzte, eta honek adierazpen askatasuna mugatzen du. Hain da handia arazo hau, ezen plataforma bat dagoen positibo faltsuak aztertzeko. 13. artikulua onartuz gero, Wikipediak sistema bat ezarri beharko luke erabiltzaile guztiek igotzen dituzten testu eta irudi guztiak automatikoki aztertzeko, argitaratu aurretik. Adierazpen askatasunaren aurkako neurria izateaz gain, jada efektiboa den kolaborazio-sistema baten aurka joatea da ere.

Algoritmo hauen garapenaren arriskua ez dago bakarrik Wikipedian eta copyrightean. Edozein testu aztertzeko aitzakiarekin, oinarrizko eskubideak ere urratzen dira. Edukien iragazpen automatiko hori beste helburu politiko batzuekin ere erabil daiteke, adibidez gogokoak ez diren edukiak saretik kentzeko. Electronics Frontier Foundationen artikulu honek azalpen gehiago ditu. Baita Wikimedia Fundazioaren beste honek ere. Interneteko historiako 70 pertsonalitatek gutun bat sinatu dute neurri honen aurka.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu